Viktor Amadeo II.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Viktor Amadeo II.a Savoiakoa, Martin van Meytensen margolana

Viktor Amadeo II.a Savoiakoa (italieraz: Vittorio Amedeo II di Savoia) (Turin, 1666ko maiatzaren 14an - Moncalieri, 1732ko urriaren 31n) 1675-1732 bitartean Savoiako dukea, 1713-1720 bitartean Siziliako erregea eta 1720. urtetik 1732. urtera Sardiniako erregea izan zen.

Savoiako ohiko politika-moldea aldatu zuen: Espainiaren eta Frantziaren mendekotasunetik irten zen, eta Europako potentzia handien aurrean burujabetzari eusten jakin zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Savoiako Karlos Manuel II.aren eta haren bigarren emazte Maria Joana Savoiakoaren semea izan zen. Bederatzi urte zituela, aita hil zitzaion, eta amak hartu zuen erregeordetza Viktor Amadeo adin-nagusitasunera heldu bitartean. 1684. urtean jabetu zen aginpideaz, eta kanpo-politikagintza malgua bideratu zuen. Urte berean, 18 urte bete baino hilabete batzuk lehenago, Frantziako Luis XIV.a erregearen alaba Ana Maria Orleansekoarekin ezkondu zen.

Augsburgeko Ligan (Aliantza Handia ere deitua) parte hartu zuen Frantziaren aurka, baina frantsesen aurka Staffardako (1690) eta Marsagliako (1693) guduak galdu ondoren, koalizioa bertan behera utzi eta Luis XIV.ari bakea eskatu behar izan zion 1696an. Turingo bakearen ondorioz (1696) berreskuratu zituen Pinerolo eta Cassale, eta alaba Maria Adelaida Borgoinako dukearekin ezkonarazi zuen.

Espainiako Ondorengotza Gerra garaian, Frantziako erregearen alde egin zuen hasieran, baina 1703. urtean Turin berreskuratzen lagundu zion austriar erregegaiaren alde jarri zen. 1706an, bere lehengusu Eugenio Savoiakoak lagunduta, Frantziako armada garaitu zuen Turinen, Piemonte askatu eta Frantzia inbaditu zuen. 1707ko uztailean Toulon setiatu zuen, baina atzera egin behar izan zuen, eta, frantsesek garaitua, Savoia galdu zuen. Jarrera neutrala hartu zuen orduan, eta Utrechteko hitzarmenetan (1713) Milanerriko parte bat, Monferrato eta Sizilia eskuratu zituen (Siziliako errege izendatua izan zen 1713an), eta Savoia berreskuratu. Sizilia, ordea, austriarren mendeko Sardiniaren truke aldatu zuen 1720an.

Harrezkero, Savoiako etxearen mendeko estatuen barne-antolakuntzaz arduratu zen, eta gobernu absolutista ezarri zuen. 1730. urtean, Karlos Manuel semearen eskuetan utzi zuen aginpidea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Viktor Amadeo II.a Aldatu lotura Wikidatan