Turno

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Turno, mitologia grekoerromatarrean, Dauno eta Venilla lamiaren semea eta Juturna lamiaren neba zen. Lazioko herri bat zen rutulotarren erregea zen. Virgilioren Eneidan, bigarren antagonista nagusia da, Juno jainkosaren ondoren. Bere leinu altua zela eta Latino erregearen alaba zen Laviniarekin ezkon hitza emanda zegoen, baina ezin izan zen honekin ezkondu, orakulu batek, Latinori, printzesa, latindarren izenean inperio handi bat sortuko zuen itsasotik heldutako gizon batekin ezkondu beharko zela esan baitzion. Itsasotik heldutako gizon hori, Eneas zen.

Hisituta eta Juno jainkosa eta Alekto Furiaren eraginpean, Turnok, Eneasi gerra adierazi zion. Turnok, Latinoren laguntza ere lortzea espero zuen, baina honek uko egin zion, eta, horregatik, etruriarren errege zen Mezentzioren aliantza bilatu zuen, honek, gorantz eta gorantz zihoan Latindar ligaren boterea batere ongi ikusten ez zuelarik. Troiarrek eta rutulotarrek, denbora askoz borrokatu zuten, bakoitzak euren aliatuekin, eta jainkoek ere parte hartuz.

Gerran zehar, Turnok, Palante hil zuen, Eneasen laguna. Azkenik, Eneasek Turno garaitu zuen, iztarrean zaurituz. Turnok, bere aitaren aurrera itzultzea eskatzen du, Eneasek ia onartzen duena, baina, orduan, bere etsaiak daramatzan armak ikusten ditu, bere lagun Palanterenak direnak, eta hau Turnoren esku nola hil zen gogoratuz, Eneasek iritziz aldatu eta rutulotarra hiltzea erabakitzen du, halaxe gertatu zen bezala, "eta Turnoren arima, duingabe, ilunpeen lurraldera erori zen".

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Turno Aldatu lotura Wikidatan