Elgorriagako bainuetxea
Elgorriagako bainuetxea | |
---|---|
Bainuetxearen irudia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Elgorriaga |
Koordenatuak | 43°08′N 1°41′W / 43.13°N 1.69°W |
Elgorriagako balneario edo bainuetxea Nafarroako Malerreka eskualdeko Elgorriaga udalerrian dagoen bainuetxe eta hotel bat da.[1] Bertako urek litro bakoitzeko 310 gramo gatz dute, Itsaso Hilean baino gehiago.[2]
Kokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elgorriaga Ituren arteko NA-170 errepidea eta Ezkurra ibaiaren alboan dago, Elgorriagako herrigunetik 500 metrora.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2009ko urrian ireki zen berriro, garai bateko balnearioa zegoen lekuan berria egiteko 10,2 milioi euroko inbertsioa egin ondoren 6.000 metro koadroko eremuan.[2] Izan ere, XX. mendeko 50eko hamarkadara arte funtzionatzen egon zen eta oso ezaguna zen. Hain gazia zen uraren iturburua aurkitzeko moduak zerikusia izan zuen inguru hartan bazkatzen zuen aziendarekin. Behiek gogoko zuten ur gazi hartatik edatera hurbiltzea. Halako batean ura aztertzera eraman zuten eta1919an onura publikokotzat jo zuten. San Martin eta Simonena doktoreak izan ziren 1846an ur klorurosodikoak eta bromo-ioduratuak zirela ikusi zutenak. Orduko lurrunketa bidez iturburu honetako gatzak lortzen ziren. Denborak aurrera egin ahala, gaitzak sendatzeko onak zirela ikusita, bainuak hartzea gomendatzen hasi ziren.[3][4]
Bere distira termala joan den mendearen hasieran izan zen, Elgorriagako bainuetxea pertsonaia ospetsuek bisitatzen zutenean, horien artean Alfontso XIII.aren senideak zeudelarik.[5]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertan dagoen ur mineraletako iturburuan Europako ur gazienak dira, 14º eta 16º C bitarteko tenperaturan azaleratzen dira. Iturburuaren analisien arabera, ur mineralak klorurado-sodio hotzak, broma-yoduratuak eta bakterostatikoak dira, eta lur sedimentarioetan dute jatorria. Horiei esker, urek munduko mineralizaziorik handiena dute: "333 gramoko gazitasun-indizea du ur litro bakoitzeko, eta manipulatzen ez den ur naturala da, iragazita, eta berotua erabiltzen dena bainuetxean.[6]
Mineralizazio handia dutenez, ur klorudatu, sodiko eta ferruginoso horiek erreumatismo kroniko degeneratibo eta inflamatorioetarako, tendoien degenerazio-lesioetarako, neuralgietarako eta traumatismoen ondorioetarako gomendatzen dira. Baita katarro, errinitis eta sinusitis kronikoentzat ere, eta onuragarriak dira azalarentzat, ekzema kronikoak edo psoriasia duten pertsonentzat. Zirkulazio-aparatuari dagokionez, hasierako arazo aldakor eta angioneuropatietarako gomendatzen dira, baita estreserako eta nekerako ere.[5]
Bainuetxeak masaje-kabinak, hidromasaje-piszinak, bainu turkiarrak, saunak, dutxak zenbait tratamendu egiteko, flotagarritasun-piszina, atseden-galeria, solariuma eta gimnasioa ditu. Gainera, hidroterapiako tratamenduak, ekialdeko masajeak eta kabinako zerbitzuak -adibidez, txokolate edo oliba bidezko terapiak- ere eskaintzen ditu.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Elgorriagako balnearioa - Places - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ a b «Hamargarren urteurrena ospatzen hasi da Elgorriagako Bainuetxea - Malerreka» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Diez años del Balneario de Elgorriaga» El Diario Vasco 2019-07-04 (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Balneario Elgorriaga, masajes y ‘spa’ en el Alto Bidasoa» elviajero.elpais.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Elgorriaga, balneario salino» El Diario Vasco 2009-07-23 (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ «El mar de Elgorriaga» navarracapital.es (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ Elgorriagako bainuetxea. Turismo Nafarroa.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elgorriagako bainuetxearen webgunea (euskaraz ez du orrialderik)