2014ko Bilboko ''Global Forum Spain'' bileraren aurkako protestak

Wikipedia, Entziklopedia askea

2014ko Bilboko "Global Forum Spain" bileraren aurkako protestak 2014ko martxoaren 3an Bilboko Guggenheim Bilbao Museoan Espainiako Gobernuak antolatutako bileraren aurkako protestak izan ziren. Bilera horretan Espainiako zein nazioarteko agintari politiko eta ekonomikoek parte hartu zuten, tartean FMIko eta OECDko ordezkari nagusiek, ekonomia globalaren hazkunde ekonomikoari, lehiakortasunari eta horretarako beharrezkoak diren erreformei buruzko hitzaldiak eginez.

'El Correok' aditzera eman zuenez mila polizia baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldiaren segurtasuna bermatzen eta Durangoko bidesarian Ertzaintzak kontrolak ezarri zituen.

EH Bilduk egun berean Jardunaldi Internazional bat egin zuen Europako beste alderdi ezkertiarrekin batera eta troikari aurre egiteko ideiez eztabaidatu zuten. Bizkaiko Eliza ere bileraren aurka azaldu zen eta langabetuen eta egoera txarrean zeuden pertsonak bileran ez egotea deitoratu zuten [1].

Besteak beste, ELA eta LAB sindikatuek eratzen zuten Euskal Herriko Gune Plataformak bileraren aurkako manifestazioak deitu zituen goizean nahiz arratsaldean, agintari horien politika ekonomikoaren aurka. Goizeko manifestazioak burua estalita zuten pertsona talde zenbaitek Bilboko kale nagusietako banketxe eta denden aurka jo zuen, hainbat txikizio eta graffiti eginez. Ertzaintzarekin istiluak ere izan ziren. Goizeko manifestazioa bertan behera utzi behar izan zen azkenik Ertzaintzaren aginduz eta ezarritako baldintzei uko eginez, arratsaldeko ez ospatzea erabaki zuten antolatzaileek. Hala ere, arratsaldez istiluak izan ziren Bilboko Alde Zaharrean. Aspaldian, Bilbon izandako istilu larrienak izan ziren.

Alde Zaharretik gertu, Solokoetxe eta Iturribide auzoetan ere istiluak egon ziren [2].

Istilu hauetan zazpi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak [2]. Bilboko Udalaren arabera, istilu hauek 100.000 euroko kalteak eragin zituzten [3]. Apirilaren 26an, Getxon eta Donostian bi atxiloketa egon ziren istiluen harira [4]. Hurrengo egunetan aditzera eman zenez, Ertzaintzak 688 agente mobilizatu zituen eta honen kostua 72.000 eurokoa izan zen [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.