Nazioarteko harremanak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nazioarteko harremanak estatuen arteko nahiz estatu eta nazioarteko sistemako bestelako unitateen arteko harremanak aztertzen dituen diziplina akademikoa da. Esan bezala, bere aztergai bezala, estatuez gain, nazioarteko erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak -edo GKEak- nahiz korporazio multinazionalak barne biltzen ditu.

Nazioarteko harremanak azterketa-gune diziplina-anitza da, bere baitan hainbat ikerketa eremu bilduz, besteak beste: ekonomia, historia, geografia eta zientzia politikoa. Azken urteetan, era berean, ikerketa esparru berriak gehitzen ari zaizkio nazioarteko harremanen eremuari; eta genero ikerketak, ingurumena zein informatika azpimarratu behar dira.

Rafael Calduch-en esanetan: «harreman sozial horiek guztiak eta horiek sortzen dituzten eragileak dira; nazioartekotasunaren kalitateaz gozatzen dute modu eraginkor eta esanguratsuan lagunduz gizarte ezberdintzat hartzen den nazioarteko gizartea eratzen, dinamikan eta desagertzen». Hala, nazioarteko harremanak ikasketa-objektuari zein diziplina akademikoari aplika dakioke. Hasierako ikuspegia historiko-politikoa bazen ere, gaur egun, gainerako osagaiak pribilegiatzen dira, besteak beste, ekonomikoak, kulturalak, soziologikoak...

Gizarte zientzien adartzat hartu bada ere, ez dute diziplina hau diziplinarteko, diziplina anitzeko edo diziplinen arteko ikasketa eremu gisa nabarmendu. Tuzididesen garaitik, nazioarteko harremanak aztertu badira ere, bere jatorri ontologikoa unibertsitate-titulua sortzeari bide eman zioten ikasketa formalei egiten die erreferentzia. Bere aplikazio-eremua zabala da, Estatuen kanpo-politikaren azterketa eta formulazioa nabarmenduz. Era berean, badira beste arlo batzuk, hala nola zientzia politikoak, antropologia, geopolitika, nazioarteko zuzenbidea, giza geografia, nazioarteko ekonomia politikoa, soziologia,..

Gaur egun, diziplina horrek aztertzen dituen gai hauek nabarmentzen dira: globalizazioa, Estatua, ekologia eta garapen iraunkorra, terrorismoa eta krimen antolatua, armagabetzea eta armen kontrola, nazionalismoa, garapen ekonomikoa, nazioarteko finantzak, giza eskubideak...

Hedaduraz, nazioarteko harreman terminoa Estatuen eta/edo nazioarteko erakundeen arteko harremanak ezartzen eta garatzen diren esparru edo espazioari ere aplikatzen zaio.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu-nazioetan oinarritutako nazioarteko harremanak Westfaliako bakea sinatzean sortu ziren (1648). Aurretik, Europako estatuen arteko harremana hierarkia lauso batean oinarritzen zen. Westfalian, aldiz, subiranotasuna edo burujabetzaren printzipioa aitortu zen lehen aldiz. Printzipio horren arabera, estatu bakoitzeko agintariak ez zukeen parekorik izango estatu barnean (bera izango litzateke nagusi bakar), baina beste estatuetako kideen maila berean egongo zatekeen. Hau da, inor ez da estatu baten lurraldearen barnean agintariari aurka egiteko gai, baina agintari horrek ez du eskubiderik beste estatu bateko agintariaren aurka jotzeko. Ikuspegi horrek goia jo zuen Makiaveloren Printzipea eta Thomas Hobbesen Leviathan lanekin.

Immanuel Kanten eraginez, teoria horrek aurrerapauso bat eman zuen XVIII. mendean; estatu-nazioetako agintariak gerra saihesteko eginbeharra zutela aldarrikatu zuen, batez ere sistema demokratikoa zeukaten herrialdeen artean.

Nazioarteko Harremanen ikasketa eta ikerketa gehiena unibertsitate britainiarrek zuzendu zuten hasieran. Gai horretako beren beregi sortutako lehen katedra unibertsitarioa Aberystwytheko (Gales, Erresuma Batua) unibertsitatean sortu zen 1918an. Hortik hedatu zen, ondoren, Genevara (Suitza), Amerikako Estatu Batuetara zein Londresera.

Teoria nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko harremanen teoriak bi multzo nagusitan bereiz daitezke: positibistak (arrazionalista ere deituak) eta post-positibistak (reflektibista ere deituak).

Teoria positibistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errealismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria errealistaren arabera, estatuen helburu garrantzitsuena bizirautea da. Horregatik, nazioarteko harremanak aztertzean, segurtasunean eta boterean jartzen du arreta. Guztiz gaitzesten du estatuak beraien interes propioa ez beste arrazoiren batek gidatuta dabiltzanik. Gerra, zentzu horretan, biziraupena bermatzeko edo boterea handitzeko bitartekoa izan daiteke soilik.

Politikari dagokionez, errealismoak uste du gizartea oinarrizko lege objektiboen arabera antolatzen dela. Horregatik, ikuspegi erabat neutraletik aztertzea proposatzen du.

Estatu barnean ordena defendatzen du, baina nazioartean anarkia bultzatzen du, hau da, estatu bakoitzak bere interes propioen aldeko jarrera bultzatzea, besteen ardurarik gabe. Irudi bat erabiltzeko, billarreko mahaia aipatzen da.

Liberalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ostean, nazio-estatuek gerra eragozteko izandako ezintasuna zela eta, teoria errealistatik aldentzen hasi ziren batzuk. Estatuen jarduera nolabait mugatu beharra azpimarratu zuten, baita nolabaiteko nazioarteko lankidetzari bide ematea ere. Horrela abiatu ziren, besteak beste, Nazioen Liga, Lehen Mundu Gerraren ondoren, eta Nazio Batuak eta NATO bezalako erakundeak, Bigarren Mundu Gerraren ostean.

Liberalismoa, apurka-apurka, idealismorantz garatzen joan zen. Horrela, Woodrow Wilsonek, adibidez, honako hau defendatzen zuen: estatuek gehiago irabaz dezakete elkarri lagunduz eta lankidetzaren bidez. Horrela, gerra alferrekoa eta kaltegarria zela ikusi zuten.

Teoria post-positibistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstruktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria post-positibistek ukatu egiten dute nazioarteko harremanek lege objektiboak jarraitzen dituztenik. Aitzitik, konstruktibismoak aldarrikatzen duenez, nazioarteko harremanak (gizarteko gainerakoak bezala) historiaren kontingentziaren arabera gertatzen dira, hau da, egitura politikoek eragina dute sortzen diren emaitzetan.

Marxismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikertzaile marxistek ukatu egiten dute nazioarteko harremanen liberalismoa. Harremanak, borondatean baino gehiago, baliabide ekonomiko eta materialen banaketan oinarritzen direla diote. Dependentzia hartzen dute oinarrizko kontzeptutzat. Horren bidez azaltzen dute herrialde garatuen eta garapen bidekoen arteko harreman desorekatua.

Teoria post-estrukturalistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko harremanak tradizionalki aztertu diren parametroak zalantzan jartzen dituzte, besteak beste, genero ikuspegia, kolonialismoa, etab.

Nazioarteko erakundeak eta itunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko itunak estatuen arteko akordioak dira. Mundu-mailakoak, hala nola Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, edo estatu kopuru zehatz bati mugatuak izan daitezke, alderdi militarrei, politikoei eta bestelako alderdiei buruzko eskubideak eta betebeharrak adosteko.

Nazioarteko erakundeak estatuz gaindiko elkarteak dira, eta antolakuntza eta helburu iraunkorrak dituzte. Kideek konpromiso lotesle batzuk onartzen dituzte. Hainbat motatako erakundeak izan daitezke:

Eskualdeko erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde-mailako erakundeak dira, munduko eremu zehatz batean kokatutako estatuek bakarrik parte hartzen dutelako.

Adibide batzuk: Amerikako Estatuen Erakundea (AEE), Arabiar Estatuen Liga, Afrikar Batasuna (AB), Hego-Ekialdeko Asiako Tratatuaren Erakundea (ASEAN), Europar Batasuna (EB) edo Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (NATO) .

Erakunde orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu-mailako jardun-eremua dute, eta, normalean, nazioarteko arazoak elkarrekin eta modu koordinatuan konpontzeko helburua dute. Adibiderik honena Nazio Batuen Erakundea (NBE) da.

NBE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Erakundea (NBE) 1945ean sortu zuten, eta mundu-mailako erakunde nagusia da, munduko ia estatu guztiak erakundeko kide baitira.

NBEren oinarrizko printzipioak hauek dira: kide guztien berdintasuna, estatu guztien subiranotasunaren errespetua, eta nazioarteko gatazkak ebazteko indarra erabiltzearen debekua. Helburu hauek ditu: denean bakea eta segurtasuna mantentzea, garapen ekonomikoa eta soziala sustatzea, giza eskubideak defendatzea, eta herrien erabakitasun askea errespetatzea.

Helburuok lortzeko, NBEk erakunde espezializatuak ditu; adibidez, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO); Osasunaren Mundu Erakundea (OME); Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE); Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa (UNICEF); eta, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundea (UNESCO).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]