1993ko Milwaukeeko izurritea

Wikipedia, Entziklopedia askea

1993ko Milwaukeeko izurritea (ingelesez: 1993 Milwaukee Cryptosporidiosis outbreak) Wisconsin estatuko Milwaukee hirian urte hartan gertatutako kriptosporidiosiaren izurri handia izan zen, gaitz horren inoizko agerraldirik bortitzena.

Cryptosporidium generoko protozoo bat (Cryptosporidium parvum) izurrite handi horren erruduna izan zen, hiriko ur-hornidurak kutsatu zituenean. Ondorioz, kanilako ura edatean 370.000 hiritarrak gaixotu ziren, horietatik 4.000 ospitaleratuak izanik [1].

Michigan lakua Milwaukee hirian. Hiriko ur-hornidura laku horretatik dator

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993ko martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran Milwaukeeko osasun-agintariek ez-ohiko gastroenteritisaren kasuen kopurua antzeman zuten: hiriko eta inguruko herritar asko beherako bortitzak, sukarra eta sabelmina pairatzen ari ziren.

Ikerketa epidemiologikoa martxan jarri zen, infekzioaren iturria jakitekotan. Gaixo guztien sintoma komuna gastroenteritisa zenez, gorotzez kutsatutako ur edo janariak jo ziren susmagarri nagusiak.

Hirian edaten den ura Michigan lakutik dator, hiri ondotik. Laborategian egindako edateko ur publikoaren hasierako analisiek uraren uhertasun maila handia agerian jarri zuten, baina ez zuten agerraldiaren iturburua izan zitekeen inongo birus edo bakterio aurkitu.

Izurriari aurre egiteko, eta edateko ura susmagarri nagusia zenez, osasun-agintariek kanilako ura kontsumitu aurretik irakiteko aholkatu zuten. Geroago, hiriak dituen bi araztegietako bat -ustez, kutsatutakoa- itxi egin zuten.

Bi asteko epean 370.000 pertsona gaixotu (populazioaren %25 inguru), eta horietatik 69 -HIESdunak gehienak- hil egin ziren [2]

Cryptosporidium[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako ikerketak antzuak izan arren, mikrobiologoek apirilaren erdialdean agerraldi bortitz horren mikrobio erruduna aurkitu zuten: Cryptosporidium parvum izeneko protozooa. Jakina zenez, patogeno hori animalien eta gizakiaren heste-traktuan bizi da, eta gastroenteritisa eragiten du. Gaitza protozoo honetaz kutsatutako ur edo janariak hartzean harrapatzen da.

Cryptosporidium-ek erresistentzia handia du kloroarekiko, eta horregatik ur-araztegietan kloroaz gain beste prozedura batzuk ere erabili behar dira protozooa akabatzeko: iragazketa, ozonoa... Agerraldiaren eragilea identifikatu ostean, araztegiaren eraginkortasuna hobetu zen prozedura berri horiek martxan jarriz, Cryptosporidium deuseztatzeko.

Antza, protozoo honen kutsapena Michigan lakura udaberrian heldutako urek eta inguruko landa-eremuetatik heldutakoek (azken hauek animalien gorotzez beteak) eragin zuten. Cryptosporidium parvum hesteetako patogeno arrunta da behi-aziendan, eta litekeena da hori izatea agerraldiaren jatorria [3].

Izurritearen inpaktu ekonomikoa oso handia izan zen: garai hartako 96 milioi dolarrekoa, gutxi gorabehera (osasun-gastuak gehi galdutako lan-produktibitatea) [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]