Suspense eta guzti irabazi zuen Baionan Jasper Philipsenek (Alpecin). 2023ko Tourreko lehen lehia izan zuten ziklistarik azkarrenek Lapurdiko hiriburuan, eta Philipsenek altxatu zituen besoak. Haatik, bisaia ilundu egin zitzaion gero, epaileek zalantzak zituztela jakitean. Flandriarraren esprinta ez zen garbia izan: bidea itxi zion Wout van Aerti (Jumbo). Hogei minutu luzez egon zen epaileen erabakiaren zain. Azkenean, hura jo zuten irabazletzat. Azken metroek eskuinera egiten zuten, eta errepidearen joeraren ondorioz egin zuen bazterrera Philipsenek. Ez zen haren garaipenik distiratsuena izan, baina bada baliotsuenetako bat, Tourrean lortua izanik. Atzetik Phil Bauhaus (Bahrain) eta Caleb Ewan (Lotto) izan zituen. Lidergoari inolako arazorik gabe eutsi zion Adam Yatesek (UAE). [1]