24 orduak euskaraz

Wikipedia, Entziklopedia askea
24 orduak euskaraz
Jatorria
Argitaratze-data1976
Izenburua24 orduak euskaraz
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Emanaldia
Jatorrizko igorleaHerri Irratia

24 orduak euskaraz 1976ko martxoaren 27an aurrera eraman zen ekimenaren izenburua zen. Donostia, Loiola, Iruñea eta Bilboko Herri Irratiek, Elizaren hegalpean, egun osoko euskarazko irratsaioa egin zuten. Jardunaldia burutzeko Donostiako Anoetako belodromoan une hartako euskal kantaren abeslari eta talde garrantzitsuenekin kontzertu erraldoia egin zen. Jose Luis Zumetak diseinatu zuen “24 orduak euskaraz“en kartela. "Ekitaldiaren izenari erreparatuz gero, bada azpimarratu beharreko ñabardura bat: “24 orduak euskaraz“, ez “24 ordu euskaraz“. Hogeita lau orduak, gaur, bihar eta etzi, beti eta jarraian, euskaraz. Aldarrikapena zen artean helburu hori."[1]

Ekimen hau euskal komunikabideen historia kolektiboan mugarri izan zen.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekimenaren atzean eskarmentu handiko ekipoa zegoen: Jose Mari Iriondo, Jose Mari Otermin, Jose Ramon Beloki, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta, Nikolas Aldai... Ekimena aurrera eraman ahal izateko 1975an Espainiako Gobernuak kaleratutako «Hizkuntza Regionalen Dekretoaz» baliatu ziren.[3]

Jorratu ziren gaiak ugari izan ziren. Guztira hamahiru mahai-inguru egin ziren: euskalduntze-alfabetatzea, poesia, folklorea, komunikabideak, ekonomia, Aranzadi eta ikerketa, margolariak eta eskulturagileak, liburu argitaldariak, antzerkia, nobela eta saiakera, bertsolariak eta kantari eta diskoetxeak... Egin zen baita ere mahai-inguru berezia euskal irakaskuntzaz, hogeita lau bailaratan euskal kulturaren egoera zer-nolakoa zen kontatuko zuten beste hainbat kronika, euskal kulturan izena duten zenbait gizon-emakumeri egindako hogeita bost elkarrizketa, Euskaltzaindiaren batzarra, bertsolariak...

Parte-hartzaile guztiek euskaraz egin zuten bi salbuespenekin: Julio Caro Baroja eta Jorge Oteiza.

Egun horretan udaberriko ordu aldaketa izan zen eta, ondorioz, azkenean, jardunaldiak bi izan ziren.

Kontzertua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzertua Anoetako belodromoan egin zen, uneko abeslari ospetsuenak bilduz: Jean Mixel Bedaxagar, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Mikel Laboa, Gorka Knörr, Hibai Rekondo, Gontzal Mendibil, Lupe, Artze anaiak, Iturengo Ttuntturroak, Oskarbi, Baztango mutildantza, Laja-Iturbide, Sakabi-Egañazpi. Kontzertua benetako aldarrikapen politikoa bihurtu zen, ikurrinaz josita (ilegala zen oraindik), propaganda politikoaren banaketarekin, kontsigna desberdinekin... 100.000 lagun bildu ziren ekimenean baina, hala ere, ez zen inongo istilurik gertatu. Jaialdia arratsaldeko 9:00etan hasi zen eta goizeko 2:30etan amaitu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]