Alexandria Ocasio-Cortez
Alexandria Ocasio-Cortez (New York, 1989ko urriaren 13a), zeina sarri AOC bezala aipatzen baitu prentsak, ekintzaile eta politikari estatubatuarra da. 2019ko urtarrilaren 3tik Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako kidea da, New Yorkeko 14. barrutia ordezkatuz.[1] Kargua hartzean, Estatu Batuetako historiaren emakume batzarkide gazteena bihurtu zen. Ocasio-Cortez Amerikako Sozialista Demokratak plataformaren kidea da.[2]
Ocasio-Cortez benetan egin zen ezagun 2018ko ekainaren 26an, non, pronostikoen kontra, Partidu Demokrataren New Yorkeko 14. barrutirako hauteskunde primarioak irabazi zituen. Orduan, Ocasio-Cortezek Joe Crowley garaitu zuen, berau Partidu Demokrataren caucuseko presidentea eta hamar aldiz legebiltzarkide izan zena. 2018ko azaroaren 6an, Anthony Pappas aurkari errepublikanoa garaitu zuen hauteskunde orokorretan. 29 urte zituela, Ocasio-Cortez bihurtu zen inoizko batzarkide gazteena AEBetako Kongresuan.[3] Harrezkero, oso aktibo izan da sare sozialetan, gainerako kongresukideak baino dezente gehiago.
Ocasio-Cortez Amerikako Sozialista Demokratak plataformaren kidea da. Bera eta Rashida Tlaib dira, hain zuzen, talde horretako lehen kideak Kongresuan. Programa aurrerakoi baten alde egiten du, honako hauek proposatuta: denentzako osasun-asegurua, lanpostuen-garantia federala, Itun Berri Berdea, Immigrazio-departamentuaren desagerpena, doako unibertsitate-ikasketak, eta %70eko zerga 10 milioi dolarretik gora irabazten dutenentzat. Ocasio-Cortezek Nazioarteko harremanak eta Ekonomia ikasi zituen Bostongo Unibertsitatean, eta cum laude graduatu zen 2011n. Ondoren, taberna-zerbitzari moduan egin zuen lan, 2018an bere burua Kongresurako aurkeztu aurretik. Kongresukide bihurtu zenetik, etengabeko erasoak jaso ditu AEBetako talderik kontserbadoreen partetik.[4]
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ocasio-Cortez Bronx-en jaio zen, New Yorken, 1989ako urriaren 13an, Blanca Ocasio-Cortez (ezkongabetan, Cortez) eta Sergio Ocasioren alaba. Aita, puertorricarra jatorriz, Bronxen jaio zen; ama, berriz, Puerto Ricon. Bost urte bete arte, bere familiarekin bizi izan zen, Parkchester auzoan, Bronxen. Geroago, familia Yorktown Heights-era aldatu zen, Westchester konderriko aldirietara.[5] Haurtzaroan, sarri bisitatu zuen bere familia Bronxen.
Ocasio-Cortezek Yorktown High School institutuan ikasi zuen, eta 2007an graduatu, Intel enpresak babestutako Zientzia eta Ingeniaritza Nazioarteko Azokaren bigarren saria irabazita, ikerkuntza-lan batekin neurtzen zuena antioxidanteen ondorioak Caenorhabditis elegans-en bizitzan. Hori zela-eta, Nazioarteko Astronomia Elkarteak asteroide bati eman zion haren izena: 23238 Ocasio-Cortez.[6] Horrez gain, parte hartu zuen National Hispanic Institutek antolatutako Lorenzo de Zavala (LDZ) Youth Legislative Session delakoan. Geroago, Bostongo Unibertsitatean ikasten ari zela, LDZ elkartearen estatu-idazkari bihurtu zen, eta John F. Lopez praktika-beka lortu zuen. 2008an, unibersitateko bigarren urtean ari zela, aita hil zitzaion, biriketako minbiziak jota. Unibertsitatean, Ted Kennedy senatariaren bekadun izan zen, Immigrazio Bulegoan.[7] 2011n cum laude graduatu zen, Nazioarteko harremanetan eta ekonomian.
Ocasio-Cortezek langile klasekotzat jotzen du bere jatorria, eta horrekin lotzen ditu bere jarrera politiko asko. Aita testamentua egin barik hil zitzaionean, lege-auzi luzea izan zuen, haren herentzia kudeatzeko. Adierazi duenez, esperientzia hark lagundu zion ikasten “lehen eskutik auzitegiak herentzia bat administratzeko izendatutako abokatuak zelan aberastu daitezkeen burokrazia ulertzeko arazoak dituzten familien lepotik”.
Karrera hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Unibertsitate-ikasketak amaituta, Ocasio-Cortez berriro aldatu zen Bronx-era, Manhattanen taberna batean eta taco-denda batean lan egin bitartean. Amak, tartean, etxeak garbitu eta eskola-autobusak gidatzen zituen. Aita hil ondoren, Ocasio-Cortez eta bere ama borrokatu ziren beren etxeko hipoteka gauzatu ez zedin. Sunshine Bronx enpresa-inkubagailuaren diru-babesari esker, argitaletxe bat sortu zuen, Brook Avenue Press, haur literaturan espezializatua, baina Bronx modu positiboan irudikatuko zuena. Hezkuntzako estratega nagusi gisa lan egin zuen GAGEis, Inc. enpresan. Halaber, hezitzailea izan zen National Hispanic Institute gobernuz kanpoko erakundean, eta han hezkuntza zuzendari izan zen Northeast Collegiate World Series lehiaketan, non lidergo latinoari buruzko panel batean parte hartu baitzuen.
2016ko hauteskunde primarioetan, Ocasio-Cortez Bernie Sanders-en presidentziarako kanpaina-antolatzailea izan zen.[8] Hauteskundeak amaituta, autoz bidaiatu zuen AEBetan zehar, eta berariaz bisitatu zituen Flint (Michigan) eta Standing Rock erreserba. Leku horietan bertako jendearekin hitz egin zuen Flint-eko ur-krisiak eta Dakota Access Oliobideak eragindako giza eskubideen krisiez. Elkarrizketa batean mugarritzat gogorarazi zuen Standing Rock-era egindako bisita, hantxe jaso baitzuen inspirazioa bere komunitatearen alde lanean hasteko.
Jarrera politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ocasio-Cortez aurrerakoia da eta Amerikako Sozialista Demokratak taldeko kide. Osasun publiko unibertsalaren eta Jobs Guarantee lan-programaren aldekoa da. Halaber, espetxeen pribatizazioaren kontra dago, eta defendatzen du unibertsitate publikorako sarbidea doakoa izatea; orobat, armak kontrolatzeko politikak sustatu nahi ditu. Kritikoa da Israelen kanpo-politikarekin, eta “sarraskitzat” jo zuen 2018an manifestari palestinarren heriotza Gazako mugan. Proposatzen du Immigrazio-departamentuaren desagerpena, salatzen du-eta agentzia hori kontzentrazio esparru klandestinoak erabiltzen ari dela. Azken aldian Itun Berri Berdea proposatu du, klima larrialdiari aurre egiteko.
Ocasio-Cortezek “elkartasuna Puerto Ricorekin” deia zabaldu du. Haren ustez, puertoricoarrei eskubide zibil gehiago aitortu behar zaizkie, Puerto Ricok legez duen estatusa gorabehera. Oso kritikoa izan da FEMA erakunde federalak zelan erantzun dion Maria hurakanak Karibeko uhartean eragindako kalte izugarrien aurrean. Haren iritziz, gobernu federalak areagotu beharko lituzke inbertsioak Puerto Ricon.
Sarri erakutsi du Ocasio-Cortezek LGTBI komunitatearen eskubideen alde dagoela. Halaber, indarra egin du aitor daitezen transgeneroen eskubideak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Berria.eus. «Arrakalak gizon zuri adinduari» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
- ↑ «La Pasionaria del Bronx, por John Carlin» La Vanguardia 2019-01-13 (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ CNN, Eli Watkins. «Ocasio-Cortez to be youngest woman ever elected to Congress» CNN (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ «Ocasio-Cortez vuelve a salir indemne de un ataque conservador» La Vanguardia 2019-01-10 (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ «With One Win, Alexandria Ocasio-Cortez Emerges as a Political Star - The New York Times» web.archive.org 2018-06-28 (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ «JPL Small-Body Database Browser» web.archive.org 2018-08-09 (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ (Ingelesez) «Meet the young progressive Latina trying to oust one of the most powerful Democrats in the House» Mic (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
- ↑ «Alexandria Ocasio-Cortez Defeats Joseph Crowley in Major Democratic Upset - The New York Times» web.archive.org 2018-06-27 (Noiz kontsultatua: 2019-07-05).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]