Txikipedia:Soja-saltsa

Wikipedia, Entziklopedia askea
soja-saltsa

Soja-saltsak Txinan du jatorria. Bertan laboreak gatzarekin kontserbatzen zituzten. Garia sojaren babekin eta gatzarekin nahastean, hartzitutako pasta bat sortzen zen, eta hortik gaur egun ezagutzen dugun soja-saltsaren deribatua atera zen.

Osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soja-saltsa tradizionala lau osagai nagusiz osatuta dago: soja, garia, gatza eta ura. Baina osagai hauek arreta handiarekin aukeratu behar dira kalitatezko saltsa lortzeko. Horrekin batera, Aspergillus onddoa gehitzen zaio fermentazioa edo hartzidura gauzatzeko.

Erabilera sukaldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soja-saltsa mundu osoko sukalde askotan oinarrizko elementu bilakatu da, eta ez bakarrik gatza ordezkatzeko osagarri gisa.

Saltsa hau janari japoniar askotan erabiltzen da, adibidez sushi eta sashimiaren saltsa nagusia da. Saldak egiteko ere erabiltzen da, baita barazki egosien zein arrainaren osagarri gisa. Soja-saltsa zenbait plater egiteko ezinbestekoa da; hala nola sukiyaki eta ramena.

Onurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soja-saltsaren propietateetako bat antioxidatzailea dela da, hortaz, zelulen oxidazioa saihesten du eta gaixotasun ugari ekiditen, adibidez minbizia eta zirkulazio-arazoak. Singapurreko Unibertsitateak egindako ikerketa batean adierazten da soja-saltsa ardo beltza eta laranja baino antioxidatzaile hobea dela, eta horregatik gomendatzen dela elikagaiak saltsarekin prestatzea.

Gainera, sojaren proteinak kolesterol txarraren maila hobetzen du. Bere ahalmen antioxidatzaileari esker, atake kardiobaskularrak jasateko arriskua murrizten du, eta obesitatea, estresa, hipertentsioa eta diabetesa ekiditen ditu. Beraz, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua murrizten du.