Wikipedia, Entziklopedia askea

Johnny Depp

👶
Jaiotza
1963ko ekainaren 9a
Owensboro eta Ameriketako Estatu Batuak
🔨
Lanbidea
film-zuzendari
📷
Argazkiak
ikusi
Jack Sparrow kapitaina.

Johnny Depp aktore eta musikari estatubatuar bat da, Pirates of the Caribbean filmean Jack Sparrow kapitainaren pertsonaia egiteagatik ezaguna.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Christopher Depp 1963ko ekainaren 9an jaio zen Kentucky estatuan, baina Floridan pasatu zuen haurtzaroaren zati handiena. 16 urterekin institutua utzi eta musikari bihurtu zen. Haren taldea, The Kids, Floridatik Kaliforniako Los Angelesera joan zen.

Aktore-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wes Cravenen A Nightmare on Elm Street (1984) beldurrezko filmean egin zuen debuta, baina aktore bihurtzeko benetako aukera 1987an iritsi zitzaion, 21 Jump Street telesailarekin. Polizia-drama honek arrakasta handia izan zuen. Telesaila 1990ean utzi zuen eta Tim Burtonen Cry-Baby eta Edward Scissorhands filmetan agertu zen. Depp eta Burtonen hasierako lankidetzak beste film batzuekin jarraitu zuen: Ed Wood (1994), Sleepy Hollow (1999) eta Charlie and the Chocolate Factory (2005). Bestalde, Deppek zoritxarreko mutil-lagunaren ahotsa jarri zuen Burtonen Corpse Bride (2005) ipuin animatu makabroan.

Bere ibilbidean zehar, Deppek paper zinematografiko askotarikoak eta erronka handikoak aukeratu ditu: Dead Man (1995) filmean, XIX. mendeko kontulari bat; Donnie Brasco (1997)  filmean, mafian infiltratzen den FBIko agente bat; eta Blow (2001) filmean, kokaina-trafikatzaile bat.

2003an Jack Sparrow kapitainaren paper gogoangarrian agertu zen Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl filmean. Rolling Stones taldeko Keith Richards musikariaren paperean oinarritu zen, eta Deppek Oscar sarietarako lehen izendapena lortu zuen. Hurrengo urtean berriro izendatu zuten Peter Panen sortzailea zen James M. Barrieren interpretazioagatik Finding Neverland (2004) filmean. Depp berriz ere Jack Sparrowren paperean aritu zen Pirates of the Caribbean: Dead Man’s Chest (2006), Pirates of the Caribbean: At World’s End (2007) eta Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (2011) filmetan, beti ere arrakasta handiz.

2007an, Depp berriro aritu zen Burtonekin Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street filmean, Stephen Sondheim-en musikalaren zinemarako egokitzapenean. Deppek Oscar sarietarako hirugarren izendapena jaso zuen serieko hiltzaile amorratu baten papera egiteagatik. Bere beste filmetako batzuk dira Public Enemies, zeinetan John Dillinger banketxe lapurraren papera egin zuen, eta The Imaginarium of Doctor Parnassus, biak 2009koak. 2010ean, Deppek Sonbrailugile zoroa interpretatu zuen Alice in Wonderland filmean, Lewis Carrollen Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian (1865) eleberri klasikoaren Burtonen egokitzapenean. The Tourist (2010) thrillerrean, Angelina Jolierekin batera aritu zen, eta The Rum Diary (2011) lanean, kazetari baten papera egin zuen 1960ko hamarkadako Puerto Ricon.

Rango marrazki bizidunen westernean (2011), Deppek ahotsa jarri zion izenburuko pertsonaiari, basamortuko herri bateko sheriff bihurtzen den kameleoi bati. Ondoren, Dark Shadows (2012) filmean 70eko hamarkadan esnatzen den XVIII. mendeko banpiro bat interpretatu zuen, izen bereko kultuko telenobelaren Burtonen egokitzapen komikoan. The Lone Ranger (2013) lanean, Deppek Tonto protagonizatu zuen, legearen agente maskaratuaren natibo amerikarraren laguna. 2014an Transcendence thrillerrean adimen artifizialaren ikertzaile baten papera hartu zuen, Tusk beldurrezko filmean detektibe batena eta Sondheim Into the Woods ipuin musikalaren zinemarako egokitzapenean otso batena. Hurrengo urtean, Depp Mortdecai espioitza filmeko pertsonaia nagusia izan zen, Black Mass filmean Whitey Bulger krimenaren burua antzeztu aurretik.

Musikarekiko interesa mantenduz, Deppek gitarra akustikoa jo zuen Chocolat (2000) filmean eta Once Upon a Time in Mexico (2003) filmaren soinu-bandan. Haren gitarrista lana The Pogues eta Oasis taldeen albumetan ere agertzen da. 2012an Vanessa Paradis frantziar aktore eta abeslariarekin izan zuen harreman luzeari amaiera eman zion, Vanessarekin bi haur izan zituen, eta ondoren, Depp 2015ean Amber Heard aktorearekin ezkondu zen.