Andrea Bartoli

Wikipedia, Entziklopedia askea
Andrea Bartoli
Bizitza
Jaiotza Erroma, ?
Hezkuntza
Heziketa Milango Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerak antropologoa eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k) Seton Hall University (en) Itzuli

Andrea Bartoli nazioarteko gatazken azterketa eta konponbideen bilaketan esperientzia handia duen antropologo italiarra da. Euskal Herriaren gaineko Bruselako Adierazpena sinatu zutenetakoa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman jaioa, hiri horretako eta Milango unibertsitateetan Antropologia ikasi zuen. Unità Sanitaria Locale 7 izenekoaren presidentea (1983-1987) eta Consiglio Nazionale dell’Economia e del Lavoro kontseiluaren aholkularia (1980-1984) izan zen.

Oraindik bere herrialdean Andrea Bartoli Erromako Tor Vergata unibertsitatean irakasle (1987-1992) eta Programa Sozialen Ikerketarako Zentroaren zuzendaria izan zen (1986-1992). Sienako unibertsitatean ere irakasle aritu zen.

Bartoli 1994tik AEBetan ibili da irakasle; Columbiako Unibertsitatearen babespean Center for International Conflict Resolution (CICR) 1997an sortu eta bere zuzendaria izan zen. Zentroak antolatutako lehen ekimena figura erlijiosoek bakegile gisa duten egitekoaz izan zen; horretarako Bartolik Mozambikeko bake prozesuan Sant'Egidio komunitatearekin izandako esperientzian oinarritu zen; Sant'Egidioko[1] kidea delako hainbeste gatazka konpontzeko ahaleginetan esku hartu du. Aipatu New Yorkeko unibertsitatean Ikerketa Aurreratuetako zuzendari laguntzailea izan zen 1992 eta 1996ren artean. School of International and Public Affairs (SIPA) eskolan ikerketa irakaslea izan da eta Georgetown Unibertsitatean ere eman ditu eskolak.

Azken urteetan Virginiako George Mason Unibertsitatean egon da 2007tik eta bertako Institute of Conflict Analysis and Resolution (ICAR) institutuko zuzendaria da egun. Dynamical Systems and Conflict Team[2] taldeko kidea da eta Search for Common Ground[3] elkarteko bulegoko kideetakoa ere da.

Euskal Herriaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean Bruselako Adierazpena sinatu baino lehen Bartolik Euskal Herriarekiko harremana izan du. 2006an Euskal Herrira bisitaldia egiteko Juan José Ibarretxek gonbidatu zuen bakegintzaren alorreko adituen taldean egon zen; taldean Bruselako Adierazpena sinatu duen Alan Smith zegoen, besteak beste. "Bakea eta Elkarbizitzarako Plana" deitu zen egitasmoaren erredakzioan kolaboratzeko eskatu zioten eta Bartoli askatasunen eta eskubide zibil eta politikoen defentsak duen egitekoa jorratzen duen planaren atala aztertu zuen[4]. 2007an Ibarretxek berak bultzatutako "Konpondu" ekimenaren ebaluatzaileetakoa izan zen[5].

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bortizkeriaz, migrazioez eta gatazken konponbideez lan ugari argitaratu ditu.
  • Somalia, Rwanda, and Beyond: The Role of International Media in Wars and International Crisis (Ikerketa Aurreratuen Akademia Italiarra, 1995) lanaren editoreetakoa izan zen.
  • Bere azken lanetakoa Christianity and Peacebuilding da, Religion and Peacebuilding liburuan aterata; H. Coward eta G. Smithek argitaratua, State University of New York Press, 2004.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Komunitatearen webgunea.
  2. Taldearen webgunea.
  3. SFCGren webgunea.
  4. Albistea Ulsterreko Unibertsitateko UNESCO atalaren webgunean.
  5. Bartoliren aipamena blog pertsonal honetan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]