Julio Caro Baroja
- Artikulu hau Julio Caro Barojari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baroja».
Julio Caro Baroja | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Madril, 1914ko azaroaren 13a | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | Bera, 1995eko abuztuaren 18a (80 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Rafael Caro Raggio | ||
Ama | Carmen Baroja | ||
Haurrideak | ikusi
| ||
Familia | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea Instituto-Escuela | ||
Doktorego ikaslea(k) | Joseba Agirreazkuenaga | ||
Hizkuntzak | gaztelania euskara | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | antropologoa, hizkuntzalaria, historialaria eta irakaslea | ||
Enplegatzailea(k) | Madrilgo Complutense Unibertsitatea | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Real Academia Española Historiaren Errege Akademia Euskaltzaindia Instituto de Estudios Madrileños (en) ![]() |

Julio Caro Baroja (Madril, 1914ko azaroaren 13a – Bera, Nafarroa Garaia, 1995eko abuztuaren 18a) euskal jatorriko[oh 1] antropologo, historialari eta hizkuntzalaria izan zen. Diziplina horietan aitzindari, lan eskerga utzi zuen bere atzean. Etnografia eta historia arloetan, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran, Hermann Trimborn eta Hugo Obermaierrekin lan egin zuen. Real Academia Españolako eta Real Academia de la Historiako kidea zen, eta euskaltzain ohorezkoa.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Julio Caro Baroja Madrilen jaio zen 1914ko azaroaren 13an, Pio Baroja idazle ezagunaren iloba. Rafael Caro Raggio[1] argitaratzailearen eta Carmen Baroja Nessi idazlearen lehenbiziko semea izan zen. Gazterik Berara aldatu eta bertan bizi izan zen, osaba Piorekin. Lehen mailako ikasketak Madrilgo Institutu-Eskolan eta Berako Eskolapioetan egin zituen.[2]
Oso gazte zenetik interesatu zitzaion etnologia. 1929an, 15 urte besterik ez zuela, Lesakako etxeei buruzko ikerketa eman zuen argitara Eusko Folklore-ren urtekarian. 1931n, Madrilgo Unibertsitatean sartu zen eta Filosofia eta Letrak ikasketak hasi zituen. Urte berean, Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaranekin hasi zen lanean antropologiaren munduan. 1936an, Espainiako Gerra Zibilak haren unibertsitate ikasketak eten zituen, eta Berako etxean, Itzean, iragan zituen gudako hiru urteak. Gatazka horretan, Juan Bames lagun mina galdu zuen.[2]
1939an itzuli zen unibertsitatera eta hurrengo urtean Antzinako Historiako lizentzia erdietsi zuen. 1942an, Historiako doktoregoa lortu zuen, "Viejos cultos y viejos ritos en el folclore de España" tesiarekin, notarik onena jasoz. 1943an, aita hil zitzaion urtean, Historiako eta Dialektologiako katedra-laguntzaile lanetan hasi zen Madrilgo Unibertsitatean, baina bi urte eskas jardun zuen horretan. Urte berean, ikerketa lanak egin zituen Bernardino de Sahagún Institutuan. 1944an, Madrilgo Museo del Pueblo Español-eko zuzendari izendatu zuten; bi urtez bete zuen kargua.[2]
1951n, Estatu Batuetara joan zen antropología eta etnografía ikastera, eta Oxfordeko antropología institutuan ikastaro bat egiteko dirulaguntza lortu zuen. 1953an, Sahara Espainiarrean izan zen, herrialde horren inguruko ikerketa geografikoak eta etnologikoak egiten. 1956an, Pio Baroja hil zen. Ilobarekin oso lotura estua izan zuen beti idazle handiak, eta Julio haren ondoan egon zen azken egunetan. 1957tik 1960ra, Etnología Orokorreko irakasle tituluduna izan zen Coimbrako Unibertsitatean. Ondoren, Parisko Ecole Pratique des Hautes Etudes-ek Historia Sozial eta Ekonomiko saileko ikasketa zuzendari izendatu zuen.[2] 1963an, Espainiako Real Academia de la Historian sartu zen, "La sociedad criptojudía en la corte de Felipe IV" hitzaldiarekin.[3]
1973an Wisconsingo Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia filosofikoko katedradun 1981-1983 bitartean. 1983an, Giza zientzietako Asturiasko Printzea saria jaso zuen, eta Britainia Handiko eta Irlandako antropologia institutuetako ohorezko kide egin zuten. 1984an, berriz, Nafarroako Urrezko Domina[3] eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina[4] eman zizkioten. Urte berean, Euskal Irrati Telebistako administrazio kontseiluan sartu zen; hala ere, hiru hilabeteren buruan kargua utzi zuen.[2]
Joseba Agirreazkuenagaren doktore tesia zuzendu zuen, 1985ean aurkeztu zena. Urte horretan, Espainiako Letren Sari Nazionala jaso eta Real Academia Españolako partaide izendatu zuten. Horrez gain, Bordeleko Unibertsitateak Honoris causa doktore izendatu zuen. 1988an, Alfontso X.a Jakitunaren Ordenaren Gurutze Handia jaso zuen. 1990ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Madrilgo ordezkari izendatu zuten, eta Madrilgo Kultura Islamikoko Mendebaldeko Fundazioko presidente 1991n.[2]
1995ean, Eusko Ikaskuntzak Humanitate eta Giza Zientzietako lehenengo saria eman zion aho batez. Urte horretako uztailaren 9an, berriz, Kulturaren Vianako Printzea saria eman zion Nafarroako Gobemuak. Orduko ez zen etxetik ateratzen eta Pio anaiak jaso zuen haren izenean saria.[5] Bost aste geroago hil zen, abuztuaren 18an, Berako Itzean. Herri horretako hilerrian ehortzi zuten, Baroja familiaren panteoian.[2][6]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako eta Euskal Herriko Antzinako eta Erdi Aroko historia aztertzerakoan, guztiz kontuan hartu beharreko egilea da. Hainbat lan argitaratu zituen, garrantzi handikoak denak, etnologia, antropologia, historia eta filologia alorretan. Hauek dira aipagarrienetako batzuk: Los pueblos de España (1946), Los Vascos (1949), Razas, pueblos y linajes (1957), Las brujas y su mundo (1961), El Carnaval (1965), Inquisición, brujería y criptojudaísmo (1970), Etnología Histórica de Navarra (1971), Los Vascos y la Historia a través de Garibay (1972), Obras completas vascas (1974), La brujería vasca (1975), Cuadernos de campo (1979). Horiez gainera, Los Baroja bere familiari buruzko oroitzapen liburua argitaratu zuen 1972. urtean. Euskara eta filologiarekiko harremanak ere gaztetandik hasi zituen (Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina, 1945).[7]
Argitalpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
Kaleak eta plazak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Julio Caro Baroja plaza, Donostia.
Julio Caro Baroja plaza, Iruñea.
Julio Caro Baroja plaza, Irun.
Julio Caro Baroja kalea, Gasteiz.
Ikastetxeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultur etxeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Félix Maraña. Julio Caro Baroja, el hombre necesario Editorial Itxaropena, S.A. Zarautz, 1995.
- Mario Ángel Marrosan Charola. Julio Caro Baroja, su obra Ernesto Gutiérrez Nicolás, Ed. Madril, 1993.
- Baltasar Porcel. Retrato de Julio Caro Baroja Círculo de Lectores, S.A. Bartzelona, 1987.
- Rogelio Rubio et al. Homenaje a Julio Caro Baroja Centro de Investigaciones Sociológicas. Madril, 1978.
- Salvador Rodríguez Becerra, koord. El diablo, las brujas y su mundo: homenaje Andaluz a Julio Caro Baroja Signatura Ediciones de Andalucía, S.L. Sevilla, 2000.
- Francisco Castilla Urbano. El análisis social de Julio Caro Baroja: empirismo y subjetividad Consejo Superior de Investigaciones Científicas. Madril, 2003.
- Juan Antonio Paniagua Paniagua. Etnohistoria y religión en la antropología de Julio Caro Baroja Diedycul, S.L. Fuenlabrada, 2003.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Badago Caro izeneko toponimo bat ((Frantsesez) Caro < lehenago Çaro) Nafarroa Beherean, Garazin, gaur egungo grafiaz Zaro idazten dena. Toponimoak toponimo, Julio Caro Barojaren aitaren familia Andaluziakoa zen. Baroja familia 400 urtez 'Martínez de Baroja' izan omen zen eta deiturak Urizaharra ondoko herri batean omen du jatorri; Pío Barojak, Julio Caro Barojaren osabak, kontu hori idatzita utzi zuen: El País Vasco, 1953, ISBN: 9788481364668
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Rafael Caro Raggio | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2023-09-07).
- ↑ a b c d e f g Elizondo, Edurne. Itzeako jakintsuaren ibilaldie luzea pausoz pauso. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko abuztuak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ Real Decreto 1191/1984, de 20 de junio, por el que se concede la Medalla al Mérito en las Bellas Artes, en su categoría de Oro, a don Julio Caro Baroja.. boe.es (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ Julio Caro Barojaren izenean anaiak jasoko du gaur Bianako Printzea saria. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko uztailak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ Ormaetxea, O.. Euskal antropologia doluz. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko abuztuak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abril, Jon Barojatarretan azkena, Euskaldunon Egunkaria, 1999ko uztailak 25, berria.eus
- Larrañaga, Luis F. Julio Caro Baroja, Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- 1914ko jaiotzak
- 1995eko heriotzak
- Euskal Herriko historialariak
- Euskal Herriko antropologoak
- Eusko Ikaskuntzako kideak
- Beratarrak
- Eusko-espainiarrak
- Euskaltzainak
- Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzesa saridunak
- Paisaia-margolariak
- Real Academia Españolaren akademikoak
- Madrildarrak
- Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide numerarioak
- Krausistak
- Akademia Errariaren partaideak
- Bidasoko Eskola