Fernando Magallaes
Fernando Magallaes | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Ponte da Barca, 1480ko udaberria |
Herrialdea | ![]() ![]() |
Heriotza | Mactan (en) ![]() |
Hobiratze lekua | ezezaguna |
Heriotza modua | giza hilketa: guduan hila |
Familia | |
Aita | Rui de Rui de Magalhães |
Ama | Alda de Mesquita |
Ezkontidea(k) | Justine Picq (en) ![]() |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera portugesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | esploratzailea, marinela eta itsasturia |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | |
Kidetza | San Jakueren ordena |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | kapitain |
Parte hartutako gatazkak | Battle of Mactan (en) ![]() |
![]() ![]() | |
![]() |
Fernando Magallaes[1] Hernando Magallaes izenez ere ezaguna –jatorrizko izen-deiturez Fernão de Magalhães– (Ponte da Barca, Minho, Portugal, 1480ko udalerria - Mactán, Filipinak, 1521eko apirilaren 27a[2]) nabigatzaile, marinel, militar eta esploratzailea eta leinu noblekoa izan zen.
Karlos I.a Espainiako erregearen zerbitzura, Ekialdeko Indietara ibilbide berri bat topatzeko asmoz abiatu zen Sevillatik 1519ko abuztuaren 10ean, bost itsasontziko espedizio baten buru, baina itzuli baino lehenago hil zen. Espedizio hartan, Magallaes itsasartea aurkitu zuen, eta Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera joan zen lehenengo europarra izan zen. Magallaes Filipinetako uharte batean hil zen, Maktan uhartean, hain zuzen ere, indigenekin borrokan zebilela. Juan Sebastian Elkano getariarrak hartu zuen haren ordez agintea, eta, 1522ko irailaren 6an Sanlúcar de Barramedara iritsita, munduari bira ematea lortu zuen. Nabigazio hori munduko lehen zirkumnabegazioa bilakatu zen. [Oh 1]
1480 inguruan jaioa Portugalgo nobleziako familia txiki batean, Magallaes marinel trebe eta Asiako Portugalgo Koroaren zerbitzura zegoen itsas ofizial trebe bihurtu zen. Portugalgo Manuel I.a erregeak uko egin zion Magallaesek Moluketara amerikar kontinentearen inguruan mendebalderantz nabigatuz iristeko egin zuen planari laguntza emateari. Magallaesek, gero, plan bera proposatu zion Espainiako Karlos I.a erregeari, eta hark onartu egin zuen[3]. Sevillan ezkondu; bi seme-alaba izan, eta espedizioa antolatu zuen. 1518an, Monarkia Hispanikoarekiko leialtasunagatik, Magallaes Espainiako ontzidiko almirante izendatu zuten, eta bost itsasontziz osatutako «Moluken armada» espedizioaren agintea eman zioten. Done Jakueren Ordenako komandante ere izendatu zuten, Espainiako Inperioko maila militar altuenetakoa[4].
Erregearen eskutik botere bereziak eta pribilegioak jaso ondoren, armadaren buru izan zen Sanlúcar de Barramedatik hego-mendebalderantz, Ozeano Atlantikoan zehar, Hego Amerikako ekialdeko kostalderaino eta hegoalderantz Patagoniaraino. Ekaitzak eta matxinadak izan arren, espedizioak arrakastaz zeharkatu zuen Magallaes itsasartea (bere omenez bataiatua) Hegoaldeko itsasoraino, eta Magallaesek Itsaso Barea izena eman zion[5]. Espedizioa Guamen lehorreratu zen Ozeano Barearen zeharkaldi gogor baten ondoren, eta, gero, Filipinetara iritsi zen. 1521eko apirilean, Magallaes Mactango guduan hil zen. Elkano kapitainaren agindupean, azkenean, espedizioa Espezien uharteetara iritsi zen. Ontziteriako bi ontzi banandu egin ziren: bat, Ozeano Barean zehar ekialderantz nabigatuz, Espainia Berrira iristen saiatu zen, baina alferrik. Besteak, Elkano buru zuela, mendebalderantz nabigatu zuen Indiako Ozeanoan zehar eta iparralderantz Afrikako kostalde atlantikoan zehar; azkenean, 1522ko irailean, Espainiara itzuli ziren globoaren lehen zirkuitu osoa lortuz.
Portugalgo Erresumaren zerbitzura zegoen bitartean, Magallaes Asiako hego-ekialdeko Malaysiako uhartedira iritsia zen aurreko ekialderako bidaietan (1505 eta 1511 edo 1512 artean). Eskualde hori berriro bisitatzean, baina oraingoan mendebalderantz bidaiatuz, Magallaesek globoaren zirkunnabigazio pertsonal ia osoa lortu zuen historian lehen aldiz[6][7].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fernando Magallaes Portugaleko iparraldean jaio zen 1480ko udaberrian, familia noble batean. Ez dago argi zein den bere jaioterria, eztabaida baitago zenbait lekuren artean; hala nola Sabrosako Vila, Oportoko Se-ko fregesia, Vila Nova de Gaia eta Ponte de Barca-ren artean. Ruy de Magalhaes eta Ines Vaz Moutinho-ren semea zen. Zenbait anai-arreba ere bazituen: Duarte de Sousa, Isabel de Magalhaes, Genebra de Magalhaes eta Aires de Magalhaes. Haren aita Ruy de Magalhães-ek lortu zuen bere semea Joan II.a Portugalgoaren alarguna zen Leonor erreginaren gortean morroi izan zedin. Fernando Magallaesek bi ume izan zituen: bata, Rodrigo, oso gazte hil zena, 1522an, eta, bestea, Carlos, jaiotzerakoan hil zena. Ama, berriz, Beatriz de Barbosa zen.
Beraz, bere lehen urteak Portugalgo gortean eman zituen, baina, abenturaren irrikaz, Ekialde Urrunerantz zihoan espedizio batean hartu zuen parte. Garai hartan, portugaldarrek entzute handia zuten gaur egungo Malasia, Indonesia eta Filipina aldeko lurrekiko harremanetan.
Moluketara egindako espedizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espedizioaren prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiarrek defendatzen zuten 1494an Tordesillasko Itunean ezarritako lerroaren antimeridianoak espainiar aldean uzten zituela espezien uharteak edo Molukak[8]. Hitzarmenak esaten zuen lerro bat egin behar zela polo batetik bestera, Cabo Verdeko uharteetatik 370 legoa mendebaldera pasatuko zena, baina ez zen zehazten uhartediko zein uhartetatik hasi behar zen kontatzen ez eta legoa bakoitzak zenbat neurtzen zuen ere (tokian aldatzen zena)[9]. Halaber, ez zen planetaren tamaina ere ezagutzen, eta zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta proportzio handiagoa zegokion Espainiari[10].
Baliteke Magallaesek Joan Lisboakoaren 1514ko mapa bat eskuratu izana, non hegoaldeko muturreraino estutzen doan Hego Amerika erakusten duena eta Johannes Schöner-en 1515eko beste mapa bat Amerikan bi itsasarte erakusten dituena: bata, Erdialdeko Amerikan (aurreko espedizioetan aurkitu ez zena) eta, bestea, Brasildik hegoaldera. Material horiekin, pentsatu zuen Moluketara hel zitekeela lehenago Ozeano Atlantikoa zeharkatuz[11]. Bartolomé de las Casasek dio Antonio Pigafettak idatzitako gutun batean esaten zela Magallaesek, Martin Behaim-en nabigazio-gutun batean, ikusi zuela Moluketara mendebalderantz nabigatuz iristeko aukera emango zion itsasartea[12].
Magallaes Rui Faleiro kosmogrofoarekin harremanetan jarri zen. Kosmografo horren ustez, Tordesillasko Itunaren arabera[13] espezien uharteak (Molukak) Espainiari zegokion aldean zeuden, eta, hori zela eta, aurkitu berri ziren lurralde guztiak eta demarkazio-lerro batetik ekialdera (370 Legoa, Cabo Verdeko uharteetatik mendebaldera) aurkitu gabe zeudenak Portugali esleitzen zitzaizkion, eta mendebaldean zeudenak, berriz, Espainiari[14]. Magallaesek bere kalkuluak egin zituen, ziur aski Francisco Rodriguesek Antonio de Abreuren espedizioan eta geroago egindako itsas karta portugaldarrak erabiliz, eta pentsatzen zuen portugaldarrek uharte horiek beren lurraldean kokatzeko kalkuluak manipulatu egin zituztela[15].
Magallaesek eta Faleirok espezien uharteetara espedizio bat egitea adostu zuten informazioa hirugarren pertsonekin partekatu gabe[16]. Mendebalderantz nabigatu nahi zuten, espezia uharteak (Molukak) mugapearen mendebaldean zeudela frogatzen saiatzeko, hau da, Espainiako hemisferioan eta ez Portugalgoan. Magallaes konbentzituta zegoen bere itsasontziak Atlantikotik «Hegoaldeko itsaso»raino eramango zituela itsasarte bat aurkituz lehorrean. Ideia ez zen harena, eta beste batzuek bilatu zuten igarobide bat mendebalderantz etengabe zihoazen itsasontziak ekialdera irits zitezen eta, hala, portugaldarrek kontrolatzen zuten Afrikako Esperantza Oneko lurmuturra ekidin zezaten.
1483an, Bragantzako Etxearen garrantzia handitzean, Portugalgo Joan II.a erregeak erantzun zuen hirugarren dukea exekutatuz eta haren ahaideak erbestera bidaliz, zeinetako batzuk Granadako gerran parte hartu baitzuten. Erbesteratu horietako asko Sevillako komunitate portugaldarraren muina izatera pasatu ziren[17], eta Magallanes bertan integratuko zen[18].
1503an, Elisabet I.a Gaztelakoak, katolikoa ere deitua, Jorge de Portugal y Melo alkazarreko eta Sevillako atarazanetako alkaide izendatu zuen. 1517an, Diego Barbosa portugaldarra zen haren alkaideorde edo teniente alkaide[18][19]. Urte berean, Magallanes Beatriz Barbosarekin, Diegoren alabarekin, ezkondu zen. Ezkontza-kontratua, ordea, ez zen amaitu 1519ko ekainaren 4ra arte. Kontratuan, Magallaesi, 60.000 marabediko dotea ematen zitzaion (urtebetean 50 marineli ordaintzeko adina diru). 1519an jaio zen ezkontzako lehen semea, Rodrigo izenekoa[20].
Francisco Faleiroren arabera, Magallanesek, seguruenik, Americo Vespuziok eta Nuño García de Torenok egindako mapak eskuratu ahal izan zituen[21].
Lehenengo bidaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1505eko martxoan, Indiako Armadan sartu zen 25 urte zituela. Nahiz eta bere izena kroniketan ez azaldu, bertan zortzi urte igaro zituela jakina da, baita Goan, Cochinen eta Quiloan ere. Ekintza militar ugaritan hartu zuen parte, baita Cananorren, non zauritua izan baitzen, eta Diuko gudu erabakigarrian ere. Fernandok Molukak uharteetarako espedizio bat proposatu zion Portugalgo erregeari, mendebaldetik joango zen bidaia bat, alegia, baina ezetza jaso zuen, Tordesillasko Itunak zioenez, uharte haiek Gaztelaren eremukoak baitziren eta Portugalek ez baitzuen gerra pizterik nahi. Tordesillasko Ituna 1494an Gaztelak eta Portugalek aita santuaren baimenarekin sinatutako akordio bat zen, mundua bitan banatu zuena: alde bat Gaztelarentzat eta bestea Portugalentzat izango ziren. Alfonso Alburquerquekoa gobernadore berriaren zerbitzura, 1511an, Malakaren konkistan parte hartu zuen, bere lagun eta lehengusu zen Francisco Serraoren eskutik. Hiriaren konkistaren ondoren, adiskideen bideak banatu egin ziren: Magallaes harrapatutako ondasun guztiekin eta Sumatran erositako esklabu batekin, Enrique Malakakoarekin, hain zuzen ere, Europara itzuli zen.
Magallaesek Azamorreko guduan (Maroko) parte hartu ostean, jada hiri horretan zerbitzatzen ari zela, moroekin ilegalki salerostea leporatu zioten. 1515ean, itsasontzi portugaldar baten tripulazioan parte hartzeko eskaintza egin zioten, baina ezetz esan zuen. Lisboara itzuli zenean, itsas-karta berrienak ikasi zituen, eta Rui Faleiro kosmografoarekin batera, Atlantikotik Ozeano Barera joateko pasabide bat aztertu zuen.
1517ko urriaren 20an, Magallaes Sevillara joan zen[18], Casa de la Contratación de Indias-ekin harremanetan jarriz[22]. Erakunde horretako faktoreak hartu zuen: Juan de Arandak[23]. Magallaesek 1518ko azaroan idatzi zuen ez zegoela Juan de Aranda bezain pertsona prestaturik berak eta Rui Faleirok bilatzen zutena ulertzeko[24]. Magallaesek, ordura arte bere portugaldar izena, Fernão de Magalhães, zerabilen, handik aurrera, berrez, gaztelaniazko bere izenaren bertsioagatik hasi zen ezaguna izaten, Fernando de Magallanes[14].
1518ko urtarrilaren 20an, Fernando Magallanes, Rui Faleiro eta Juan de Aranda Sevillatik atera ziren Valladoliderantz, Gortea bertan baitzegoen[23]. Magallanesekin batera Enrique de Malaca eta hainbat hizkuntza zekien Sumatrako emakume bat ere bazihoazen. Sumatrako emakumea ez da espedizioko kideen artean agertzen, baina Francisco Lopez de Gómararen arabera, bertan egon zen, eta Mariana uharteetako biztanleekin komunikatzen lagundu zuen[25]. Segizioak gau bat eman zuen Medina del Campon, eta, gero, Puente Dueron hartu zuten ostatu[26].
Arandak, bere gestioengatik, saritua izan nahi zuen, eta, negoziaketa baten ondoren, Fernando Magallanesek eta Rui Faleirok, 1518ko otsailaren 23an, espedizioaren etekinen zortziren bat ematea adostu zuten.
Horrela zioen akordioak. Espedizioa Gaztelako Koroak finantzatuko zuen, eta bi urterako hornitutako bost ontzi joango ziren.
Koroak gogo handiz hartu zuen proposamena, 1500ez gero, espezietako uhartetara joateko ahalegina egitekotan baitzebilen.
Mila arazo izan ziren prestaketan: diru falta; espedizioa bertan behera utz zezaten Portugalgo erregeak egin zituen ahaleginak (erregeak espedizioko partaideak kartzelatzea nahi izan zuen); Faleiro eta Magallaesen arteko haserreak... Hala ere, espedizioak aurrera egin zuen. Juan Rodríguez de Fonseca gotzainak Kristobal de Haro merkatariak kostuaren bostena jartzea lortu zuen, eta Faleiro, haserre haien ondorioz, ez zen orduko hartan joango. Faleirorekin harremana hautsi ostean, Magallanes Sevillara joan zen joateko erabiliko zituzten itsasontziak prestatzera. Tripulazioan, jatorri anitzeko marinelak zeuden, eta horietako asko portugaldarrak eta euskaldunak ziren. Lehenengoen artean, honako hauek zeuden: Alvaro Mezkitakoa, Magallaesen lehengusu-anaia zena; Duarte Barbosa, Magallaesen emaztearen lehengusua zena; Juan Serrano, Francisco Serraoren anaia edo lehengusua zena eta Esteban Gomez. Horietaz gain, Magallaesen esklabo zen Enrique Malakakoa ere bertan egon zen. Antonio Pigafettak, geografo eta kronista veneziarrak, bidaiaren eguneroko oso bat idatzi zuen, eta honen arrazoia zera izan zitekeen: Europara birizik itzuli zen bakarrenetakoa izatea.
1519ko ekainaren 25ean, Juan Rodríguez Fonseca Burgosko gotzainak Arandari esan zion lortutako akordioa baliogabea zela, Casa de la Contratación de Indias-eko funtzionarioa zenez interes-gatazka zela-eta[27].
Arandak lortu zuen Jean Sauvage kantzilerrak eta Juan Rodriguez Fonseca Burgosko gotzainak Magallanes Valladoliden hartzea[23][28]. Topaketa horiek badirudi 1518ko martxoaren 17tik 18ra bitartean egin zirela. Auzia Erresumako Kontseilura bidali zuten, eta hark uko egin zion espedizioa finantzatzeari, Atlantikoa ekialdeko itsasoekin komunikatzen zuen itsasarterik ez zegoela uste baitzuten[29].
Francisco López de Gómararen arabera, Magallanesek espezien uharteen (Molukak) aberastasunaz hitz egiten zuen Francisco Serrão lagunaren gutunak aurkeztuz, azkar aberats izan nahi bazuen hara joateko esaten baitzion. Halaber, ekialdetik egindako bidaia baten kronika ere erakusten zuen, Ludovico de Varthemak 1510ean argitaratua[30]
Bartolomé de las Casasen arabera, Magallanesek, Gortean, Moluketarako ibilbide berria aurkezten zuen lurraldeak marraztuta zituen munduko bola batekin eta egin nahi zuen ibilbidearekin, Amerikako itsasartearen partea hutsik bazuen ere; berak zioenez, inork aurrea har ez ziezaion[31].
Karlos I.a martxoaren 20an iritsi zen Valladolidera bere ama Joana I.arekin batera Tordesillasen erretiro-aldi batera joana baitzen. Erregeak atzera bota zuen Erresumako Kontseiluak hartutako ezezko erabakia, eta, martxoaren 22an, espedizioa finantzatzea onartu zuen[32]. Azkenean, espedizioari esleitutako marinel portugaldarren kopurua mugatu egin zen; Fonseca apezpikuak ofizial espainiar bat flotako komandante-kide gisa jartzea lortu zuen, eta Magallanesek bere kapitain-kide portugaldarra, Faleiro, galdu egin zuen, haren buruko ezegonkortasunak nabigatzea eragotzi baitzion. Portugaldar eta espainiar ofizialen arteko gatazkek diziplina arazo larriak eragin zituzten.
1518ko martxoaren 22an, Karlos I.ak Magallaesekin eta Faleirorekin kapitulazioak egin zituen Valladoliden; bi portugaldarrek Moluketarako espedizioa zuzenduko zuten, betiere, Tordesillasko Itunak zioenaren barnean. Erregeak, trukean, hau eskaini zien:
- 10 urterako monopolioa aurkituko zuten bide horretan.
- Aurreratu eta gobernadore izendapenak, aurkitutako uharte edo lurralde horietatik ateratako irabazien % 5 eurentzako izango zelarik.
- Bidaiaren irabazi garbiaren % 5.
- Ondorengo bidaietan, salgaietan 1.000 dukat eramateko aukera, ateratako % 5 soilik ordainduko zutelarik.
- Bakoitzak uharte bana izango zuen, aurkitutako 6 aberatsenak kanpo geratzen zirelarik, baina horietan ere onuren hamabosten bat jasoko zuten.
« | ...E acatando la voluntad con que os abeis movido a entender en el dicho descubrimiento por Nos servir, al serviçio que Nos dello resçibimos e nuestra Corona Real ser acreçentada, e por el travajo e peligro que en ello abeis de pasar, en rremuneraçión dello, es nuestra merçed y voluntad y queremos, que en todas las yslas e tierras que vosotros descubrierdes vos haremos merçed, e por la presente vos la hazemos, que de todo el provecho e ynteresse que de todas las tierras e yslas que ansí descubrierdes así de rrenta como de derechos como de otra cualquier cossa que a Nos se siguiere en cualquier manera, sacadas primero todas costas que en ella se hisieren ayais y lleveis la veintena parte, con el título de nuestros adelantados e governadores de las dichas tierras e yslas, vosotros e vuestros hijos e herederos de juro, para siempre jamás, con que quede para Nos e para los Reyes que después de Nos vinieren la supremera e seyendo vuestros hijos y herederos naturales de nuestros Reinos, e casaddos en ellos, con que la dicha governaçión y título de adelantados después de vuestros días quede en un hijo heredero, e dello vos mandaremos despachar vuestras cartas e privilegios en forma... | » |
Munduari lehenengo bira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1519ko irailaren 20an, Sanlúcar de Barramedatik (Espainia) irten zen 5 ontziz osatu espedizioan: Trinidad, Victoria, San Antonio, Concepción eta Santiago zuten izena, eta Magallaes lehenengoan joan zen. Victoria izango zen itzultzea lortuko zuen bakarra.
Ontzia | Tripulazioa | Tonelajea |
---|---|---|
Trinidad | 110 | 55 |
San Antonio | 120 | 60 |
Concepción | 90 | 45 |
Victoria | 85 | 42 |
Santiago | 75 | 32 |
TOTALA | 480 | 234 |

Izena | Postua |
---|---|
Joan Sebastian Elkano (Getaria) | maistrua |
Francisco Albo (Axio) | pilotua |
Miguel Rodas | pilotua |
Juan Akurio (Bermeo) | kontramaisua |
Antonio Lombardo (Pigafetta) (Vicenza) | supernumerarioa |
Martin Judicibus (Genoa) | ontziburua |
Hernando Bustamante (Alcántara) | marinela |
Nicholas edo Grego (Napoli) | marinela |
Miguel Sánchez (Rodas) | marinela |
Antonio Hernández Colmenero (Huelva) | marinela |
Francisco Rodrigues (Sevillako portugaldarra) | marinela |
Juan Rodríguez (Huelva) | marinela |
Diego Carmena | marinela |
Hans (Akisgran) | artilleroa |
Juan Arratiakoa (Bilbo) | marinela |
Vasco Gómez Gallego el Portugués (Bayona, Galiza) | marinela |
Juan de Santander (Cueto, Kantabria) | ontzimutila |
Juan Zubileta (Barakaldo) | morroia |
Kanariar uharteetan gelditu ondoren, Cabo Verde eta Sierra Leona paretik pasatu, eta, abenduaren 13an, gaurko Rio de Janeiro ukitu zuten. Hegoalderantz jarraitu zuten; Rio de Platatik pasa (1516an, Juan Díaz de Solisek aurkitua), eta, 1520ko martxoan, San Julian badiara iritsi ziren, pasabideren bat aurkituko zuelakoan esploratzeari emanez. Negua gerturatzen ari zitzaiela eta, Fernandok bertan geratzea pentsatu zuen udaberrira arte. Ez ziren Moluketara irits;, ingurua desatsegina zen, eta nabigazioaren baldintzak ez ziren onak; beraz, horrek guztiak tripulazioan atsekabea sortu zuen.
Paraje beldurgarria zen hura, eta janaria neurriaren neurriz zegoen. Tripulazioa haserre zegoen, eta itzultzeko nahia nabaria zen. Concepcióneko kapitaina zen Gaspar de Quesada eta Juan de Cartagena, San Antonioko buru izandakoak Magallaesen aurkako konspirazio bat zuzendu zuten. Hiru ontzitan zabaldu zen matxinada, baina Magallaesek itzaltzea lortu zuen. Kapitainetako bat hil egin zuten, eta besteak, berriz, epaitu egin zituzten; Quesadari heriotza-zigorra eman zioten, eta Juan de Cartagena kostan abandonatu zuten.

Gertaera horren ondoren, 1520an, Magallaes itsasartea izango zenera iritsi ziren. Arrisku galanta izan zen hura, eremua oso korapilatsua baitzen. Ontzi bat zihoan aurrean, biderik hoberena aurkitu nahian; ondoren, besteen bila itzultzen zen, eta ezaguna zuen bide hori erakusten zien. Azkenean, laberinto hartatik ateratzea lortu zuten, eta Ozeano Barerantz joan ziren; horrela deitu zion, eta ekaitzik ez zutelako aurkitu jarri zioten izen hori. Pixkanaka, Hegoaldeko itsasoa, aurrez emandako izen zaharra ahazten joan zen.
Magallaes itsasartearen eta Moluka uharteen arteko bidea egiten emandako hiru hilabetean, ez zuten lur izpirik aurkitu, eta gosea eta eskorbutoa nagusitu zen eskifaian. Ura usteldu egin zitzaien, eta, neke hartan, arratoi bat ondare preziatua zen jakirik gabeko gizarte harentzako. Eskorbutoaren aiumak entzuten ziren nonahi, eta gizon haiek bigundutako larrua edo zerrautsa jatera iritsi ziren.
Azkenean, 1521eko martxoan, Magallaesen zori txarrak atseden hartu zuen uharte bat aurkitu zuenean. Neka-neka egindako marinelek deskantsatzeko eta jakiak biltzeko aprobetxatu zuten gune hura, eta harrituta geratu ziren bertako indigena ugari gerturatu zitzaizkienean bisitarientzako opariak ekarriz.
Moluketan, Ekialde Urrunera iritsi zirela ohartu ziren, Kristobal Kolonen proiektua burutuz. Zoritxarrez, Filipinetako Maktan uhartean, Lapu-Lapu buruzagiaren indigenekin izandako borroka batean, Magallaes hil zen.
Magallaesen heriotzaren ostean, espedizioko kideek Concepcion itsasontzia erretzea erabaki zuten, eskifaian geratzen ziren marinelak bi itsasontzietan banatuz. Trinidad itsasontziko kapitain Gonzalo Gomez de Espinosa izendatu zuten, eta Victoria itsasontziarena, aldiz, Juan Sebastian Elkano.
Juan Sebastian Elkano gipuzkoarra jarri behar izan zuen espedizioaren buru, eta, bere agindupean, Borneoko indigenekin harreman ona izan zuten, eta biltegi bat ezartzea lortu zuten. Baliabiderik gabe eta barku bakar batekin, itsasgizonek itzultzeko bidaiari ekin zioten portugaldarren bidetik, hori baitzen bide ezagunena; indigenen ihesi ibili behar izan zuten, ezkutuan, jana aurkituko zuten lurrak bilatuz eta portugesen portu eta ontzidiengandik alde eginez. Ozeano Indikoa gurutzatu eta Afrikari itzulia eman ostean, Juan Sebastian Elkanok globoaren lehen zirkumnabigazioa gauzatu zuen. Hori, garai hartan, lorpen handia zen.
1522ko uztailean, espedizioa Sevillara iritsi zen ontzi bakar batekin: Victoria. Sevillara iristeko gogo handia zuenez, ez zen gelditu ere egin Sanlucar de Barramedan. Denera, 216 gizon hil ziren bidaian, eta 18 bakarrik itzuli ziren. Haietako bat zen Elkano. Trinidad itsasontziko tripulazioko 55 kideetatik, berriz, 4 biziraun zuten, eta 1525an iritsi ziren beste bide batetik.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1480: Fernando Magallaes Portugalen jaio zen; Trás-os-Montesen, beharbada.
- 1505: Magallaes Francisco de Almeida armadarekin Indiarantz joan zen.
- 1509: López Sequeira kapitainaren agindupean, Moluketarako espedizioan parte hartu zuen, eta adiskidetasun handia egin zuen Francisco Serranorekin.
- 1511: Malakaren konkistan parte hartu zuen Alfonso de Alburquerqueren agindupean.
- 1512: Iberiar penintsulara itzuli zen.
- 1514: Marokoko Azamorren izan zen borroka batean zauritua izan zen.
- 1517: Sevillara joan zen Karlos I.ari Moluketara mendebaldetik joateko proiektua aurkeztera.
- 1519: Ekialdeko Indietara mendebaldetik joateko bidearen bila abiatu zen, eta Guanabarako badiara iritsi zen.
- 1520. Rio de la Platako estuariora iritsi zen; negua San Julianeko badian pasatu zuen; matxinada menperatu zuen; Magallaes itsasartea izango zena aurkitu, eta zeharkatu zuen, eta Ozeano Bareraino iritsi zen.
- 1521: Lapurren uharteak eta Filipinak aurkitu zituen, eta, borrokaldi batean, hil egin zen.
- 1522: Magallaesek hasi zuen bidaia Juan Sebastian Elkanok bukatu zuen, munduari bira emanda.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Arturo Cruz Corral: Magallaesek ez zuen lehen mundu-bira osatu Filipinetan indigena batzuek liskar batean hil zutelako (1521), baina Juan Sebastian Elkano gipuzkoarrak (Getaria 1476-1526) bai egin zuen, Espainiako Erresumak sustatu eta finantzatutako espedizio berean parte hartu baitzuen. Horrela dago jasota Relazione del primo viaggio intorno al mondo (Munduari bira eman zioten lehen bidaiaren txostena) obran, 1536an Venezian argitaratua, Antonio Pigafetta italiarrarena, espedizioko kide ere izan zena. Bidaia amaitu ondoren, Pigafetta Valladolidera joan zen, eta Carlos enperadoreak harrera egin zion. Enperadoreari bere bidaia-egunkariaren kopia bat oparitu zion, gero bidaia-liburu bihurtuko zuena, hitzaurre bat erantsi eta liburu gisa egituratu ondoren hedapen handiagoa lortzeko. Horregatik, lehen mundu-bira Magallaes-Elkano espedizioa izenez ezagutzen da, eta ez bakarrik Magallaesena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fernando Magallaes ![]() |
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ (Portugesez) Barros, Amândio. (2009). Edições Afrontamento ed. La Naturalidad de Fernando de Magallanes. ISBN 9789723610208. (kontsulta data: 2020-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Kinsella, Pat. (2021-04-27). «Dire Straits: the story of Ferdinand Magellan's fatal voyage of discovery» BBC History Magazine.
- ↑ Castro, Xavier de (dir.); Carmen Bernand; Hamon, Jocelyne et Thomaz, Luiz Filipe (2010). Le voyage de Magellan (1519–1522). La relation d'Antonio Pigafetta et autres témoignages (in French). Paris: Éditions Chandeigne, collection " Magellane ". ISBN 978-2915540574
- ↑ Hartig, Otto. (1910-10-01). «Ferdinand Magellan» Catholic Encyclopedia (Nueva York: Robert Appleton Company) 9.
- ↑ Miller, Gordon. (2011). Voyages: To the New World and Beyond. (1. ed.. argitaraldia) University of Washington Press, 30 or. ISBN 978-0-295-99115-3..
- ↑ (Ingelesez) Dutch, Steve. (1997-05-21). Circumnavigations of the Globe to 1800. University of Wisconsin-Green Bay jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-10-23).
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 132 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 104 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 102 y 106 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 123-124 y 138 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 139 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 130-131 orr. .
- ↑ a b Txantiloi:Erreferentiza
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 133 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 130 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 113 orr. .
- ↑ a b c Fernández-Armesto 2022, 127 orr. .
- ↑ Pablo E. Pérez-Mallaína. (2014-2015). «Los responsables de las Atarazanas de Sevilla durante la Baja Edad Media» Norba: Revista de historia (27-28): 201-226..
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 128 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 138 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 131 orr. .
- ↑ a b c Enrique Martínez Ruiz. (2019ko abuztu/iraila). «Las Capitulaciones de Valladolid. Génesis, financiación y misión de la expedición» Revista general de marina. Ejemplar dedicado a: V Centenario de la Primera Vuelta al Mundo de Magallanes y Elcano 277: 229-239. ISSN 0034-9569..
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 156 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 157 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 158 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 158-159 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 160 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 161 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 141 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 138-139 orr. .
- ↑ Fernández-Armesto 2022, 162 orr. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Castro, Xavier de, ed. Le voyage de Magellan (1519-1522). La relation d'Antonio Pigafetta & autres témoignages. París: Chandeigne, 1088 or..
- .
- Lucena Salmoral, Manuel. (1982). El Descubrimiento y la fundación de los reinos ultramarinos: hasta fines del Txantiloi:Siglo. Ediciones Rialp ISBN 9788432121029. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-10-19) (kontsulta data: 2017-10-20).
- Mollá, Luis. (2017). La Flota de las especias. Almuzara.
- Pigafetta, Antonio. (1800). estudio preliminar del Prof. Nelson Martínez Díaz ed. Primer viaje alrededor del globo. [Primo viaggio in torno al Globo Terracqueo] Barcelona: Ediciones Orbis ISBN 84-7634-527-5..
- Zweig, Stefan. (2005). Magallanes: El hombre y su gesta. Madrid: Editorial Debate ISBN 84-8306-610-6..
- Fernández-Armesto, Felipe. (2022). Magallanes: más allá del mito. Espasa ISBN 978-84-670-6734-7..
- Mazón Serrano, Tomás. (2020). Elcano. Viaje a la historia. Encuentro ISBN 978-84-1339-203-9..
- Comellas, José Luis. (2019). La primera vuelta al mundo. Rialp ISBN 978-84-321-5102-6..