Villanuevako presa

Koordenatuak: 42°50′49″N 3°06′12″W / 42.84688°N 3.10336°W / 42.84688; -3.10336
Wikipedia, Entziklopedia askea
Villanuevako presa
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGaubea
Koordenatuak42°50′49″N 3°06′12″W / 42.84688°N 3.10336°W / 42.84688; -3.10336
Map
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea114-1

Villanuevako presa edo La Mierreko presa Gaubeako Uribarri Gaubea auzoko presa da, Euskal Herrian dagoen bakarra zurez eta harriz eraikia[1].

2011ko irailaren 6an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txostenak aztertzen duen presa Gaubeako udalerriko Uribarri Gaubea herrian dago, Omecillo ibaian, urez hornitzen zuen errotatik 500 metrora HMrantz, zeina XVIII. mendean jada dokumentatuta baitago. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen, errota kanalerantz indarrean jarri ahal izateko.

Presak ibaiaren ibilguarekiko angelu txiki bat eginez eraikia dago; zurezko eta harrizko egitura bat da, tamaina eta malda ezberdinetako bi planok eratua. Beraz, urari goiti dagoen arrapala motzagoa da, malda handiagokoa; urari beheiti dagoena, aldiz, leunago jaisten da, presa-oinarria zulatu dezakeen ur-kolpea ekiditeko.

Eraketa honek zurezko estalki baten eraikuntza-moldea gogorarazten du, nahiz eta urari beheiti dagoen zatian egurra harrizko kordoiekin nahasirik agertzen den, kontrahorma moduan. Arrapalak azkentzen dituen gailurra 2,10 metro garai da eta 10,75 metro luze, eta piezaren sekzioa 0,35 metro.

Urari goiti dagoen aldean, egituraren armazoia babesten duen zurezko estalkia ikus daiteke. Urari beheiti dagoena 3,5 metroko luzerako eta 0,25 metroko sekziodun enborrez osatua dago, tobazko harri-blokeekin nahastuta.

Urari beheiti dagoen arrapaletik, udaldian, presa ohantzean finkatzen duen zurezko «parrilladura» ikus daiteke. Gutxi gorabehera metro bateko aldea duen erretikulua da, barnealdea harri-blokez beterik duena. Zurezko erretikulua burdinazko iltze batzuen bitartez tinkatuta dago, edota iltzeok arroka naturalaren irtenguneen kontra bermatuta.

Presaren gailurretik 1,8 metrora, ezkerraldean, ura kanalera bideratzen zuen uhatea dago, gutxi gorabehera 1,10 metroko zabalera duena.

Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologikoa mistoa dutenak -aztergai dugun honetan bezala- aurkitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun «in situ» ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra dugu. Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa -zura eta harria konbinatzen baititu-, haren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua, eta haren interes historiko eta etnografikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa