Akonia Fabia Paulina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Akonia Fabia Paulina
Bizitza
JaiotzaIV. mendea
Herrialdea Antzinako Erroma
Heriotza384 (egutegi gregorianoa) ( urte)
Familia
AitaAconius Catullinus Philomatius
Ezkontidea(k)Vettius Agorius Praetextatus (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaAntzinako Erromako erlijioa

Akonia Fabia Paulina[1] (384an zendua) emakume alfabetatu noble erromatarra zen, eta paganismoaren ordezkari garrantzitsua, Erromatar Inperioa kristautasunera bihurtzen ari zen garai batean. Bere senarrari eskainitako laudatio funebris edo hileta-laudorioa heldu zaigu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulinaren aita  Fabio Akonio Katulino Filomazio zen, aristokrata ospetsua, eta Erromako praefectus urbi kargua bete zuen 342-344an, eta kontsul 349an. 340. urtearen inguruan, Paulina Vetio Agorio Pretextatorekin ezkondu zen, orduan hogeiren bat urteko gaztea, oso goiz kargu politikoak bete zituena: kuestore, pretor, Etruria eta Umbriako gobernadorea, Lusitaniako gobernadorea...362a baino lehen. 362an Juliano enperadoreak Akaiako prokontsul izendatu zuen; beranduago Erromako prefektu eta kontsul 384an[2][3]. Erromatar aristokrazia senatorialaren ordezkari nabarmena izan zen, inperioaren ofizial  garrantzitsua eta zenbait zirkulu paganoren kide. Paulina Eleusiseko misterioetan eta  Dionisoren eta Demeterren misterio elearretan  sarbidatua zen, eta zenbait jainkosari eskaini zien, hala nola Zeres, Hekate (hierofante gisa), Magna Mater (tauroboliata gisa) eta Isis.

Pretextato eta Paulina gutxienez bi etxeren jabe izan ziren. Bata Eskilino mendian, via Merulana eta Erromako Oppio mendeixkaren artean, seguruenik, eta bertan dago Palazzo Brancaccio modernoa. Jauregiaren inguruko lorategia, Horti Vettiani[4] izenekoa, Erromako Termini tren geltoki modernoraino hedatzen zen. Eremu horretako ikerketa arkeologikoek Pretextatoren familiarekin lotutako hainbat aurkikuntza egin zituzten. Horien artean zegoen Coelia Concordiari eskainitako estatua baten oinarria, azkenetako Vestaren birjina, zeinak Pretextatoren omenezko estatua bat eraiki baitzuen hura hil ondoren (384). Ohore horren truke, Kinto Aurelio Simako gaitzetsi zuena Vestaren birjinek ez zituztelako inoiz gizakiei eskainitako estatuarik egin, Paulinak Konkordiari estatua bat eskaini zion[5][6]. Beste etxea Aventino mendian zuten.

Berrogei urte ezkonduta bizi ondoren[7], Paulina senarra baino beranduxeago hil zen. Semeak edo alabak hilobi-monumentu bat eskaini zieten bere etxean, estatuak zituena[8].

Idazlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulina eta Pretextatoren ezkontza eredugarria izan zen.  Bien hilobi-monumentuak zeraman marmolezko oinarri handiaren lau aldeek ziurtatzen dute (CIL VI 1779 testua (= CLE 111 = ILS 1259))[8]. Hileta-monumentuaren oinarriak Paulinak berak konposatutako poema bat zuen, senarra eta maitasuna ospatzen zituena, Paulinak senarraren hiletan irakurri zuen otoitzetik eratorritako poema, seguruenik[6]. Oinarri  gaur Erromako Museo Kapitolinoetan dago. Oinarri horren gainean Pretextatoren estatua egon zitekeen.

Hilobi-monumentuaren lau aldeak:

  • A aldearen (aurrez aurrekoa) testuak Pretextatoren cursus honoruma du hamazazpi lerrotan eta Paulinaren karguak  lautan.
  • B aldean (eskuineko aldea) Pretextatok Paulinari eskainitako bost senario janbikoetan bere erlijio-gurtzetan, senarrarekin eta Erromarekin gorputz eta arima aritzea goraipatuz.
  • C aldean (ezkerreko aldean) hamabi senario janbikotan Pretextatok berriro Paulinari  gorazarre egiten dio ezkontideek oso lotura sendoak izan dituztela esanez.

Erromatar familia garrantzitsu baten jatorriaren aipamenarekin hasten da, eta, ondorioz, baita hark jaso zuen heziketarekin ere. Senarrari azken aldiz zuzentzen zaio, haren gorazarre egiteaz gain, bere leinua eta bere bizitzako lorpenak goraipatzen ditu[10].  Bere cursus honorum labur-labur aipatzen da poeman (I. 18-20), caduca ac parva jotzen delako. Munduko gaiei enfasia eman ordez, bere jarduera intelektualean arreta osoa jasotzen du: literaturan, filosofian eta erlijioan[6].

Paulinaren laudatioan emazte erromatar baten ideala aurkezten da (consciam ac fidam, puram ac pudicam, beatam, piam). Laudatio honetan eta b aldeko senarioetan zerrendatzen diren bertuteak[11] aurreko mendeetakoen antzekoak dira: kastitatea, garbitasuna bai gogamenean bai gorputzean, ezkontza-leialtasuna... C aldean, Paulina, emazte perfektua izateaz gain, ama dedikatua da, ahizpa zaindua eta alaba apala[12]. Bere erlijio ardurak aipatzen ditu: Dindimeneren eta Atisen andre-apaiz zezen-sakrifizioetan, Hekateren zerbitzari sekretu hirukoitzetan eta Zeresen misterioak.

Amaieran, Paulina bere alarguntasunak atsekabetzen du, "malenkoniatsu baina itxaropentsu"[13].

Paulinaren bertsoetan atentzioa ematen duen lehenengo kontua bere estiloa da, autorearen kultura handia ez ezik, hizkuntzaren eta poetikaren baliabideen ezagutza eta erabilera zaindua ere erakusten dituena: lexikoaren aukeraketa, Virgilioren arrastoak, helenismoen erabilera...[3]

Jeronimok poema hau Pretextatoren iseka egiten duen gutunean aipatzen du, paradisuan ez zegoela esanez, infernuan baizik[14].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Izen aldaerak heldu dira: Aconia Fabia Paulina CIL VI, 1779, Fabia Aconia Paulina CIL VI, 1780, Fabia Paulina CIL VI, 2145 edo Paulina CIL VI, 1779 eta Simakoren gutunean (I.48.)
  2. «CIL VI, 1777. Epigraphik Datenbank» db.edcs.eu (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  3. a b López, Aurora (1994): No sólo hilaron lana. Escritoras romanas en prosa y verso, Ediciones Clásicas, Madril, 115-126 or.
  4. «Sale degli Horti Tauriani - Vettiani / Museo del Palazzo dei Conservatori / Percorsi per sale - Musei Capitolini» web.archive.org 2009-12-04 (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  5. «CIL VI, 2145: Epigraphik Datenbank» db.edcs.eu (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  6. a b c (Ingelesez) Kahlos, Maijastina. (1994). «Fabia Aconia Paulina and the Death of Praetextatus – Rhetoric and Ideals in Late Antiquity (CIL VI 1779)» Arctos – Acta Philologica Fennica 28: 13–25. ISSN 2814-855X. (Noiz kontsultatua: 2023-12-28).
  7. López, Aurora (1994): No sólo hilaron lana. Escritoras romanas en prosa y verso, Ediciones Clásicas, Madril, 119 or.
  8. a b «CIL VI, 1779. Epigraphik Datenbank» db.edcs.eu (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  9. Laudatio funebris ("hileta-laudorioa") erromatarrek hileta-ekitaldian hildako ospetsu baten oroimenez egiten zuten gorazarrea zen. Hileta-prozesioa amaitzean, Forora iristean, hildakoaren senitarteko bat rostrara igo eta laudatioa edo hitzaldia ematen zuen: hildakoaren bizitza laburki kontatu, alderdi nagusiak bereziki azpimarratuz, hala nola, magistraturak, gudutan lortutako garaipenak... Laudatioaren forma laburtua hilarrian inskribatu ohi zen. Hitzaldiak batzuetan kontserbatu eta  berrerabili izan ziren hainbatetan.
  10. San Juan Manso, Enara (2022): Erromatar emakume idazleak: jakingarria keta lekukotasunak, UZTARO 123, 161-162 or.            
  11. "pudens, fidelis, pura mente et corpore benigna cunctis, utilis penatibus"
  12. "pietate matris, coniugali gratia, nexu sororis, filiae modestia"
  13. López Las Heras, Maite (2022): Poetandreak literatura greko-latindarrean. Antologia poetikoa. Balea Zuria, Donostia, 176. or.
  14. Fourth Century Christianity » Jerome – Letter 23. (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]