Toskana
|
Toskana |
|
|---|---|
| Hiriburua | Florentzia |
| Probintziak | Arezzo Grosseto Firenze Livorno Lucca Massa-Carrara Pisa Pistoia Prato Siena |
| Eremua | 22.990 km² |
| Biztanleria | 3.516.296 (2005) |
| Dentsitatea | 153 bizt / km² |
| Udalerriak | 287 |
| Eskualdeko burua | Claudio Martini - |
| www.regione.toscana.it | |
Toskana Italiako iparraldeko eskualdea da, Apenino mendien eta Tirreniar itsasoaren artean. Italiako eskualderik handienetakoa da, eta kultura eta historiaren aldetik garrantzitsuenetakoa. Izan ere, Pizkundea izeneko garai emankorrak garapen handia izan zuen Toskanan. Florentzia da hiriburua, eta beste hiri nagusiak Arezzo, Grosseto, Livorno, Lucca, Massa-Carrara, Pisa, Pistoia, Prato eta Siena. Toskanako biztanle gehienak Arnoko haranean bizi dira.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Orografia eta klima [aldatu]
Toskanako iparraldean Apenino mendiak (Tosco Emiliano Apeninoak) daude, eta Succiso mendia (2.017 m) da bertako gailurrik garaiena. Apeninoetako mendien artean, haranak eta ibai arroak dira; Magrako harana, Lunigliana ibaiaren arroa, Garfagnana ibaiarena eta Arno ibaiaren goi ibilguaren arroa. Hegoaldean, Arno ibaiaren beheko ibilguaren harana dago, Toskanako nagusia dena. Kostaldea apala eta hareatsua da, eta tartean labar batzuk dira; itsasertzean uharte ugari dira.
Arno eta Ombrone ibaiek eta horien adarrek eratzen dute Toskanako hidrografia sarea.
Toskanako klima mediterraneoa da, oro har, mendialdean izan ezik.
Mugakideak [aldatu]
Ipar-mendebaldean Liguria, iparraldean Emilia-Romagna, ekialdean Marche eta Umbria, hegoaldean Lazio eta mendebaldean Liguriako eta Tirreniar itsasoa mugakide ditu. Azken honek Korsikatik bereizten du.
Probintziak [aldatu]
Toskanak bederatzi probintzia ditu:
Historia [aldatu]
Etruriarrak bizi ziren Toskanan, eta K. a. IV. mendean erromatarrak jabetu ziren eskualdeaz. XII. eta XIII. mendeetan errepublika txikietan banatua egon zen; XVI. mendean medicitarrek, Florentziako dukeek, errepublika haiek guztiak batu zituzten. Gero, Lorenaren mende egon zen Austriar Inperioaren barruan, eta 1801-14. urteetan frantsesen mende. Azkenean, 1860an, Italiaren barruan geratu zen.
Ekonomia [aldatu]
Nekazaritza (mahatsondoak, olibondoak, azukre erremolatxa, barazkiak eta laboreak) eta industria (kimikoa, burdingintza, ehungintza, altzariak eta papergintza, besteak beste) dira ekonomia jarduera nagusiak.
Ondasun nabarmenak [aldatu]
Pisako katedrala, bataiategia eta dorrea [aldatu]
Dorreetan ospetsuena oker baten ondorioz da ospetsu. Pisako dorrea artean bukatu gabe zegoela hasi zen okertzen, zimenduen sendotasunik ezagatik. Dorre horrek eta inguruan dituen katedralak eta bataiategiak Toskanako erromanikoaren monumentu multzo hoberena eratzen dute, Erdi Aroan Pisak izan zuen oparotasun handiaren erakusgarri.
Pisako katedralaren oina basilika paleokristau batena da funtsean; transeptuko besoek basilika txikiak ematen dute, zein bere absidearekin. Gurutzaduran kupula du, baina gainerakoan egurrez dago estalia, alboko habearteak izan ezik, ertz gangez estaliak.
Pisako hiru eraikinok marmol zuriz daude estalita (berde ilun koloreko marrazkiak dituztela txertaturik), Erromatar Inperioaren garaian ohi zen bezala. Kanpotik arku itxuak eta galeriak dituzte.
Florentziako bataiategia [aldatu]
Toskanako erromanikoaren obra nagusia Florentziako bataiategia da. Katedralaren mendebaldeko fatxadaren aurrean dago: oktogono oineko eraikin handia da, ganga batez burutua. Hau ere marmolez estalia dago, lerro geometriko zorrotzen arabera.
Hain du klasikoen itxura, ezen Marteri eskainitako tenplua izan zela uste izan zuten florentziarrek berek mende batzuk geroago.
Toskanar ospetsuak [aldatu]
- Michelangelo Buonarroti (1475-1564), Pizkundeko artista.
- Galileo Galilei (1564–1642), fisikari, filosofo, astronomo eta matematikaria.
- Giacomo Puccini (1858–1924), opera musikagilea.
- Oriana Fallaci (1929-2006), idazlea.
- Roberto Benigni (1952-), zinemako aktorea eta zuzendaria.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Italieraz) Webgune ofiziala
- (Italieraz) Tuscany B & B
- (Italieraz) Tuscany Farm Holidays
| Italiako eskualdeak | ||
|---|---|---|
|
Abruzzo • Aostako Harana • Apulia • Basilicata • Calabria • Campania • Emilia-Romagna • Friuli-Venezia Giulia • Lazio • Liguria • Lombardia • Markak • Molise • Piemonte • Sardinia • Sizilia • Toskana • Trentino-Adige Garaia • Umbria • Veneto |
||
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.