2023ko azaroaren 30eko Euskal Herriko greba feminista orokorra

Wikipedia, Entziklopedia askea
2023ko azaroaren 30eko Euskal Herriko greba feminista orokorra
Irudia
Leloadenon bizitza erdigunean
Motagreba
Data2023ko azaroaren 30a
Argumentu nagusiaUgalketa lan
feminismo
HerrialdeaEuskal Herria
AntolatzaileaEuskal Herriko mugimendu feminista

2023ko azaroaren 30eko Euskal Herriko greba feminista orokorra egun horretan mugimendu feministak deituta Hego Euskal Herrian egin zen greba orokor bat izan zen «bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa» aldarrikatzeko[1]. Greba hau 1979tik Hego Euskal Herrian egin den 26. greba orokorra izan zen.

Abiapuntua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023ko martxoaren 8ko mobilizazioen harira, mugimendu feministak prentsaurreko bat eman zuen Bilbon «zaintza eskubide unibertsalaren alde» greba orokor bat deitzea helburu zuen prozesu bat abiatuko zutela iragartzeko[2]. LAB sindikatuak egun horretan berean egin zuen bat[3] greba orokorra egiteko asmoarekin. ELA sindikatuak, berriz, apirilaren 27a arte ez zuen bere atxikimendua agertu[4]. Eta mugimendu feministak ekainaren 21ean iragarri zuen greba orokor hori zehazki noiz izanen zen[5]: azaroaren 30ean. Iragarpenaren ondotik, ESK sindikatuak ere bat egin zuen deialdiarekin[6]. Baita Steilas[7] eta CGT-LKN[8] sindikatuek ere.

Greba orokorra lanuzte orokor gisa ulertuta, 2023ko azaroaren 30ekoa ez zen Euskal Herri osoko greba orokorra izan, hasiera batean hala izanen zela aditzera eman bazuten ere. Izan ere, mugimendu feministako kideek aurrerago azaldu zutenez "Ipar Euskal Herrian, egungo errealitatea dela eta, ezingo dute grebara deitu"[9]. Mobilizazioak antolatuko zituzten, hori bai.

Sindikatuez eta hainbat gizarte mugimenduez gain, EH Bildu[10], Sumar Mugimendua eta Elkarrekin Podemos ere grebaren alde agertu ziren[11].

Motorrak berotzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñerriko mugimendu feministaren irailaren 20ko protesta ekintza, Atzerritarren Legearen aurkakoa.

Irailaren 20an, mugimendu feministak ekintza bana egin zuen Hego Euskal Herriko hiriburuetan zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» salatzeko eta «zaintza eredu publiko eta komunitario berri bat» eraikitzeko aldarria eginez[12]. Donostia, Gasteiz eta Iruñeko ekintzak goizean egin zituzten eta Bilbokoa, arratsaldean.

  • Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean egin zuten elkarretaratzea mugimendu feministako dozenaka kidek, Zaintzarekin negoziorik ez lelopean[12].
  • Gasteizen, hainbat ekintzaile Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Erakundearen bulegoetan sartu ziren haren «politika pribatizatzailea» salatzeko, grebaren aldeko oihuekin eta zahar egoitzak publikoak izan behar direla nabarmenduz[13].
  • Iruñean, Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoen aitzinera agertu ziren hainbat ekintzaike eta Atzerritarren Legearen aurkako mezuak hedatu zituzten. Kartoizko kutxaz osaturiko hesi bat eratu zuten, adreiluak balira bezala, eta kutxa bakoitzean, mezu bat: «Atzerritarren Legea», «errolda», «lan feminizatuak eta arrazializatuak»; mezu bakoitza, emakumeen bizimodu duina oztopatzen duen traba bat[12].
  • Bilbon, Ibañez de Bilbao kalea oztopatu zuten eserialdi baten bidez, Sabin Etxea EAJren egoitzaren aurrean; ekintzaileen ustez,alderdi jeltzalea baita «herri honetan eta Bizkaian batez ere zaintzen inguruko azpiegituren merkantilizazioaren erantzulea»[12].

Urriaren 7an, Hernanin (Gipuzkoa) eginiko agerraldi jendetsu batean, mugimendu feministak eta hainbat eragile sozialek apailaturiko "herri akordioa" aurkeztu zuten[14]. "Pertsona guztiek, bizi osoan, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko eskubidearen aldeko" akordioa zen, epe motzean bilatzen zuena "zaintza duinaren unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea".

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra, grebaren deialdia sinatzen, Iruñean. Atzean du Amaia Muñoa, ELAko idazkari nagusiaren ondokoa.

Urriaren 10ean, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuetako eta mugimendu feministako hainbat kidek agerraldia egin zuten Iruñean, Nafarroako Jauregiaren ondoan, grebaren deialdia Nafarroan erregistratu zutela iragartzeko[15]. Hurrengo egunean gauza berdina egin zuten Bilbon, grebaren deialdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratuta geldi zedin[16].

Urriaren 20an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak batzarra egin zuen Bergaran (Gipuzkoa), zaintza sistemari buruz hausnarketa egiteko, bereziki adinekoen zaintzaz: «Bizitza osoan dira beharrezkoak zaintzak, baina urteak bete ahala, zaintza behar horiek areagotu egiten dira, pertsona bakoitzaren egoera fisikoaren eta mentalaren arabera». Hainbat ondorio atera ziren batzarretik; horietan lehena, mobilizazioa dela «bide bakarra» zaintza unibertsalak, kalitatezkoak eta duinak lortzeko. Hartara, azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzera deitu zuten[17].

Urriaren 28an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak batzar orokorra egin zuen Gasteizen eta greba feminista orokorrari bere atxikimendua eman zion, bai eta greba batzordeetan parte hartzeko konpromisoa hartu ere[18].

Azaroaren 6an, ELA eta LAB sindikatuek, nork bere aldetik, zaintza lanei buruzko txosten bana aurkeztu zuten, greba deialdia datuekin indartzeko[19]. Bi txostenen aurkezpenari buruzko artikulua idatzi zuen Maite Asensio kazetariaren arabera, txostenotan «ondorio bertsuetara» ailegatu ziren bi sindikatuak: «zaintza lanak, ordainduak zein ordaindu gabeak, emakumeen gain daude; pribatizatuta, bai familien eremuan bideratzen direlako, bai zerbitzuak azpikontratatuta ematen direlako; eta, beraz, baldintza prekarioetan».

Mugimendu feministako eta greba babesten duten sindikatuetako kideak Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Azaroaren 23an, Euskal Herriko mugimendu feministako eta greba babesten duten ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde, CGT eta HIRU sindikatuetako zenbait kidek prentsaurreko bana eman zuten Bilbon eta Iruñean, grebari buruzko azken xehetasunak azaltzeko. Bertzeak bertze, informatu zuten 1,500 enpresa batzorde baino gehiagoren atxikimendua jaso zutela eta greba egunean ehun mobilizazio baino gehiago eginen dituztela Hego Euskal Herriaren luze-zabalean[20].

Mobilizazio deialdiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko mugimendu feministak X sare sozialeko @bizitzak kontuaren bidez[21] azaroaren 8an iragarri zuen noiz eta non izanen ziren azaroaren 30eko arratsaldeko manifestazio nagusiak:

Greba eguneko goiz-eguerdirako ehunka ekitaldi eta mobilizazio antolatu zituzten dozenaka herritan. Arratsaldean, berriz, aipaturiko hiriburuetakoez gain, eskualdeburuetan ere eginen zituzten manifestazioak:

  • Araba: Laudio (18:00) eta Agurain (18:30).
  • Bizkaia: Portugalete, Ermua, Berriz, Markina-Xemein, Durango, Gernika eta Zornotza (18:00).
  • Gipuzkoa: Irun (17:30), Arrasate, Hernani, Zumaia, Errenteria, Zumarraga eta Tolosa (18:00), eta Ordizia (18:30).
  • Nafarroa Garaia: Altsasu, Elizondo, Irunberri eta Tutera (18:00), Lizarra (19:00), eta Tafalla (19:30).

Greba eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Greba eguneko lehen minutuetako kalejira zaratatsua Iruñean.
    Greba egiten lehenbizikoak zenbait egunkaritako langileak izan ziren, asteazkenean egin baitzuten lanuztea, ortzegunean kioskoetan kazetarik egon ez zedin eta greba eguneko gertakariak behar bezala jasotzeko. Halaxe egin zuten, bertzeak bertze, Berriako[22] eta Garako langileek[23], bai eta Goierriko hedabideetako langileek ere[24].
  • Lehenbiziko piketeetako bat Laudion (Araba) gertatu zen. Oraindik azaroaren 29 zela, gaueko bederatziak aldera, herritar talde batek oztopatu zuen Tubacex enpresako lantegiaren gaueko txandaren sartzea.
  • Nafarroako lehenbiziko mobilizazioa Iruñean egin zuten, gaueko hamabietan hasita kalejira zaratatsu batek Alde Zaharreko karrikak zeharkatu baitzituen.

Grebaren biharamuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grebaren ondoko goizean, Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak agerraldi bana egin zuen Gasteizen eta Iruñean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusien ondoan, grebaren lehen balorazioa egiteko, eta berretsi zuten azaroaren 30ekoa «historikoa» izan zela[25]. Grebaren deitzaileek azaldu zuten itxaropena zutela azaroaren 30eko mobilizazioak mugarri bat izanen zirela zaintzaren aldeko aldarriak agenda politikoaren lehen lerrora eramateko, eta gobernuei eskatu zieten «askotariko sektoreak ordezkatuko dituen eztabaida mahai bat eratzea, herri akordioaz eta aurrera begirako urratsei buruz hitz egiteko». Eskaera hori formalki erregistratu zuten bi gobernuen egoitzetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Greba feminista orokorra deitu dute azaroaren 30erako, zaintza eskubide kolektiboaren alde» EITB 2023-06-21 (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  2. Rodrigo, Olatz Silva. (2023-06-21). «Mugimendu feministak greba orokor baterako prozesua abiatu du, zaintza eskubidearen alde» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  3. Aritz, Zubiateko. (2023-03-08). Mugimendu feministak greba orokor feministarako eginiko borroka-planteamenduarekin bat egiten du LABek | LAB SINDIKATUA. (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  4. Berria. (2023-06-21). «ELA sindikatuak bat egin du greba orokor feministarekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  5. Alberdi, Gurutze Izagirre Intxauspe-Iosu. (2023-06-21). «Azaroaren 30ean, greba feministara, zaintza eskubide kolektiboa aldarri» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  6. sindikatua, E. S. K.. (2023-06-21). «Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra» ESK sindikatua (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  7. araba. (2023-10-31). «Azaroaren 30ean: Greba Feminista Orokorra» Steilas (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  8. (Gaztelaniaz) Herria, por CGT-LKN EuskaL. (2023-11-02). Huelga general feminista el 30 de noviembre – CGT-LKN Euskal Herria. (Noiz kontsultatua: 2023-12-01).
  9. Rodrigo, Olatz Silva. (2023-10-08). «Greba feminista orokorra lehen aldiz» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  10. (Ingelesez) «EH Bilduk bat egiten du Mugimendu Feministak deitutako greba orokorrarekin» ehbildu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  11. Press, Europa. (2023-11-29). «Euskadi está convocada este jueves a una huelga general feminista por un sistema de cuidados "público y comunitario"» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  12. a b c d Beloki, Gotzon Hermosilla-Ion Orzaiz- Mikel Elkoroberezibar. (2023-09-21). «Zaintza eredua iraultzeko deia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  13. SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-09-20). «Mugimendu feminista zaintza lanen pribatizazioaren aurka mobilizatu da, grebarako deia eginez» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  14. Jaurena, Isabel. (2023-10-08). «ZAINTZEKO ETA ZAINDUAK IZATEKO» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-08).
  15. «Sindikatuek Mugimendu Feministarekin batera errigistratu dute azaroaren 30erako greba deialdia - Nafarroa» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
  16. Castro, Markos Tedin-Uriburu. (2023-10-14). «Azaroaren 30eko greba orokorra Hegoalde osoan erregistratuta dago jada» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).
  17. Puelles, Maixa Utrera. (2023-10-23). «Zaintza sistema «duina» exijitu dute emakume pentsiodunek» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-23).
  18. Berria. (2023-10-30). «Eskubide Sozialen Karta, greba feministaren alde» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
  19. Lozano, Maite Asensio. (2023-11-08). «Zaintza lanak feminizatuta, pribatizatuta eta prekarizatuta daudela berretsi dute ELAk eta LABek, datu bidez» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  20. «1.500 enpresa batzorde baino gehiagok bat egin dute greba feminista orokorrarekin» Berria 2023-11-23 (Noiz kontsultatua: 2023-11-24).
  21. «https://twitter.com/bizitzak/status/1722162758035055081» X (formerly Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  22. «BERRIAk bat egin du greba feminista orokorrarekin» Berria 2023-11-29 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  23. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-11-27). «Impulsamos el 30N: no habrá GARA el jueves y cobertura especial en NAIZ» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  24. «Goierriko Hedabideek bat egin dugu greba feminista deialdiarekin» Goierriko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  25. «Zaintzaz hitz egiteko mahai bat osatzeko eskatu diete feministek gobernuei» Berria 2023-12-01 (Noiz kontsultatua: 2023-12-05).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]