Arratoi beltz
Arratoi beltz | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Rodentia |
Familia | Muridae |
Leinua | Rattini |
Generoa | Rattus |
Espeziea | Rattus rattus |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Arratoi beltza (Rattus rattus) Muridae familiako karraskaria da. Kontinente guztietan bizi da, Antartikan izan ezik[1]. IUCNek ehun espezie inbaditzaile arriskutsuen artean sailkatu du. Gizakiarekiko komentsalismo harremana du, eta gizaki migrazioekin batera hedatu da munduan zehar[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputza (burua barne) 158-235 mm luze da; isatsa, 171-280 mm. Batez besteko pisua 72-215 gramokoa da.
Asiar jatorrikoa da. Europan ez zen ezagutzen, seguru asko, erromatar garaiaren ondorenera arte. Bere belarri handiengatik, ile gutxiko buztan luzeagatik eta proportzionalki atzeko oin handiengatik bereiz daiteke.
Kolorea aldakorra da, batzuetan grisa bizkarrean eta zuria behealdean, beste batzuetan gris-arrea gorputz osoan. Burezurra beste muridinoena baino tamaina handiagokoa izaten da.
Tuberkuluak eta sustraiak dituzten hortzak ditu eta ezin da inoiz nahastu ur-arratoiarekin, horren hortzak prisma paraleloen itxurakoak baitira eta sustrairik gabeak.[3]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere gaueko animalia da. Haren dieta, landa eremuan, funtsean landare jatorrikoa da (fruituak, aleak, zurtoinak, etab.), ornogabe batzuekin osatua eta baita zuhaiztietan aurkitzen dituzten arrautzekin edo txorikumeekin ere, eskalatzaile ona baita. Gatibu dagoenean animalia orojaletzat har daiteke.
Naturan, ugalketa urtaro onuragarrienean gertatzen da, baina giza bizilekuetan urte osoan zehar ugal daiteke, batez beste bost-zazpi kume emanez.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorri tropikalekoa, arratoi beltzak bere bizi-zikloa garatzeko mikroklima atsegina behar duen karraskaria da. Giza eraikuntzek ingurumen-baldintza ezin hobeak eskaintzen dizkiote, haietan erraz ugaltzen baita, jazarpen handia jaso arren.
Landan, zabortegietan, erreka ertzetan eta kostaldeko paduretan aurki daiteke.
Eremu mediterraneoan, nolabaiteko maiztasunarekin, ibaien ertzetan bizi da, eta, zenbaitetan ur-arratoiaren antzeko pasabideak egiten ditu; hala ere, arratoi beltzaren gorotzak luzeagoak eta kurbatu samarrak dira.
Espeziea oso hedatuta dago Europa osoan, iparraldeko eremuan salbu. Haren dentsitatea oso handia izan daiteke tokian-tokian, batez ere, kontrolik gabeko zabortegietan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Krystufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralik, J. Zima: The Atlas of European Mammals. Poyser, Londres, 1999: 298–299. orr. ISBN 0-85661-130-1
- ↑ (Ingelesez) Yu, He; Jamieson, Alexandra; Hulme-Beaman, Ardern; Conroy, Chris J; Knight, Becky; Speller, Camilla; Al-Jarah, Hiba; Eager, Heidi et al.. (2022-05-03). «Palaeogenomic analysis of black rat (Rattus rattus) reveals multiple European introductions associated with human economic history» Nature Communications 13 doi: . (Noiz kontsultatua: 2025-03-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 367 or. ISBN 84-7542-639-5..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |