Edukira joan

Valdés penintsula

Koordenatuak: 42°30′00″S 63°56′00″W / 42.5°S 63.93333°W / -42.5; -63.93333
Wikipedia, Entziklopedia askea
TheklanBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:34, 7 urria 2020
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Valdés penintsula

Valdés penintsularen satelite irudia.
Bertako izenaKaüas a Süen
Geografia
KokapenaChubuteko probintzia
Azalera3.625 km2
Punturik garaienaCerro Piaggio
Politika
Herrialdea Argentina
Gizartea
Biztanleria692 biztanle
Dentsitatea0,19 bizt/km2

Valdés penintsula (tehueltxeraz Kaüas a Süen[1]) Argentinan dagoen penintsula ezaguna da, 1999 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuena. Puerto Pirámides herriak baleak ikusteko turismoa garatu du.

Puerto Pirámides da penintsulako herri bakarra eta gainerako eremuak 30 ardi estancia inguruk hartzen dute.

San Matías golkoaren hegoaldean kokaturik dago, Chubuteko probintzian. Itxura nahiko errektangularra du eta Carlos Ameghino istmoak lotzen du kontinentearekin. Istmoaren alde bietan badiak eratzen ditu gainera, iparraldean San José eta hegoaldean Golko Berria. Golko berriko hiri handiena Puerto Madryn da, kontinentean kokaturik dagoena.

Penintsulak 3.625 km2-ko azalera dauka eta nahiko laua da, izan ere Cerro Piaggio (110 m) da punturik altuena eta penintsularen erdian itsasoaren mailatik beherako guneak ere badaude, aipagarriena Bajo del Gualicho (-42 m). Gatzaga batzuk ere badaude, Salinas Grandes, Salinas Chicas eta El Salitral.

Tehueltxeak (edo aonikenk leinua) izan ziren eremuko jatorrizko biztanleak.

1520an Fernando Magallaesen espedizioa bertatik pasa zenetik itsasontzien ohiko geltokia bihurtu zen. Itsas txakurren larrugintza industria bat ere ezarri zen. XVIII mendean espainiarrek San José de la Candelaria[2] gotorlekua eraiki zuten Carlos Ameghino istmoaren iparraldean. Hurrengo urteetan kolono batzuk iritsi ziren eta izen bereko herrixka osatu zen. Tehueltxe eta espainiar kolonoen arteko harremanak onak izan ziren baina tarteka baliabideen ustiaketak eragindako istiluak izaten ziren. 1810 urtean tehueltxeek gotorlekua erasotu zuten eta gaur egun hondarrak baino ez dira gelditzen.

XIX mendean argentinarrak ingurua populatzen hasi ziren eta XX mende hasieran trenbidea ere eraiki zen. 1901 eta 1920 artean Puerto Pirámides eta Salinas Grandesen artean eraiki zen gatza ustiatzeko helburuaz. 1917 eta 1953 artean 260.000 itsas txakur hil ziren bere larrua eta koipearengatik, harik eta gobernuak babes eremuak ezartzea erabaki zuen arte[3].

    Datu klimatikoak (Punta Delgada Lighthouse, Valdes Peninsula)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 35.9 35.6 34.9 30.1 24.5 20.9 17.9 21.9 26.9 30.4 34.9 37.2 37.2
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 22.8 23.2 21.1 18.6 14.6 12.2 11.2 11.6 13.7 17.2 19.4 21.8 17.3
Batez besteko tenperatura (ºC) 17.4 17.6 16.1 13.7 10.8 8.2 7.1 7.7 9.2 11.5 13.8 15.7 12.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 13.1 13.3 12.0 10.2 7.0 4.3 3.6 3.2 5.5 7.4 9.8 12.0 8.5
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 5.1 5.4 4.3 0.3 -0.1 -3.4 -3.5 -2.9 -4.9 -2.4 1.6 2.7 -4.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 13.9 10.5 23.5 25.9 25.0 25.2 27.9 14.8 16.5 12.1 13.1 15.1 223.5
Hezetasuna (%) 68.0 68.5 68.5 68.5 72.5 76.5 77.0 72.5 72.5 68.0 69.0 67.5 70.8
Iturria: Secretaria de Mineria[4] (1971-2000)
Valdés penintsula1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Itsas lehoiak Valdés penintsulan.

Mota Naturala
Irizpideak x
Erreferentzia 937
Kokalekua  Argentina
Eskualdea2 Latinoamerika eta Karibea
Izen ematea 1999 (XXIII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Estepa eremura moldaturiko espezieak nagusitzen dira penintsularen barrenean. Marak (Patagoniako erbiak), guanakoak, azeri grisak, Darwinen ñanduak, mofetak eta armadiloak. Antzina yaguareteak eta kondorrak ere izan ziren baina XIX mende amaieran denak akatu zituzten.

Kostaldean itsasoko fauna oso aberatsa da, ugaztunak bereziki. Balea australak bertara etortzen dira ugaltzera, bai eta hainbat izurde espezie (Cephalorhynchus commersonii, Izurde Handia...) eta orkak ere. Kostaldean itsas elefante, itsas lehoi eta itsas txakurren koloniak aurkitzen dira.

Hegaztiei dagokienez bertako kaioa, caranchoa, chimango mirua, ubarroiak eta hainbat ahate espezie aurkitzen dira. Honetaz gain Magallaesen pinguinoaren koloniak ere ugariak izaten dira sasoia denean.

1999 urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen hegaztien kumatze eremuak babesteko asmoz. Hainbat natur erreserba eratu dira, lur eremua, aire eremua eta itsasoko hiru miliako eremu bat hartzen dituztenak:

  • San José golkoko itsas parkea: kostaldea eta arrezifeak babesten ditu.
  • Punta Norteko erreserba[5]: itsas elefante eta pinguinoen koloniak aurkitzen dira.
  • Caleta Valdés erreserba[6]: itsas elefante eta pinguinoen koloniak aurkitzen dira eta aldiro orkak ere ikusten dira.
  • Puerto Pirámides[3]: itsas txakurren kolonia handia dago. Bertakoen "lobo de mar" (itsas otso) esaten diotenez Lobería de Puerto Pirámides izenarekin ezagutzen da[7]. Baleak ikusteko itsasontziak ateratzeko puntua ere bada.
  • Isla Pájaros erreserba[8], istmotik 5 kilomtero eskasera eta kostaldetik 800 metrotara.
  • Punta Loma erreserba[9] (Valdés penintsulatik kanpora, Puerto Madryn inguruan), ubarroiak aurkitzen dira.

Puerto Pirámides da penintsulako turismoaren erdigunea: Animaliak ikuskatzeko turismoaz gain Argentinako ikasleen ikasbidaien ohiko geldialdia ere izaten da.

Balea australak ikusteak erakartzen ditu turistak eta Argentinako jarduera turistiko nagusietako bat da gaur egun. Neguko jarduera izaten da, baleak maiatza aldera etortzen baitira eta hilabete batzuk egiten baitituzte bertan kumeak hazten.

Uda garaian hegaztiak ikusten dira, baina jarduera nagusia hondartza turismoa bihurtzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Honorable Legislatura de la Provincia del Chubut - Sesión 1061 31-08-06» www.legischubut2.gov.ar (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  2. (Gaztelaniaz) Villelli, Marcia Bianchi; Buscaglia, Silvana; Sancci, Bruno. (2013-06-15). «Una genealogía de los planos históricos del Fuerte San José» Corpus (Vol 3, No 1)  doi:10.4000/corpusarchivos.76. ISSN 1853-8037. (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  3. a b Reserva Provincial Punta Pirámide, Argentina , Parques Nacionales en Argentina. 2013-09-25 (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  4. (Noiz kontsultatua: 2015eko abuztua).
  5. Punta Norte - Reserva Natural Turística. 2012-08-17 (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  6. «RESERVA PROVINCIAL CALETA VALDÉS» www.intertournet.com.ar (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  7. Información Turística_ Puerto Piramide. 2013-10-02 (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  8. PENINSULA VALDES - Isla de los Pájaros. 2011-09-02 (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  9. «Punta Loma: reserva faunística - Puerto Madryn, Patagonia, Argentina.» www.patagonia.com.ar (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]