Anker Jørgensen
Anker Henrik Jørgensen (Kopenhage, 1922ko uztailaren 13a - ibidem, 2016ko martxoaren 20a) daniar politikaria izan zen. Danimarkako lehen ministroa izan zen 1972tik 1973ra eta 1975etik 1982ra.
Umezurtz, tuberkulosiak jota gurasoak hil zitzaizkionean, gertuko senideak hazi zizkioten. Ez zituen ikasketak amaitu eta biltegi batean hasi zen lanean. Bigarren Mundu Gerran alemaniarren aurka borrokatu zuen Safari Operazioan eta gero Erresistentziarekin bat egin zuen.
Sindikalismoan ibilbide politikoa hasi zen eta 1968tik 1972ra Danimarkako Langileen Batasun Orokorra zuzendu zuen. 1964an diputatu hautatu zuten Alderdi Sozialdemokratako kide. 1972an Danimarka Europako Ekonomia Erkidegoan sartzearen alde bozkatu zuen, bere alderdiaren iritziaren aurka.
Erreferenduma egin eta biharamunean, Jens Otto Krag ordezkatu zuen lehen ministro karguan. eta hemezortzi hilabeteren ostean, 1973ko hauteskundeak galdu zituen liberalen aurka. 1975ean boterera itzuli zen eta 1978an liberalak koalizio handi batean sartu zituen. 1979tik 1982ra gobernu minoritario bat zuzendu zuen berriro. Danimarka Europan integratzeko buru izan zen, eta gizarte- eta ongizate-politikak zabaldu zituen.
1982an Poul Schlüterren kontserbadoreek hauteskundeak irabazi zituzten eta Jørgensenek sozialdemokraten buruzagi izaten jarraitu zuen 1987ra arte eta diputatu gisa 1994ra arte.
1986 eta 1991n Iparraldeko Kontseiluaren buru izan zen.