Vasili Zaitsev

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vasili Zaitsev
Datu pertsonalak
Izen osoa Vasili Grigorievitx Zaitsev
Jaio 1915-3-23
Yeleninskoi (Errusia)
Hil 1991-12-15
Kiev (Ukraina)

Vasili Grigorievitx Zaitsev (Jeleninskoi, Errusia, 1915eko martxoaren 23a - Kiev, Ukraina, 1991ko abenduaren 15a), Bigarren Mundu Gerrako frankotiratzaile sobietar bat izan zen, Stalingradeko batailan bereziki ezagun egin zena. Hain zuzen ere, 225 soldadu eta ofizial etsai hil omen zituen han, 1942. urteko azaroaren 10 eta abenduaren 17aren artean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ural mendietan jaioa, txiki-txikitatik garatu zuen ehiztari sena, arkuz lehenbizi, eta hamabi urte zituela, aitonak oparitu zion errifle batekin, ondoren. Magnitogorskeko eskola teknikoan ikasi zuen, eta Ekialde Urruneko Eskuadra Sobietarrean lanean ibili zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenerako, Zaitsev sobietar itsas-armadako kide zen, eta tiratzaile aparta.

Itsas indarretan zegoelarik, Stalingradn ematen ari ziren borroken gogortasunaren berri izan zuen, eta bolondres aurkeztu zen bertara joateko. Bertan, 62. Ejertzitoaren Errifleen 284. Dibisioko 1047. Erregimenduan aritu zen borrokan, 1942ko urriaren 21etik aurrera. Bertan hasi zen bere mitoaren sorrera.

Vasili Zaitsev, frankotiratzaile bikaina ez ezik, kamuflaiaren, pazientziaren eta soinurik egin gabe mugitzearen maisu ere bazen. Azaroaren 10a baino lehenago, 32 etsai hilak zituen bere Mossin-Nagant erriflearekin. Laster, garaiko egunkari sobietarrak, Zaitseven balentrien inguruko berri eta istorioak kontatzen hasi ziren. Ehun soldadu eta ofizial etsai baino gehiago hil zituenean, Leninen Ordenarekin saritu zuten. Sariak sari, Zaitsevek bere zeregin militarrekin jarraitu zuen, ekintza militarrak burutzeaz gain, frankotiratzaile berriak hezitzen baitzituen Lazur kimika-lantegian. Zaitsev 32 frankotiratzaile berriren irakasle izan zen, eta hainbat iturriren arabera, 3000 etsai baino gehiago erori ziren hark hezitutako tiratzaileen suaren ondorioz. Uraldarrak prestaturiko frankotiratzaileen artean, bere maitale Tania Txernova zegoen.

1943. urteko urtarrilean, Vasili Zaitsevek zauriak jasan zituen bere begietan, mina baten ondorioz. Filatov irakasleak ikusmena osatu zion eta Zaitsev frontera itzuli zen. Gerra Dniester ibaian bukatu zuen, kapitain gisa.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat iturriren arabera, alemaniar buruzagitzak (batzuen arabera Heinrich Himmler berak), König izeneko ofizial bat bidali zuen Stalingradera, Zaitsev akabatzeko helburu bakarrarekin. König bera, frankotiratzaile aditua omen zen. Izan ere, Zaitseven balentriak propagandarako baliabide bikain bihurtu ziren, herri sobietarraren morala igotzeko balio zutenak. Hori dela eta erabaki omen zuen Alemaniak Zaitsev akabatzea, gerra psikologikoaren baitako neurri gisa, sobietarren morala hondoratzeko. König eta Zaitsev elkarren bila aritu omen ziren, ehiza-joko batean. Königek lehen mugimendua egin omen zuen, Urri Gorria zeritzon lantegian, bi frankotiratzaile sobietar akabatuz. Honen jakitun, hara abiatu zen Zaitsev, bere kide Nikolai Kulikovekin batera. Hiru egun egon omen ziren König eta Zaitsev, akats bat eginik, besteak bere kokalekua noiz agertuko zain. Azkenean, König Zaitsevek prestaturiko tranpa batean erori zen. Guzti hau, ez dago dokumentaturik, ez sobietarren aldetik, ez alemaniarren aldetik. Dagoen informazio bakarra alemaniar atxilotu batek eman zuen. Antony Beevor Stalingrado liburuaren egilearen arabera, König maiorra komunikabideek sorturiko izen bat izan zen, benetako gizonaren izena Heinz Thorvald zelarik, alemaniako ejertzitoaren frankotiratzaile eskola bateko burua. Vasili Zeitseven inguruko kondaira hau, zinemara eraman zuen Jean-Jacques Annaud zinema zuzendari frantziarrak, Enemy at the Gates (Hainbat estatu, 2001) filmarekin.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]