Woolworth Building

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Woolworth Building
View of Woolworth Building fixed crop.jpg
1913ko argazkia
Udalerria New York, Ameriketako Estatu Batuak
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Koordenatuak 40°42′44″N 74°00′29″W / 40.71222°N 74.00806°W / 40.71222; -74.00806Koordenatuak: 40°42′44″N 74°00′29″W / 40.71222°N 74.00806°W / 40.71222; -74.00806
Garaiera 241 m
Solairuak 57
Helbidea 233 Broadway
Woolworth Building non dagoen adierazten duen New York-ko/-go/-eko mapa
Woolworth Building
Arkitektoa Cass Gilbert
Egitura ingeniaritza Gunvald Aus
Kort Berle
Woolworth eraikinaren ikuspegia
Woolworth eraikinaren gailurra, hodeiak urratzen (1928).

Woolworth Building eraikina, 57 solairukoa, New Yorkeko etxe orratzik zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da. Nahiz eta eraiki zenetik laurogeita hamar urte baino gehiago jadanik igaro diren, oraindik ere Estatu Batuetako berrogeita hamar eraikinik altuenetakoa da, eta New York hiriko hogei eraikin altuenetako bat. 1966an Woolworth eraikina "National Historic Landmark" izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik).

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cass Gilbert arkitektoak eraiki zuen Woolworth Building, estilo neogotikoan.[1] Frank Woolworth-engandik jaso zuen enkargua, 1910ean, konpainiaren egoitza nagusia diseinatzeko. Lower Manhattan-en (alegia, Manhattanen hegoaldean) dago kokatuta, Broadway-n, Park Place eta Barclay Street-en artean, New Yorkeko udaletxearen aurrez aurre.

Nahiz eta hasiera batean 190,5 metroko altuera izan behar zuen, azkenean eraikinaren altuera handitu egin zuten, eta 241 metro garai da. Eraikitzen bukatu zutenean, Woolworth Buildingek "Metropolitan Life Insurance Company Tower" dorreari gaina hartu zion eta munduko eraikinik altuena bihurtu zen. 1913ko apirilaren 13an ireki zen.

Eraikin ikusgarria da: arkitektoaren nahia izan zen zenbait elementu gotiko txertatzea etxe orratz moderno batean. Horrela, bada, Woolworth eraikinak badauka antzekotasunik Europako katedral gotikoekin. Eraikinaren irekiera-ospakizunean, S. Parkes Cadman apaizak Merkataritzaren Katedrala deitu zion. Xehetasun gotikoek gehienbat eraikinaren goiko aldea apaintzen dute, eta tamainaz oso handiak dira, espaloitik ongi ikusi ahal izan daitezen.

Eraikinaren lobby-ak sabai gangaduna eta mosaikoak dauzka, bai eta, besteak beste, Frank Woolworth eta Cass Gilberten eskulturak ere. Woolworthek zeukan bulego pribatua oraindik ere bere horretan gorde dute.

Munduko eraikinik altuena izan zen, harik eta 40 Wall Street eraikina eta Chrysler Building egin ziren arte, 1930ean.

1945era arte, eraikinak behatoki bat izan zuen, 58. solairuan.

Dorrearen fatxada nagusiak Brodwayra ematen du. Kanpoaldea kareharri-koloreko terrakota arkitektonikoz estalia dauka.

Azken urteotako historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woolworth konpainia 85 urtez izan zen eraikinaren jabea, 1998 arte, Witkoff Group taldeari 155 milioi dolarrean saldu zitzaion arte.

2001eko irailaren 11ko atentatuan suntsitu zituzten arte, World Trade Center-eko Dorre Bikiei maiz asko ateratzen zizkieten argazkiak halako moduan non, bi dorreen arteko hutsunean, Woolworth eraikina agertzen baitzen, dorreak zeuden tokitik hurbil kokatuta baitago.

2001eko irailaren 11ko atentatuaren ondoren, Woolworth eraikinak ez zuen ez elektrizitate ez telefono zerbitzurik izan zenbait astez, baina ez zuen kalte garrantzitsurik jasan. Atentatuaren ondoren hartutako segurtasun-neurri zorrotzagoen ondorioz, gaur egun ezin da pasa eraikinaren lobby dotoreko puntu askotara, zeinak lehenago ikusgai turistiko erakargarria baitziren.

Eraikinak luzaroko lotura dauka goi-mailako hezkuntzarekin: Fordham University-ko zenbait eskola bertan kokatuta egon ziren XX. mendearen hasieran, eta gaur egun, besteak beste, bertako maizter da New York University-ko Center for Global Affairs.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Woolworth Building Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Metropolitan Life Insurance Company Tower
Ameriketako Estatu Batuetako eraikinik garaiena
1913 - 1930
Ondorengoa
40 Wall Street
Aurrekoa
Metropolitan Life Insurance Company Tower
Munduko eraikinik garaiena
1913 - 1930
Ondorengoa
40 Wall Street


Geografia
Ameriketako Estatu Batuak
Artikulu hau Ameriketako Estatu Batuetako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.