Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Guggenheim Bilbao Museoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Guggenheim Bilbao Museoa
Solomon R. Guggenheim Foundation
Museo Guggenheim, Bilbao (31273245344).jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Bilbo
Koordenatuak 43° 16′ 08″ N, 2° 56′ 03″ W / 43.26883°N,2.934099°W / 43.26883; -2.934099Koordenatuak: 43° 16′ 08″ N, 2° 56′ 03″ W / 43.26883°N,2.934099°W / 43.26883; -2.934099
Historia eta erabilera
Irekiera1997ko urriaren 18a
Inaugurazioa1997ko urriaren 18a
Arkitektura
Arkitektoa Frank Gehry
Bisitariak urtean 1.002.963
Kontaktua
Helbidea Avenida Abandoibarra, 2, 48009 Bilbo, Bizkaia
E-posta mailto:informacion@guggenheim-bilbao.eus
Telefonoa tel:+34-944-35-90-80
Webgune ofiziala

Guggenheim Bilbao Museoa arte moderno eta garaikideko museoa da,[1] Bilbon (Bizkaia) kokatua. Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak Ibaizabal ibaiaren parean eraiki zuen, Salveko zubiaren ondoan. Solomon R. Guggenheim Fundazioak kudeatzen du, munduko beste bost museo bezala.[2] Zuzendaria Juan Ignacio Vidarte da.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoko atrioa.

Museoa Frank Gehry arkitekto estatubatuarrak diseinatu zuen.

1997ko urriaren 18an zabaldu zuten: bertan Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta Espainiako errege Joan Karlos I.a izan ziren. Museoa dekonstruktibismoaren estilo arkitektonikoaren arabera eraiki zen, eta CATIA izeneko programa informatikoa erabili zuten museoa osatzen duten titaniozko pieza guztiak diseinatzeko.[3]

Guztira 11.000 metro koadroko erakusketa azalera dago, hemeretzi galeriatan banatuta. Erakusketa aretoez gain, liburutegi bat, auditorio bat, denda bat, jatetxe bat eta kafetegi batek osatzen dute. Horietaz aparte, administraritza eta kudeaketa bulegoak Mazarredo zumarkaleko gunean kokaturik daude.

Museoaren ekialdeko atrioak 50 metroko altuera du. Leihoek Natural 62 dute izena, eta Idom enpresa bizkaitarrak diseinatu zituen.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Museoko sarrera.

Museoa Bilbon egitea erabaki zenean eta Frank O. Gehry arkitektoa kontratatu zenean, eraikina non egin erabaki behar izan zen. Udaleko agintariek hasieran Alondegiako gunea eskaini zioten Frank Gehryri, baina hark ezezkoa eman zuen, leku hori txikiegia zelako berak zeukan kontzepturako.

Orduan, Abandoibarreko guneko orubea (guztira 32.500 metro karratuko zabalera zuen) aukeratu zuten, Salbeko zubiaren eta Mazarredo zumarkalearen bitartean. Obrak 1995ean hasi ziren, eta bi urte eta erdi iraun zuten. 30.000 milioi pezeta inguruko kostua izan zuten, eta gehiegizko kostua zelakoan, kritika ugari egin ziren: hasieran, jende asko aurka agertu zen.

Frank Gehryren erabaki pertsonala izan zen titanioa erabiltzea. Metal hori aukeratu aurretik, beste 29 materialekin probak egin ziren. Obrak hasi zirenean, titanioak nazioarteko merkatuan izandako prezio-igoerak arriskuan jarri zuen museoa eraikitzea baina, azkenik, Errusiatik ekarritako titanio merkeagoa erabili zen.

Obretan enpresa hauek hartu zuten parte, besteak beste:

Museoaren ikuspegi orokorra.

Museoaren inguruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Puppy (eskultura)»
Puppy, lorezko txakurkumea.
Louise Bourgeoisen Ama armiarma erraldoia.

Museoaz gain, kanpoaldean konplexua osatzen duten osagaiak daude; esaterako, Puppy txakurkumea, hamabi metroko altuera duena, Mazarredo Zumarkale parean. Jeff Koonsen sorkuntza da, printzipioz museoaren irekierarako sortua, baina gero, etengabe berrizturik eta zaindurik, geratu egin da.

Itsasadarreko gunean, Louis Bourgeoisen Mamma (Ama) izeneko 10 metroko armiarma dago[5]. Itsasadarraren alde berean, apur bat aurrerago hiriko erdialderantz, Ramón Rubialen estatua dago.

Museoaren aurrealde eta atzealdean, hau da, ekialde eta mendebaldean, bi aintzira txiki daude: aurrealdeko lakuak museoa eta itsasadarra elkartzea du helburu, eta horretarako zubi moduko bat eraiki zen bien artean. Zubi horrek beste elementu artistiko bat osatzen du, eta noizbehinka laino moduko bat ateratzen da zubiaren azpitik.

Museoaren eta Salveko zubiaren ikuspegi orokorra.

Horrez gain, Frank Gehryk Salveko zubia museoarekin elkartu nahi izan zuen, eta horretarako museoaren alboan 57 metroko dorre bat eraiki zuen.[6] Dorreak helburu bakarra du, Abandoibarreko gunea zubiarekin batzea, horretarako eskailera batzuk eraiki ziren. Aurrealdeko lakuaren barruan sua botatzen duten bost su pizgailu daude, normalean arratsalde aldera.

Museoaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran kritika ugari jaso zituen, Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren inbertsioa gehiegizkoa zelako. Horrez gain, Euskal Herriko artista batzuek, Jorge Oteiza esaterako, uste zuten bertako eskultore eta egileei garrantzia gutxiago emango zitzaiela kanpoko egileen mesedetan.

Dena dela, argi eta garbi dago museoak eragin itzela izan duela hirian: esan liteke Bilbo turismoaren nazioarteko mapan "ipini" duela.[7] Urtero ehundaka milaka turista joaten dira Bilbora museoari buruz entzundakoa euren begiekin ikustera. Horrek hotel, jatetxe eta turismoarekin loturiko hainbat negozioren garapena ekarri du eta milaka euroko eragina dauka hiriko eta Bizkaiko Barne Produktu Gordinean.[8]

Museoaren 10. urteurrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guggenheim Bilbao Museoa; atzean, Iberdrola dorrea.

2007. urtean zehar Guggenheim Bilbao Museoak 10. urteurrena ospatu behar zuela eta, hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatu ziren. Horien artean, museoak aukeraturiko Daniel Buren arkitekto frantsesaren Zeharkatzen proposamena: haren arabera, museoaren ondoko Salveko zubia eusten duen "arkua" gorriz margotu zen. Egileak zioenez, gorria zubiaren berde kolorearekin bat zihoan eta museoaren forma kurboekiko kontrajarria zen.

Daniel Burenen proposamenaz gain, beste bi aurkeztu ziren lehiaketara: Liam Gillick artista britainiarrarena eta Jenny Holzer estatubatuarrarena.

2014ko abenduaren 3an, Bilboko Guggenheim museoa autonomoago bihurtu zuten Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Solomon R. Guggenheim museoak, hurrengo hogei urteetarako sinatu zuten kudeaketa hitzarmenagatik.[9]

2015eko urtarrilaren 3an jakin zenez, guztira 1.011.363 bisitari jaso zituen museoak 2014an.[10]

Filmazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo