Arana jauregia (Izurtza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau Izurtzako jauregiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Arana jauregia».

Arana jauregia Izurtzako Elizalde auzoan dagoen nekazal jauregia da. Eraikina Durango Urkiola errepidearen ezkerraldean dago, Izurtzako herriaren erdigunean. XIX. mendean eraiki zen, 1852. urtean, eraikineko fatxadan ageri den moduan. Jauregiaren eraikuntza Juan Ramon Aranak agindu zuen, eta hainbat estiloren nahaste biltzen ditu, estilo neoklasiko berantiarra eta estilo frantziarra.

Jauregia luxuzko landetxe eta jolasaldirako finka moduan eraiki zen. Bigarren inperio frantseseko Aranatarren jauregiaren fatxada ekialderantz zabaltzen da, eta hiru solairutan egituraturik dago. Etxe ondoko lorategian magnolioak daude, urmael txiki bat eta ertzetan zuhaitzak dituzten bidexka bat.

2011ko maiatzaren 23an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kultura Ondasun izendatu zuen, monumentu gisa.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Multzoak, alde batetik, eraikin exentu angeluzuzen bat du, 24 x 15 metrokoa, behe-solairua eta bi goi-solairu eta estalkipeko solairua dituena; bestetik, kotxetoki moduan erabilitako beste eraikin bat, 15 x 7 metrokoa, behe-solairuaren profila duena, eta, azkenik, lorategi-gune libre bat, Mañaria ibaiaren eta BI-623 errepidearen artean kokatua.

Jauregia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin nagusiak jauregi neoklasiko frantsestu eta erromantikoaren tipologia du.

Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadak hareharrizko harlanduz eginak daude, eta bost bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz nabarmenen artean kokatuak eta eraikineko solairuetan bana ezarrita; estalkipeko solairuko banaketa-tartea gailentzen da, molduradun erlaitz handi baten gainean agerian, eta kiribilduren gaineko leiho-lerro bat du, lehen aipaturiko ardatz bertikalak errematatuz. Harresiko hareharrizko harlanduen burua, harrizko bost hostoko palmondo-hostoez apainduta dago, estalkipeko hegalpean hain justu ere.

Hegoaldeko fatxadak estilo inperialeko eskailera bat du, simetrikoa, lehenengo solairu edo solairu nagusi den horretatik eraketa erromantiko batez atzealdeko barne-lorategira jaisten dena.

Iparraldeko fatxadan, bestalde, eraikinerako sarbide nagusia dago, kanpoko burdin-sareko atetik iparraldeko fatxadako erdiko ardatzeraino fatxadarekiko perpendikularra doana; gero, alboetan bi koloma toskanar dituen atea zeharkatu behar da, non erdiko balkoi moduan erabiltzen den 50 cm zabalerako erlaitz horizontal bat bermatzen den. Balkoi horren gainean, molduradun ur-isurkin horizontal bat, eta haren gainean, 20 bat cm-ra, Ibarguen-Basozabal-Etxaburutarren armarria.

Alboetako fatxadak ere hareharrizko harlanduzkoak dira, eta hiru bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz, ur-isurkin eta estalkipeko erremate segida berarekin. Ekialdeko albo-fatxadan lehen aipaturiko eraikinaren beste sarbidea dago, sukalde zabal batera zuzenean jotzen duena.

Jauregiaren bolumena teila arabiarrez egindako lau isuriko estalki batez bururatzen da, zeinaren eskuarialde ertaineko zurezko egitura ondo kontserbatzen den.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina erdiko korridoreen bitartez antolatzen da: bana solairuetan eta kanoi-ganga formako beste bat solairu nagusian. Erdiko korridore nagusi hauetara iristeko, erdiko eskailera erabili beharra dago eta, solairuetako korridore horietatik logela eta egongeletara jo daiteke, eta aldi berean gela horiek haien artean komunikatuta daude.

Behe-solairua biltegirako eta sukalderako erabiltzen da.

Lehenengo solairua edo solairu nagusia garaieragatik eta logelen kalitateagatik nabarmentzen da, bai eta sabaietako apaindurengatik ere, tximinien egoera onagatik eta apaindura geometrikoak eta bi zur-mota dituzten zoruengatik.

Barne aldetik, hormak ongi kontserbaturiko iztukuzko estalki batez hornituta daude, eskailera nagusian bezalaxe.

Hutsarteetako burdineria burdinurtuzkoa da, eta arotzeriak, bestalde, sekzio oneko zurajea du.

Eskailera nagusiko baranda burdinurtuzko barraz osatua dago, zurezko eskudelekin. Lorategiko eskailera inperalak eraketa bera du, antzeko apainduraz hornitua, nahiz eta burdinurtuzko jantaz buruturik egon.

Errepide nazionalarekiko lursail-muga legez, eraikinak itxitura eder bat du, errepidearen maldari doituta, kareharrizko harlanduz dotoreziaz landutako mugarri ilara batez, haien artean garaiera txikiko harlangaitz-horma ilaratuzko itxitura batez eta landare-moldura duten puntez burututako burdinurtuzko sare batez konektatuta.

Emaitza eraikin noble bat da, alde batetik eklektikotzat jo daitekeena hainbat joera biltzen dituelako, baina joerok eraketa neoklasiko batez, XIX. mendeko erromantizismoaren eraginarekin, ordenatzen dituena.

Alboko eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monumentu izendapenak beste bi eraikin-gorputz hartzen ditu, eraikinaren alboan. Bata ekialdeko fatxadarekin aurrez aurre, harengandik aparte eta ondoko jabetzatik bereizteko hormari atxikita, Mañaria errekak hornitzen duen antepararen gainean, usategia deitzen duten halako begiratoki txiki bat, alegia. Bigarren eraikin-gorputza kotxetokiarena da, harlangaitzezkoa, eskantzuetan hareharri gorrizko harlandu ederrez hornitua, bai sarrerako atetzarrean bai eraketa neoklasikoa duten fatxadako hutsarte guztietan. Eraikin nagusiarekin batera, sarbide nagusiaren kanpo-eremua osatzen du, eta biltegirako edo/eta kotxetokirako erabiltzen da.

Lorategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arana jauregiko lorategia zuhaitz bakan batzuen eta haien arteko espazioen multzoa da, nagusiki eraikinaren iparraldeko fatxadan egon arren eraikin osoaren ingurumaria eratzen dutenak eta erakinari loturiko lorategi-gune itxi bat definitzen dutenak. Lorategira jotzeko bi sarbide daude, jauregiko bi solairutatik abiatuta: sarbide nagusia lehen solairuko erdiko espazioa malda leun batez barne-lorategiko solairuarekin lotzen duen eskailera da; bigarren sarbidea, garrantzi gutxiagokoa, behe-solairuko erdiko espaziotik zuzenean komunikatzen da lorategiarekin.

Jada ez da gelditzen lorategiko elementu bereizgarririk, hala nola altzari, iturri edo antzeko eraikuntza edo apaindurako elementurik. Edonola ere, erantsitako planoan definitzen den babes-inguruaren barruan lorategi erromantikoa dago, tamaina, edertasuna, adina eta kokapena dela-eta nabarmentzekoak diren hainbat zuhaitzez osatua. Honako genero eta espezietakoak, hain zuzen ere: Magnolia grandiflora; Laurus nobilis; Aesculus hippocastanum; Fraxinus excelsior.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa