Edukira joan

Layne Staley

Wikipedia, Entziklopedia askea
Layne Staley

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLayne Rutherford Staley
JaiotzaBellevue1967ko abuztuaren 22a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaSeattle2002ko apirilaren 5a (34 urte)
Heriotza moduaistripuzko heriotza: droga-gaindosia
Hezkuntza
HeziketaMeadowdale High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakabeslaria, kantugilea, musikagilea eta gitarra-jotzailea
KidetzaAlice in Chains
Alice N' Chains (en) Itzuli
Sleze (en) Itzuli
Mad Season
Class of '99 (en) Itzuli
Genero artistikoagrungea
alternative metal (en) Itzuli
rock alternatiboa
Ahots motadramatic tenor (en) Itzuli
Musika instrumentuagitarra elektrikoa
ahotsa
bateria
Güiroa

IMDB: nm0821655 Rottentomatoes: celebrity/layne_staley
Musicbrainz: ddf488d8-f809-47a0-adb3-95bbc7aa20f0 Discogs: 426656 Allmusic: mn0000123076 Find a Grave: 6427858 Edit the value on Wikidata

Layne Thomas Staley (Kirkland, Washington, AEB, 1967ko abuztuaren 22aSeattle, Washington, AEB, 2002ko apirilaren 5a), abeslari eta musikagile estatubatuarra izan zen. Abeslari nagusia eta letra-idazleetako bat izan zen Alice In Chains taldean, berak eta Jerry Cantrell gitarra-jotzaileak sortu zutena 1987an, Seattleko grunge mugimenduko talderik garrantzitsuenetakoa bilakatu zena. Taldea famatua egin zen batez ere Staleyk eta Cantrellek egiten zuten ahots-batasunarengatik. Staley ere ezaguna egin zen Mad Season proiektuan parte hartzeagatik, beste grunge musikari batzuekin batera. Bizitza profesional osoan zehar, drogei zien menpekotasun sakonari egin behar izan zien aurre, azkenean haren heriotza kausa bihurtu ziren 2002. urtean 34 urte zituenean.

Biografia

Haurtzaroa

Layne Thomas Staley 1967ko abuztuaren 22an jaio zen familia arrunt baten parte izanik Kirklanden, Washington estatuan. Gurasoak Nancy Elizabeth eta Philip Blair Stalry izanda, bere haurtzaroa haien erlazio arazoek baldintzatu zuten. Philip aitaren jokabide desegokiak familia-oreka apurrarazi zuen denbora gutxian. Lanagatik etxean gutxitan egoten zen, eta hara itzultzen zenean lanetik zihoan eta berandura arteko iskanbilak muntatzen zituzten haien artean. Nancy altxatu egiten zenean, garagardo botila hustuak eta drogak aurkitu ohi zituen etxe guztian zehar. Layne txikiak hori ikusi ez zezan, dena garbitzen zuen umetxoa altxatu aurretik. Layne ume bizia zen oso, buru argikoa, interes askorekin; haien artean, noski, musikarenganako interesa. Bost urte zituela, eskolako lagun batzuekin, talde bat muntatu zuen eta bertan abesten zuen. Zazpi urterekin, gurasoak behingoz banandu ziren, Nancy konturatu zenean Philip senarra droga eta mafia kontuetan sartuta zegoela. Gertakari honek sakonki traumatizatu zuen Layne. Honen ostean, Jim Elmer aitaordeak bere amarekin batera, hezi zuten. Nerabezaroa hasten zegoela, Laynen izaera lasaiagoa bihurtu zen: pintatzea, musika eta artea maite zituen; hala ere, arazoak zituela argi zegoen, izan ere, askotan liskarretan sartzen zen, eta etxeko lanak albo batera utzi ohi zituen. Aurreko guztia ikusita, eskolak arazo sozialetan sartuta zeuden gazteentzako institutu batera bidaltzea erabaki zuen. Aldi berean, gertaera honek Laynek irakaskuntza publikoarenganako fedea galtzea ekarri zuen.

Ibilbide musikala

Jerry Cantrell kontzertu batean

Staley 12 urterekin hasi zen bateria jotzen; hainbat glam taldetan ibili zen bere nerabezaroan, baina bere benetako nahia abeslaria izatea izan zen une oro. Staleyk Sleze deituriko taldea sortu zuen, Second Coming-ko taldekideak izango ziren Johnny Bacolas eta James Bergstromekin batera. Nick Pollock gitarra-jotzailea gehitu zenean 1986an, Sleze Alice N’ Chains bilakatu zen, Staleyren esanetan speed metal kutsua zuena. Talde berriak hainbat kontzertu eman zituen Seattle inguruetan. Funk proiektu batean lanean zebilela, Staleyk Jerry Cantrell gitarra-jotzailea ezagutu zuen eta biek pisu bera konpartitu zuten denbora batez. 1987. urtean harekin batera, talde zaharretik eratorritako Alice in Chains izenarekin, talde berria sortu zuten. Mike Starr baxu jolea eta Sean Kinney bateriak osatu zuten taldea. Originalki, hair metal talde bat zen, baina berehala heavy metalak (Black Sabbath taldeak batez ere) eta Seattle inguruko grunge mugimenduak baldintzatu zuten haien musika.

Dirt diskaren logoa

Alice in Chains taldeak bere lehen estudio albuma 1990ko abuztuaren 21ean atera zuen kalera, Facelift deitua. “Man in the box” abestia, Staleyk landutako letra zeukana, izugarrizko arrakasta bilakatu zen. Facelift albumak bi milioi unitateko salmentak eskuratu zituen Estatu Batuetan. Horren ostean, taldeak bi urteko bira egin zuen albuma aurkezteko. Ondoren, Sap EP-a atera zuten 1992ko hasieran. Urte bereko irailean Dirt bigarren diska kaleratu zen. Kritikak miretsi zuen album hau, egun esan daitekeena taldeak atera duen arrakastatsuena bihurtu dena. Diskoa aurkezteko bira ez zen oso luzea izan, Staleyren droga arazoak zirela eta. Bira horretan Mike Starr taldetik joan zen arazo pertsonalengatik eta Mike Inezek ordezkatu zuen. Nahiz eta ordura arte taldeko kanta gehienak Cantrellek idatzi zituen, Staleyk, denbora pasa ahala, kanta asko idatzita utzi zituen. Albumetan agertzen diren Staleyren kanta urriek azaleratzen dituzte abeslariaren egoera txarra eta drogenganako menpekotasuna, hala nola “Hate to feel”, “Angry Chair” edota “Head Creeps”. 1994ean taldeak bigarren EP-a atera zuen: Jar of flies. Haren debuta zerrendetako lehen postuetan eman zen, marka izan zena taldearentzat. Taldeko gainontzekoek, Staleyren egoera kaskarra ikusita – depresio gogor batek jota zegoen-, bira ez egitea erabaki zuten. Kaleratze horren ostean, Staley errehabilitazio klinika batera joan zen, eta bertan musika proiektu batean lan egiten hasi zen Seattleko hainbat musikariekin: Pearl Jameko Mike McCready eta Screaming Treeseko Barrett Martin. Hainbat hilabete lanean eman ondoren, ekitaldi batzuk ematen, Mad Season izenarekin. Above deituriko albuma kaleratu zuten 1995ko martxoan. “River of deceit” kanta bilakatu zen taldearen ospetsuenetakoa. Alice in Chainsek jasan zuen etenaldian zehar hainbat uste atera ziren prentsan eta zalegoaren artean, esanez heroinarenganako menpekotasunak benetan lur jota utzita zeukala. Uste horien aurrean Staleyk sorpresazko agerpena egin zuen 1994ko maiatzean (Kurt Cobainen heriotza eta hilabete bat geroago). Itxura txarra zeukan oso, eta gangrena zuelako usteak aireratu ziren. Usteak uste, Alice in Chains batu zen berriro eta 1995ean Alice in Chains album homonimoa kaleratu zuten. Zerrendetan goi-goian agertu zen, berriro, taldearen album bat. “Grind”, “Heaven beside you” eta “Over now” kantak izan ezik, gainerako kantak Staleyk idatzi zituen. Albuma aurkezteko birak berriro ere bertan behera utzi behar izan zituzten, Staleyren egoerak txarrera jo baitzuen. Staleyk taldearekin egin zuen azkenetako emanaldia 1996ko uztailaren 3ko MTV unplugged izan zen. Urte bereko urrian, bere neskalaguna izandako Demri Lara Parrott hil zen, droga kontsumoaren ondorioz. Honek Staley gehiago hondoratu zuen depresioan.

Azken urteak: 1997-2002

Staley bizitza publikotik at egon zen 1997ko otsailaren 26ra arte, Alice In Chains-ko taldekideekin batera Grammy Sarietara joan zenean, “Again” kanta izendatuta baitzegoen hard rock emanaldi hobereneko sailean. 1998ko irailean, Staley taldera bueltatu zen “Get born again” eta “Died” bezalako kantak grabatzeko, Music Bank taldearen kanta bilduman agertuko zirenak geroago. 1998ko azaroan, Rage against the Machineko Tom Morellorekin eta beste musikari famatuekin batera, Class of ’99 taldea osatu zuen Staleyk. Robert Rodríguez zuzendariaren The Faculty pelikularako Pink Floyd taldearen ''Another brick in the wall''-en (lehen eta bigarren parteak) bertsio bat grabatu zuten. 1999ko uztailean, Rockline Estatu Batuetako irrati programa batean Cantrell, Inez eta Kinney Alice in Chainseko kideak gonbidatuta zeudela eta solasaldi bat ematen ari zirela Nothing Safe: The Best of the box bilduma-albumaren inguruan, Staleyk txunditu zituen dei egin zuenean programara solasaldian parte hartzeko. 1999 eta 2002. urteen artean, Staley oso gutxitan ikusi ahal izan zen. Oso gutxi jakin izan da denbora horretan egin zuenaz, baina badirudi gutxitan atera zela Seattle inguruetatik. Uste da arte-lanetan, bideo-jokoetan jolasten eta drogak kontsumitzen pasa zituela urte horiek. Staleyren amak dauka bere semeari ateratako azken argazkia, 2001ko azaroan hain zuzen. 2002ko hasieran, eman zuen azken elkarrizketan, Staleyk onartu zuen heriotzatik gertu ikusten zuela bere burua.

Heriotza

2002. urteko apirileko 19an, Staleyren amari jakinarazi zioten bere semearen banku-kontuan ez zirela eman inolako mugimendurik azken bi asteetan zehar, eta beraz, poliziari deitu zion. Polizia Stayleren etxera bortxaz sartzean, musikariaren gorpua aurkitu zuten, drogaz inguraturik. Autopsiak baieztatu zuen heroina eta kokaina nahasketa bat hartzeak suposatu ziola heriotza, eta bera zela jakin izan zuten hortzeria konparatu ostean, gorpua usteltze prozesuan baitzegoen. Forenseen arabera, apirilaren 5ean hil zen, Kurt Cobain hil zen egun berean. Jerry Cantrellek Degradation Trip banakako diskoa Staleyri eskaini zion, berak beti saiatu baitzen abeslariarekin kontaktuan jartzen eta drogen mundutik aldentzen.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Layne Staley Aldatu lotura Wikidatan