Gaspar Melchor de Jovellanos
Gaspar Melchor de Jovellanos | |||
---|---|---|---|
1797ko azaroaren 13a - 1798ko abuztuaren 24a | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Baltasar Melchor Gaspar María de Jovellanos | ||
Jaiotza | Gijón, 1744ko urtarrilaren 5a | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Bizilekua | Museo Jovellanos (en) | ||
Lehen hizkuntza | asturiera | ||
Heriotza | Veiga (Navia), 1811ko azaroaren 27a (67 urte) | ||
Hobiratze lekua | Capilla de Nuestra Señora de los Remedios (en) | ||
Familia | |||
Haurrideak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Real Monasterio de Santo Tomás (en) | ||
Hizkuntzak | asturiera gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, idazlea, filosofoa, ekonomialaria, abokatua eta legelaria | ||
Kidetza | Real Academia Española | ||
Gaspar Melchor de Jovellanos, baita Xovellanos ere, jaiotzez Baltasar Melchor Gaspar María de Jove Llanos y Ramírez (Gijon/Xixon, 1744ko urtarrilaren 5a - Navia, 1811ko azaroaren 27a) idazle, legelari eta politikari asturiarra izan zen. Ilustrazioak emandako egilerik nabarienetakoa da.
Pablo Olabide eta Campomanesen antzera, fisiokraziaren aldekoa izan zen. Doktrina ekonomiko horren arabera, aberastasun iturri garrantzitsuena, ia bakarra, lurra zen. Gainera, oinarrizko baliabideak, merkataritza askatasuna eta zerga sistemaren aldaketa bultzatu behar zirela aldarrikatzen zuen. Jovellanos, gainera, "zerga bakarraren" aldekoa zen, hau da, Estatuko lurralde guztietako sistema konplexuak bateratzeko zergabide bakarra nahi zuen. 1788 eta 1795 bitartean, "Informe sobre Ley Agraria" ospetsua idatzi zuen.
Literaturan, estilo garbia ezaugarri nagusia du. Drama bat idatzi zuen hitz lauz, El delincuente, Erromantizismoaren aitzindaritzat hartu dena. Olerkiak ere politika edo filosofia ideiak islatzeko bidetzat hartu zituen. Haren lan garrantzitsuena Diario da, hil ondoren argitaratua; Euskal Herriaz hainbat ohar eta berri ageri dira bertan. Lan ugari idatzi izan zituen, hala literaturazkoak nola politikazkoak. Asturieraren bultzatzailea ere izan zen.
Garai hartako ideia berrien aldeko politikari liberala zen. Sevillako eta Madrilgo epailea izan zen, Madrilgo alkate Karlos III.aren eta Karlos IV.aren garaian, eta enbaxadore Errusian. Frantzisko Cabarrús adiskide zuen. Godoyrekin istiluak izan zituen eta Inkisizioarekiko bere jokaera zela eta, preso hartu zuten.
Karlos IV.aren agintaldian, Inkisizioak bere indarra areagotu zuen, eta Jovellanosen etsaiak, erregea bera tartean, kontra jarri zitzaizkion. Errepresio instituzio horrek Jovellanos atxilotu zuen etxean 1801eko martxoan; paper guztiak kendu zizkioten, eta giltzapetuta eraman zuten gatibu penintsulatik Mallorcaraino beste preso arrunt bat bezala. Hor kartzelatuta egon zen 1808 arte.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 145. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Martínez de Muniain, Emilio Valerio. (1993). La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad. Donostia: Txertoa ISBN 84-7148-281-9..