Sardinia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Sardinia

Flag of Sardinia.svg
Hiriburua Cagliari
Probintziak Cagliari
Carbonia-Iglesias
Medio Campidano
Nuoro
Ogliastra
Olbia-Tempio
Oristano
Sassari
Italy Regions Sardinia Map.png
Eremua 24.090 km²
Biztanleria 1.643.096
(2005)
Dentsitatea 68 bizt / km²
Udalerriak 377
Eskualdeko burua Renato Soru
-
www.regione.sardegna.it/

Sardinia[1][2] (Sardigna, Sardinna edo Sardinnia sardinieraz, Sardenya katalanez eta Sardegna italieraz) Mediterraneo itsasoko bigarren uharterik handiena da, Korsika irlaren hegoaldera kokatua eta Italiako estatuaren parte dena, erregio autonomo izaerarekin. 24.090 km²-ko hedadura du eta 1.631.880 biztanleko populazioa (2001ean).

Hiriburua Cagliari da.

Historikoki Sardina 30 eskualdetan banatu da. Sardinieraz "curadorias", hau da, zatiak edo "merias" deituak.

Estatutu autonomikoa edukitzearekin batera, sardiniarrak (Venetoko herritarrak bezala) "herri" bezala hartzen dituzte Italiako Parlamentuan.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharte menditsua da oro har eta ipar-mendebaleko Nurrako penintsula eta hegoaldeko Campidanokoa baizik ez dira eremu zelaiak. Uhartearen ekialdean dago mendialde garaiena (1.834 m Gennargentu mendian) eta mendebalean sumendiek eragindako mendiak daude. Flumendosa da ibai nagusia eta Gennargentu mendian du iturburua. Klima mediterranearra da; neguak epelak dira eta udak beroak oso. Udazkenean egiten du euria. Klima horri lotuta, artea eta pinua dira zuhaitz ugarienak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolito Arotik aurrera kultura indartsu batzuk garatu ziren Sardiniako uhartean. K.a. VII. mendean portu-hiriak sortu zituzten bertan feniziarrek, eta K.a. VI. mendean greziarrak saiatu ziren uhartea kolonizatzen. Gerra punikoen ondoren, erromatarren mendean geratu zen, baina luzaroan izan zen Erromako agintearen aurka borrokatu zirenen babeslekua. K.a. 49. urtean Zesarrek okupatu zuen uhartea berriro, baina barnealdea kolonizatu gabe egon zen luzaroan.

Bandaloen, bizantziarren eta musulmanen mendean egon ondoren, XI. mendean nagusitu ziren Pisa eta Genoa uhartean eta ondoren elkarren artean borrokatu ziren bi hiriak haren alde. 1326. urtean Aragoi eta Kataluniako koroaren mendean geratu zen, eta kostaldea kolonizatu zuten. 1708an Austriako etxea jabetu zen uharteaz eta 1720an Piamonterekin elkartu zuen Savoiako etxeak Sardiniako erreinua.

Frantziako iraultzaren ondoren, XVIII. mende bukaerako urteetan, Frantziaren mendean geratu ziren Savoiako etxearen lurrak, eta 1815ean, Napoleonen inperioa erabat deuseztatu zenean, Savoiako etxearen eskuetara igaro zen berriro. 1861. urtean Viktor Manuel II.a Savoiakoa Italiako errege izendatu zutenean, Italiako erreinuko lurralde bihurtu zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, politika alorrera azaldu ziren sardiniar abertzaleak. 1948an sortu zen Sardiniako lurralde autonomoa, estatutu eta erakunde bereziez hornitua.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako biztanle dentsitaterik txikienetakoa duen eskualdea da. Sardoak, Sardiniako biztanleak, uhartearen barnealdean bizi dira, uharteko bi hiri nagusiak, Cagliari eta Sassari hain zuzen, kostaldean dauden arren. Lau probintziatan banatua dago: Nouro, Cagliari, Sassari eta Oristano.

Probintziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zortzi probintziatan banaturik dago:

  1. Cagliari: 543.310 biztanle.
  2. Sassari: 322.326.
  3. Oristano: 167.971.
  4. Nuoro: 164.260.
  5. Olbia-Tempio: 146.339.
  6. Carbonia-Iglesias: 131.890.
  7. Medio Campidano: 105.400.
  8. Ogliastra: 58.389.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria gutxi garatua dago eta geroz eta garrantzi handiagoa du uharteko ekonomian kostaldeko turismoak.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sardiniako hizkuntza mapa.

Sardinian hainbat hizkuntza mintzatzen da. Hizkuntza nagusienak italiera eta sardiniera dira, baina gazteen artean batez ere italiera askoz zabalduago dago. Hedabideetan eta hezkuntza sisteman ere italiera nagusi da. Sardiniera hainbat dialektotan banatutako erromantze hizkuntza da, eta latinetik gertuen dagoen mintzaira da, halaber. Sardiniera eta italieraz gain, uhartean beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dira. Uhartearen ipar-ekialdealdean, horrela, korsikerarekin lotutako gallurera hitz egiten da; eta ipar-mendebaldean sassariera, korsikeraren eta sardinieraren arteko trantsizioko mintzaira. Horrekin batera, katalanaren (Alghero hirian) eta ligurieraren (Carloforte eta Calasettan) hizkuntza-uharteak ere badira.

Hizkuntza ofiziala italiera bada ere, sardiniera (sardu) da hiztun gehienek darabiltena (% 80) eta Algueren (uhartearen ipar-mendebalean) katalaneraz ere mintzo dira biztanle askok.

Sardiniar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sardinia Aldatu lotura Wikidatan