Edukira joan

Australiako geografia

Koordenatuak: 27°S 144°E / 27°S 144°E / -27; 144
Wikipedia, Entziklopedia askea
27°S 144°E / 27°S 144°E / -27; 144
Australiako geografia
Osoa 7.741.220 km²
Lehorra 7.682.300 km²
Ura 58.920 km²
Latitudea 27°0' S
Longitudea 133°0' E
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena -15 m (Eyre aintzira)
Puntu gorena 2.228 m (Kosciuszko mendia)

Australia Ozeaniako estatua da. 7.741.220 kilometro koadroko eremua hartzen du,[oh 1], eta munduko herrialderik zabalenetan zazpigarrena da.[1]

Ozeaniako hego-mendebaldean dago, hego latitudeko 9° eta 44° artean, eta ekialdeko longitudeko 112° eta 154° artean. Mugak hauek dira: Indonesiatik bereizten duen Timorko itsasoa eta Ginea Berritik bereizten duen Arafura itsasoa (Torres itsasartea eta Carpentaria golkoa), iparraldean; Indiako Ozeanoa (Australiako Badia Handia), mendebalde eta hegoaldean; Tasmaniatik bereizten duen Bass itsasartea, hego-ekialdean; eta Ozeano Barea (Zeelanda Berritik bereizten duten Koralaren itsasoa eta Tasmaniako itsasoa), ekialdean.

Australia gehiena altitude txikiko goi-ordokia da, batez beste 340 metroko garaiera duena. Herrialdearen ekialdean, itsasertzaren paraleloan, mendilerro batzuk daude, eta sakongune zabal bat erdialdean. Ekialdean izan ezik, zabaldiak daude kostaldeetan. Hauek dira eskualde geografiko nagusiak:[2]

  • Mendebaldeko goi-ordokiak herrialdearen mendebaldeko erdia baino gehiago hartzen du. Batez besteko garaiera 350 metro ingurukoa da, eta zenbait mendigune apal daude barreiaturik lautada zabal horretan: Darling hego-mendebaldean; Hamersley (Meharry mendia, 1.249 metro), Ophthalmia, Barlee, Robinson eta Nicholson mendebaldean; King Leopold, St. George eta Durack iparraldean; eta MacDonnell (Zeil mendia, 1.531 metro), James eta Musgrave (Woodroffe mendia, 1.435) ekialdean. Aipagarria da Uluru (863 metro) hareharrizko egitura erraldoia ere.
  • Erdi-ekialdeko lur behereak, ekialdeko mendilerroen mendebaldeko isurialdea hartzen dutenak, Carpentaria golkotik (iparraldean) Spencer eta Saint Vicent golkoetaraino (hegoaldean). Batez besteko garaiera 150 metro ingurukoa da, eta bertan dago Australiako gunerik beherena, Eyre aintzira (-15 metro).
  • Hegoaldeko lur garaiak, erdi-ekialdeko lur behereen hegoaldean, Eyre eta Yorke penintsulak hartuz. Flinders (St Mary, 1.189 metro) eta Lofty dira mendigune nagusiak.
  • Ekialdeko lur garaiak edo Mendikate Banatzaile Handia. Ekialdeko itsasalde osoa hartzen du, York lurmuturraren penintsulatik (iparraldean) Bass itsasarteraino. Iparraldean 160 kilometro zabal da, eta 400 kilometro zabal erdialdean. Hegoaldeko zatiari, Hegoaldeko Gales Berria estatuan, Australiar Alpeak esaten zaio. Bertan dago Australiako mendirik garaiena: Kosciusko (2.228 metro).[3] Tasmania Mendikate Banatzaile Handiaren jarraipena da. Uharte malkartsua da, baina gailurrak ez dira oso garaiak; Ossa mendia da altuena (1.617 metro). Ipar-ekialdeko itsasertzetik hurbil dago Koral Hesi Handia, munduko koralezko uharririk handiena.[4]

Lurreko kontinenterik lauena ez ezik, denetan lehorrena ere da Australia. Sare hidrografikoa eskasa da, eta lur higadura handia. Ibai iraunkor handienak Ekialdeko lur garaietan daude. Garrantzitsuena Murray da, 2.508 kilometroko luzera duena (3.490 kilometro Darling adarrarekin batera). Haren arroak herrialdearen hego-ekialde gehiena hartzen du. Mendikate Banatzaile Handiaren ekialdeko isurialdeko ibaiak laburrak eta malda handikoak dira; Burdekin, Mackenzie eta Snowy dira aipagarrienak. Iparraldeko kostaldean (Mitchell, Flinders, Gregory, McArthur, Roper, Daly, Victoria eta Ord), mendebaldean (Gascoyne, Murchison), eta Tasmanian (Macquarie, Derwent) ere daude ibai iraunkor batzuk. Mendebaldeko eta barnealdeko ibaiak ibilbide luzekoak izan arren, oso emari txikikoak dira, eurite garaian izan ezik; itsasora isuri beharrean, batzuk basamortuan desagertzen dira, eta beste batzuek sakonera txikiko aintzira gaziak eratzen dituzte. Handiena Cooper Creek da, Eyre aintzirara isurtzen dena. Izan ere, Eyre da herrialdeko aintzirarik handiena (9.500 kilometro koadro). Hura bezala, barnealdeko aintzirak gaziak dira. Hego-ekialdean eta Tasmanian ur gezako aintzirak daude.

Ura biltzeak dakartzan arazoak hil ala bizikoak dira Australian: 7.500 putzu artesiar inguru dira gaur egun indarrean. Zentral hidraulikoak Australiar Alpeetan eta Tasmanian egokitu dira nagusiki.

Klima, oro har, beroa eta guztiz kontinentala da, baina kontraste izugarriak ditu. Kontinente idorra da eta, kokalekua dela eta, Saharakoekin aldera litezkeen ezaugarriak ditu. Iparraldean, eurijasa tropikalak izaten dira udan; hegoaldean, ordea, negu aldean izaten dira euri ugarienak. Hego-mendebaldean (Perth) eta Adelaidan, klima mediterraneoa dute eta, hego-ekialdean eta Tasmanian, ozeanikoa.

  1. Lord Howe eta Macquarie uharteak barne

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Australia. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-1-5).
  2. Robert Terence Lange, John J. Veevers and Others. Australia. Encyclopædia Britannica, inc., britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-1-2).
  3. Mendizerra Banatzaile Handia. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-1-2).
  4. UNEP World Conservation Monitoring Centre (1980). Protected Areas and World Heritage – Great Barrier Reef World Heritage Area. Department of the Environment and Heritage, sea.unep-wcmc.org (Noiz kontsultatua: 2019-1-4).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]