Asturieraren ofizialtasunaren aldeko mugimendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
2007ko Asturiasko letren eguna.

Asturieraren ofizialtasunaren aldeko mugimendua (movimientu pola oficialidá de la llingua asturiana asturieraz) Asturiaseko estatutuan bertako hizkuntzaren lege-onarpenaren alde borrokatzen duen gizarte mugimendu edo sarea da. Hamarkadaz hamarkada espainiar estatuko beste eleek izandako errekonozimendu bera exijitu dute haien hizkuntzarentzat.

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asturiera, Asturiasko berezko hizkuntza den heinean, espainiar estatuko beste hizkuntza batzuek jasotzen duten tratamendua merezi dutela defenditzen dute ofizialtasunaren aldekoek. Horrez gain, asturiera ondare ez-materiala dela aldarrikatzen dute, hurrengo belaunaldiei igorri, zaindu eta mantendu behar zaiena. Hortaz, ofizialtasuna ezinbesteko pausoa da hizkuntzak biziraun dezan. Eskubide zibilei lotutako beste ikuspuntu batzuek asturieraz administrazioengana jo nahi duten hiritarren eskubide falta eta urraketak azpimarratzen dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asturiasko zenbait sektoretan asturieran babesaren eta erabileraren inguruan nolabaiteko kezka egon bazen ere, Jovellanos bezalako defendatzaile sutsuen eskutik (XVIII. mendearen amaieran Asturiasko Letra Onen Akademia sortzea planteatu zuen) ez zen 70eko hamarkadara arte osatu ofizialtasunaren aldeko mugimendua. Hauxe Conceyu Bable kultur-erakundeari lotuta zegoen, azken hori izan baitzen aldarri-mugimenduaren ardatza garai honetan. Hala bada, 1976 da hizkuntzaren aldeko lehen manifestazioaren data, "Bable nes escueles, Autonomia rexonal" lemapean. Izan ere, hasiera batean aldarrikapenek hizkuntzaren irakaspena eta babesa zuten oinarri. Garai haietako kanpaina ezaguna da Bable nes escueles lelopean egin zena. Asturiaseko hainat txokotan pintada eta grafiti ugari egin ziren, asturiera hezkuntza-sisteman sar zedila eskatzeko.

Galizierak, katalanak edo euskarak hizkuntza ofizialaren estatusa behin lortuta eta kontuan hartuta ere Espainiar konstituzioak aukera hori jasotzen zuela, desengainu sentimendua adierazi zuen mugimendu honek. Hain justu, ofizialtasunaren aldeko eskaera ez zen aintzat hartu 1981eko Asturiaseko autonomia-estatutuan eta horren alde borrokatzeko apustua egin zuten.

Hurrengo hamarkadetan, mugimenduak pixkanaka bere eragina zabaltzen du eta hasiera batean ideia baztertzen zuten alderdietara iristen da. Ezker Batuak (Izquierda Xunida Asturiasen) 1990eko hamarkadan lortu beharreko helburu gisa exijitu zuen ofizialtasuna eta PPk 2008ko hauteskunde orokorretan ekin zion asturieraren alde egiten. Gizarteari dagokionez, mugimendua garaipen ugari lortzen hasi zen, batik bat asturierazko kantarik onenaren saria sortu zen Asturiasko Musika-Akademiaren sariketan edo 1998ko Asturieraren Erabilera eta Babeserako Legearen onarpena. Berton, administrazioak hizkuntzarekiko lege-konpromiso bat hartu zuen lehen aldiz. Hala ere, porrot batzuei aurre egin behar izan zieten, hala nola, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Asturiasko zenbait kontzejuren ofizialtasun-adierazpenak atzera bota zituen. Esaterako, Llangréu edo Bimeneseko udalek asturiera ofizial izendatu izana ukatu zuten. Halaber, Asturiasko Printzerriko Justizia Auzitegi Nagusiak Noreñako Kontzejuan asturiera erabiltzeko ordenantzaren aurkako epaia eman zuen. [1]

Mugimenduaren osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimenduak hizkuntzaren defentsa eta hiztunen eskubideen babesa xedetzat eduki izanak, era guztietako kolektibo, elkarte eta pertsonengana hurbiltzea ekarri zuen. Ondorioz, ofizialtasunaren aldeko mugimendua askotarikoa eta heterogeneoa da. Pertsona independenteek edo nolabaiteko garrantzia dutenek osatzen dute, hala nola, musikariek, idazleek, unibertsitateko katedradunek, kazetariek edo juristek (azken bi talde horiek eskaera hori sustatzeko bi elkarte propioak ere badituzte). Badira hizkuntzaren aldeko gizarte-elkarteak ere, hala nola Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu. Gainera, Asturiasko hainbat alderdi politiko, adibidez UNA, Andecha Astur eta Unión Asturianistak, eskaera hori jasotzen dute eta haien programan barneratzen dute, Ezker Batuak edo PPko sektore minoritario batzuek bezala. Sindikatuen artean, CSI sindikatua jeneralista eta SUATEA irakaskuntzan-sindikatu aktiboak dira eskaera horren aldeko borrokan.

Mugimendua ekimen bateratuetan elkartzen da aldizka; esaterako, Conceyu Abiertu pola Oficialidák urtero deitu ohi duen manifestazioan. Hasiera batean, Asturiasko Hizkuntzaren Defentsarako Batzordeak sustatutako koordinazio-proiektua zen hori, mugimendua koordinatzea helburu zuena, gizartearen ofizialtasun-eskaeraren inguruko adierazpenak, kontzentrazioak, ekitaldiak eta gertakariak plazaratzeko.

Mugimendua bultzatzen edo babesten duten ekintzen artean, honakoak daude: manifestazioak, kontzentrazioak, eskaerak, asturiar-irakasgaiaren eskaintza eskatzeko itxialdiak eskoletan, demanda judizialak, prentsaurrekoak, kanpaldiak, asturiera eskolak, ofizialtasunaren aldeko kontzertuak, pintadak, kartelak itsastea... eta Asturiasen 70eko hamarkadaz geroztik noizean behin egin diren beste asko.[2]

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pita errebindikazio-ekitaldi batean.

Pita da, beharbada, mugimendu honetako pertsonaiarik entzutetsuena. Oiloz (asturieraz pita esaten zaio) mozorrotutako gizon edo emakume bat da eta Asturiasko presidentearen atzetik dabil ekitaldi edo desplazamenduetan.[3] Oiloz mozorrotutako pertsona batek komunikabideengan eraginzezaken ikus-efektua kontuan hartuta, animalia hori aukeratu zuten.Baina baita mugimenduaren ustez ofizialtasuna Autonomia Estatutuan ez sartzeak dakarren koldarkeria sinbolizatzeko balio du. Xunta pola Defensa de la Llingua Asturianak sustatu zuen ideia, eta oraindik ere aldian-aldian agertzen da Pita.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]