Txantiloi:2012-23 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Antropologia fisikoa gizakiaren jatorria, eboluzioa eta biologia aztertzen duen antropologiaren adarra da, baina natur-zientzietako metodologia erabiliz. Diziplina anitzetan banatzen da: osteologia (paleopatologia eta auzitegiko antropologia), genetikoa edo molekularra, primatologia, etab.

Johann Friedrich Blumenbachi (1752-1840) eta kraniometrietan oinarrituriko bere bost arrazen sailkapenari zor zaizkio antropologia fisikoaren lehen hastapenak. Lehen urrats horietan giza aniztasun fisikoaren azterketa Edward Tyson (1650 - 1708) bezalako naturalista ilustratuen anatomia konparatuan sustraitzen zen diziplina zen. Eta ondoren James Cowles Prichard (17861848) eta eboluzioaren aitzindariak izango ziren beste historialari naturalistek (Georges-Louis Leclerc, Robert Chambers, etab.) gaur egun paleoantropologia bezalaxe ezagutzen den diziplinaren hastapenak jartzeko erabiliko zuten anatomia konparatu hau.

Anatomiaz gain bada beste diziplina bat zeinen garrantzia nabarmentzekoa den antropologia fisikoaren hastapenetan: genetika. Bere lehen urratsak Gregor Mendeli (1822 - 1884) zor badizkiogu ere, herentziazko ezaugarrien transmisio legeak XX. mendearen hasiera arte ez zuten hots handirik izan. Azkar ikusi ahal izan zen 1901ean Landsteinerrek aurkitutako ABO odol taldeek 1865ean monje austriarrak deskribaturiko hiru legeak jarraitzen zituztela. Jaio berri zen genetika klasikoak Ronald Fisherri (1890 – 1962) esker eboluzioaren sintesi modernoan parte hartu zuen, medikuntza eta antropologiaren biometria eta estatistika uztartuz, eta era berean, gaur egun, populazioen genetika bezalaxe ezagutzen dena sortuz.