Piarres Lafitte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau idazle eta euskalariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lafitte».
Piarres Lafitte
Bizitza
Jaiotza Luhuso1901eko maiatzaren 21a
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza Baiona1985eko otsailaren 23a (83 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
euskara
Lanbidea
Lanbidea hizkuntzalaria, poeta eta apaiz katolikoa
Izengoitia(k) Ithurralde, Eiherazaina eta Pierrette Labé
Sinesmenak
Erlijioa katolizismoa

Piarres Lafitte Iturralde[1] (Luhuso, Lapurdi, 1901eko maiatzaren 21a - Baiona, Lapurdi, 1985eko otsailaren 23a) apaiz katolikoa, euskal idazlea, euskalaria eta kazetaria izan zen. Herri literaturaren gainean egin zituen ikerketa lanengatik da bereziki ezaguna. Aitzina eta Herria agerkarien zuzendari izan zen. Ipar Euskal Herriko lehen talde abertzalearen sorkuntzan akuilu lana egin zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luhusoko Salaberrian jaioa, aita gaskoi jatorriko baigorriarra eta ama uztariztarra izan zituen. Zazpi urte zituela umezurtz geratu zen, eta osaba-izeben etxean hezi zuten Ithorrotze-Olhaibin. Izeba bearnesak ez zekien euskaraz, ez frantsesez: hori zela eta, okzitaniera ikasi eta euskara aski ahaztuta utzi zuen. 1912an Belokeko monasterioan sartu zen, eta 1919an Uztaritzekoan; orduan berreskuratu zuen euskal hizkuntza. Lafittek berak aitortzen zuenez, Jean Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Hark ematen zizkion hegoaldeko aldizkari abertzaleak. Baionan segitu zituen ikasketak.

1924an apaiztu zen. Tolosa Okzitanian izan zen ikasten bi urtez, eta 1926tik aurrera Uztaritzeko apaizgaitegi txikian irakasle izan zen. Le Carillon des Jeunes aldizkari feministan idatzi zuen, emakumeen eskubideen alde, Pierrette Labé izengoitiaz. Uztaritzen, berriz, lan arazoetarako zentro bat zabaldu zuen. Garai hartako idazlanak Eskualduna, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne, La Presse eta La Liberté de Sud-Ouest aldizkarietan argitaratu ziren.

1932an, Aitzol ezagutu zuen, eta hegoaldeko abertzaleekin harremanak sendotu zituen. EAJren ideologia oinarri hartuta, Programme Eskualerriste idatzi zuen. 1934an Aitzina izeneko hilabetekaria sortu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren garaian hegoaldeko euskal herritarrei laguntzeko talde bat eratu zuen iparraldean.

Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, eta gero Frantziako Erresistentzian. 1944an Herria aldizkaria sortu zuen, Telesforo Monzonen eta Manu Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. Langile porrokatua izaki, lehenengo bi urtean Lafittek berak bete zuen aldizkari ia osoa, izenordez sinatuta edo izenik jarri gabe.[2] 1952an, euskaltzain oso izendatu zuten; 1961ean, ohorezko kalonje Baionako katedralean; eta 1982an, honoris causa doktore Euskal Herriko Unibertsitatean.

1985eko otsailaren 23an eman zuen azken hatsa, Baionako Ospitalean.[3]

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alor asko landu zituen Lafittek bere idazlanetan: 15 orrialdeko zerrenda betetzeko adinako artikulu eman zituen argitara[2] (Patri Urkizuk, 1990ean, Euskal Literaturaz izenburu pean bildu eta argitaratu zituen euskaraz idatzitako batzuk); besteren lanak bildu eta argitaratu zituen (Salvat Monho, Piarres Ibarrart, Mañex Etxamendi, Charles Bécas, Julien Héguy, Arnaut Oihenart, Jean Saint-Pierre eta abar); euskal literaturaren antologiak egin zituen (1931, Eskualdunen Loretegia).

Beste lanak: hitzaldiak (1932, Les études basques à travers les siècles; 1942, Les basques et la littérature d´expresssion basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule); gramatikak eta hiztegiak (1944, Grammaire basque, Navarro-labóurdin littéraire; 1941, Vocabulaire français-basque; 1953, Lexique français-basque); olerkiak (1932, Ithurralden kantuak); ipuinak (1945, Murthuts eta berze; 1990, Historio-misterio edo eiherazainaren ipui hautatuak, hil ondoan argitaratutako ipuin bilduma); antzerkiak (Sarea, Orratza, Merkatuan, Maritxu, San Frantses, Amerikanoa, Chalbaten mertchika-ondoak, Egiazko argia, Mirikuan, Oyharzunak, Eguberri, Illargia, Hil biziaren ordenua, Gonzalve edo ostatu betea, Betelemenko artzainak).

1983an Euskaltzaindiak Lafitteren omenez liburu bat kaleratu zuen, 50 bat ikertzaileren lanekin. 1993an Serge Monier-ek Lafitterekin izan zituen solasaldietatik abiaturik liburu bat argitaratu zuen, oroitzapen liburu gisa (Le père Lafitte, entretiens, souvenirs avec Serge Monier).

Idazlanen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Goitizen asko erabili zuen, adibidez Ithurralde, Pierres Ithurralde, Eiherazaina eta Pierrette Labé.
  2. a b Maria Isabel GOIKOETXEA: «Piarres Lafitte zenaren lanak (bibliografia)», Euskera, XXXI, 1986.
  3. Emile LARRE: «Piarres Lafitte joan zaiku (1901-1985)», Euskera, XXX.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]