Txantiloi:2008-14 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Michelangelo Buonarroti, batez ere Michelangelo izen soilaz ezaguna (Caprese, Toskana, 1475eko martxoaren 6a - Erroma, 1564ko otsailaren 18a) Pizkundeko eskultore, margolari, arkitekto eta olerkari italiarra zen. Nahiz eta arteez haraindi gutxitan igaro, landu zituen arloetan hain malgutasun handikoa izan zen, ezen Pizkundeko gizontzat hartzen den, garaikide eta etsai zen Leonardo da Vincirekin batera.

Michelangeloren ekoizpena bizitza luzean zehar sekulakoa izan zen eta dirauten eskutitz, marrazki eta zirriborroak kontuan hartuz, ondoen dokumentatutako XVI. mendeko artista da. Bere bi artelan ezagunenak, Pietà eta David, 30 urte bete baino lehen zizelkatu zituen. Nahiz eta margolaritzari buruz iritzi txar samarra izan, Michelangelok eragin handienetako bi artelan margotu zituen: Kapera sistinoko sabaiko Genesiaren pasarteak eta aldare hormako Azken Epai Eguna, biak freskoak. Geroago, San Petri basilikako kupula eraiki zuen Vatikanoan bertan eta arkitektura klasikoa irauli pilastren ordena erraldoia erabiliz.