Indonesia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Indonesiako Errepublika
Republik Indonesia
Bandera Armarria
Goiburua: Bhinneka Tunggal Ika
(Batasuna Aniztasunean)
Ereserkia: Indonesia Raya

Hiriburua
eta hiri handiena
Jakarta
Hizkuntza ofiziala(k) Indonesiera
Herritarra indonesiar[1]
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Joko Widodo
 -  Lehen ministroa Jusuf Kalla
Independentzia Herbehereetatik
Geografia
 -  Guztira 1,904,569 km2 (15.)
 -  Ura (%) 4,85
Biztanleria
 -  2015[2] zenbatespena 255.461.700 (4.)
 -  2010[3] errolda 237.641.326
 -  Dentsitatea 124,66 bizt./km2 (84.)
Dirua Errupia (IDR)
Ordu-eremua hainbat (UTC+7 > +8)
 -  Udan (DST)  (UTC+7 > +8)
Aurrezenbakia 62
Internet domeinua id

Indonesia, ofizialki Indonesiako Errepublika[1] (indonesieraz: Republik Indonesia, rɛpublik ɪndonesia ahoskatua), hego-ekialdeko Asiako herrialdea da, Indiako ozeanoaren eta Ozeano Barearen arteko ekuatorearen partean dagoena, Indotxinaren eta Filipinetako uharteen eta Australiaren artean. Munduko uhartedi-estaturik handiena da, 17.508 uharte eta 1.904.569 kilometro koadroko eremuarekin. Biztanleriari dagokionez, munduko laugarrena da eta gehiengo musulmana duen lehena, 2010ean 237.641.326 biztanle baitzituen[3]. Hiriburua Jakarta da.

Herrialdeak baliabide natural baliotsuak ditu, hala nola, petrolio eta gas natural hobiak (itsasokoak nahiz lehorrekoak), oso egur estimatua ematen duten baso tropikalak, eta mineral ugari, horien artean eztainua, nikela eta kobrea. Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteko (ASEAN) kide sortzailea eta G-20ko kidea da[4].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Indonesiako geografia»
Indonesiako mapa fisikoa

Indonesia Indotxinatik Australiaraino hedaturik dago, 11°S eta 6°N latitudeen artean, eta 95°E eta 141°E longitudeen artean. Munduko uhartedi-estaturik handiena da, 5.120 kilometro luze ekialdetik mendebaldera eta 1.760 kilometro zabal iparraldetik hegoaldera. 17.508 uhartek osatzen dute, eta 6.000 ingurutan bizi da jendea[5].

Bost irla nagusiak Java, Sumatra, Kalimantan (Borneoren Indonesiako aldea), Ginea Berria (Papua Ginea Berriarekin partekatua) eta Sulawesi dira. 1.919.440 kilometro koadroko eremu hartuz, Indonesia munduko 16. herrialderik handiena da. Biztanle dentsitate 124,6 biztanle/km² da (munduko 84.a), baina Javak, munduko uharterik populatuenak, 940 biztanle ditu kilometro koadroko.

Ujung Kulon parke nazionala, Java
Danau Sentarum parke nazionala, Borneo
Rinjani sumendia, Lombok

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiak lur mugak ditu Malaysiarekin Borneo uhartean (1.881 km), Papua Ginea Berriarekin Ginea Berria uhartean (824 km), eta Ekialdeko Timorrekin Timor uhartean (253 km). Singapur, Malaysia, Filipinak eta Australiarekin ur mugak ditu, horietako batzuk oso gertukoak[6]

Uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Indonesiako uhartedi eta uharte nagusiak:

Erliebea eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharte handi gehienak menditsuak dira: Sumatra, Java, Bali, Lombok, Sulawesi eta Seramen 3.000-3.800 metro bitarteko gailurrak daude. Beti ere, mendirik garaiena Ginea Berrian dago: Puncak Jaya (4.884 m). Sumatran eta Borneon baino ez da ordokirik. Ibairik luzeenak Kalimantan uhartean daude: Kapuas (1.143 kilometro luze), Mahakam (980 km) eta Barito (890 km). Kontuan hartzekoa da Sumatrako Toba aintzira (1.775 kilometro koadro).

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiak klima tropikala du, beroa eta euritsua. Batez besteko tenperatura beti-berdintsua da urte guztian: 28°C itsasetzeko ordokietan, 26°C barnealde eta mendietan, eta 23°C mendigune gorenetan. Hezetasun erlatiboa aski handia izaten da beti, %70 eta %90 artekoa. Prezipitazioa, berriz, aldakorragoa da, montzoiari lotua. Bi urtaro izan ohi dira, lehorra, ekainatik irailera, eta hezea, abendutik martxora. Eskualderik euritsuenak herrialdearen iparralde eta mendebaldea dira, handik sartzen baitira montzoiaren haize hezeak. Hori dela eta, urteko batez besteko prezipitaziorik handienak mendebaldeko Sumatra, Java, Bali, Kalimantango barnealdea, Sulawesi eta Irian Jayan biltzen dira, 2.000 mm baino gehiago urtean, eta 6.100 milimetrora irits daiteke lurralde menditsuetan. Iraila eta abendua bitartean, tifoiek haize eta erauntsi bortitzak eragin ditzakete; haien indarra, ordea, asko aldatzen da urte batetik bestera[7].

Arrisku naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dagoenez, Eurasiako plaka eta Indoaustraliako plakaren arteko subdukzio gunean, Indonesian sumendi ugari daude eta lurrikarak ohikoak dira. 76 sumendi aktibo daude[5], Krakatoa eta Tanbora ospetsuak barne. Toba supersumendiaren eztanda, duela 70.000 urte inguru gertatua, inoiz izan den handienetakoa izan zela uste da; munduko klima aldarazi zuen eta giza populazioa asko txikitu zen[8]. 2004ko Indiako tsunamia, Sumatran 167.736 lagun hil zituena[9], eta 2006ko Yogyakartako lurrikara izan dira XXI. mendeko hondamendirik handienak. Hala ere, sumendietako errautsek oso lur emankorrak sorrarazi dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Indonesiako historia»

Indonesia izena hitz elkartua da: latinetiko Indus («India») eta grekotiko nesos («uharte»), hau da, «uharte(di) indiarrak».

Lehen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondakin arkeologikoek erakusten dutenez, Homo erectus-a, Javako gizona esaten zaiona, Indonesian bizi izan zen duela 500.000 urte arte. Homo sapiens-ak orain dela 40.000 urte iritsi ziren[10]. K. a. 2000 inguruan, Taiwango austronesiarrak iritsi ziren, egungo biztanleria gehiena osatzen dutenak; austronesiarrak uhartedian zehar hedatu ahala, jatorrizko biztanle melanesiarrak zokoraturik gelditu ziren ekialde muturreko uharteetan[11]. K. a. VIII. menderako arroza zelai hezeetan hazteko teknika menderatzea lortu zuten. Teknika horiek eta nekazaritzarako baldintza bikainek, herri, hiri eta erresuma txikien loraldia ahalbidetu zuten K. a. I. mendean. Gainera, haren kokapen estrategikoari esker, salerosteak ere azkar garatu ziren. Izan ere, Indiako erresumarekiko zein Txinarekiko merkataritza Kristo baino zenbait mende lehenago sortu zen. Harrezkero, salerosketek moldatu zuten Indonesiako historia.

Borobudur monumentu budista, Sailendra dinastia, VIII. mendea

Merkataritzaren eraginez, VII. mendetik aurrera, Srivijaya itsaso-erresuma boteretsua loratu zen Sumatran. Horren bidez, hinduismoa eta budismoa inportatu ziren. VIII. eta X. mendeen artean, Sailendra eta Mataram dinastien goraldia eta gainbehera gertatu ziren Javan. Garai hartakoak dira Borobudur, Ratu Boko eta Prambanango monumentu ederrak[12]. X. mendeko lehen laurdenean, Mpu Sindok-ek erresumaren erdigunea ekialdera aldatu zuen, Mataram aldetik Brantas ibaiaren haranera, eta Isyana dinastia sortu zuen[13]. 1030 aldean, Sondako Erresuma berrezarria izan zen mendebaldeko Javan. Baliko Erresuman, berriz, Warmadewa dinastiaren esku gelditu zen X. mendean. XIII. mendean, Majapahit erresuma hindua sortu zen ekialdeko Javan, eta Gajah Madaren agindupean haren eragina ia egungo Indonesia eta Malaysia osora hedatu zen[11].

Merkatari musulmanak hego-ekialdeko Asiara goiz iritsi baziren ere, Indonesian populazio musulmanen lehendabiziko zantzuak XIII. mendekoak dira, Sumatrako iparraldean. Ezari-ezarian, Islama beste eskualde batzuetara hedatu zen, eta XVI. mendearen amaierako bilakatu zen Java eta Sumatrako erlijio nagusi. Balin gehienek jarraitu zuten hinduista izaten[11].

Garai koloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bataviako herbeheretar kokalekua, gaur egun Jakarta, 1665 aldean.

Lehenengo europarrak 1512an iritsi ziren Indonesiara, Javara hain zuzen ere. Francisco Serrão buru zuten portugaldar merkatariak saiatu ziren hainbat espeziaren merkataritza monopolizatzen. Herbeheretarrak eta ingelesak geroago heldu ziren. 1602an, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainia sortu zen, XVII. eta XVIII. mendeetan uhartediko europar botere nagusia izan zena. Portugaldarrek ekialdeko Timor besterik ez zuten atxiki[11].

Porrot baten ostean, konpainia 1800ean desegin zen; orduan, Herbehereetako gobernuak Ekialdeko Herbeheretar Indiak kolonia nazionalizatutzat hartu zituen. 1883ko abuztuaren 27an, Krakatoa uharteko Perbuatan sumendiak leher egin zuen; uharte erdia itsasperatzaz gain, tsunami izugarriak eragin zituen, Java eta Sumatra uharteetan hainbat herri suntsitu zituztenak. 36.000 pertsona inguru hil ziren[14].

Garai kolonialaren aldi gehienean, herbeheretarren kontrola lausoa izan zen, zenbait kostaldetan izan ezik. Baina XX. mendearen hasieran, egungo Indonesia osora hedatu zen haien nagusitasuna. Bigarren Mundu Gerran, 1942ko martxoan, Japoniak Indonesia inbaditu zuen, herbeheretarren agintea deuseztatuz. Hasieran askatzailetzat hartu bazituzten ere, japoniarren okupazioa basatia eta zapaltzailea izan zen, eta independentziaren aldeko mugimendua, ordura arte erreprimitua, bizkortu zen[11]. 1945eko abuztuan, Japonia errenditu eta bi egun geroago, Sukarno buruzagi nazionalistak independentzia adierazi zuen; bera hautatu zuten errepublika sortu berriaren lehenbiziko presidente. Herbehereak beren agintea berrezartzen saiatu ziren; alabaina, borroka armatu eta diplomatiko latzaren ondoren, 1949ko abenduan Indonesiaren independentzia onartu behar izan zuten.

Indonesia independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sukarno, Indonesiako lehen presidentea.

Sukarno demokraziatik autoritarismo aldera lerratu zen. Armada eta Alderdi Komunistaren (Partai Komunis Indonesia, PKI) indarrak orekatuz agintean irautea lortu zuen. 1965eko irailaren 30ean, armadak estatu-kolpe saiakera bat indargabetu zuen. Armadaren erantzuna komunisten aurkako garbiketa bortitza izan zen; komunistez gain, sindikalistak, emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak, irakasleak eta baita txinatar jatorriko pertsonak ere jazarriak izan ziren, eta 500.000-1.000.000 lagun hil zituzten[15].

Orduko Sukarnoren aginpidea erabat ahuldurik zegoen eta, 1968ko martxoan, Suharto jenerala, armadaren burua eta zapalkuntzaren arduraduna, presidente izendatu zuten. Haren gobernua AEBek babestua zen eta inbertsio atzerritarrak sustatu zituen. Horrela, hurrengo hamarkadetan herrialdeko ekonomiak gora egin zuen. Nolanahi ere, Suhartoren gobernuari ustelkeria eta oposizioa bortizki erreprimitzea leporatzen zizkioten ahots ugarik.

Asiako Finantza Krisialdiak, 1997an eta 1998an, Indonesia bete-betean jo zuen, Suhartoren gobernuaren aurkako haserrea eraginez. Protesten aurrean, 1998ko maiatzaren 21ean Suhartok dimititu zuen. 1999an Ekialdeko Timorrek Indonesiatik independizatzearen alde bozkatu zuen, 25 urteko okupazioaren ostean. 2002an independentzia lortu zuen, XXI. mendean burujabe bihurtutako lehen herrialdea izanda.

Suhartoren ondoren, erreforma garaia iritsi zen Indonesiara. Prozesu demokratikoak, autonomikoak barne, indartu egin ziren. 2004an egin ziren Indonesiako lehendakaritzarako lehen hauteskunde zuzenak, eta Susilo Bambang Yudhoyono segurtasuneko ministro ohia aukeratu zuten lehendakari. Urte bereko abenduaren 26an, Banda Aceh estatutik kilometro batzuetara epizentroa zuen lurrikarak, Richter eskalan 9,2 gradukoak, 210.000 hildako eragin zituen (320.000 mundu osoan). 2005an, Aceh-ko gatazka armatua amaitu zen bake akordio baten bidez[16]. Egun, erlijio eta etnia anitzen arteko harremana nahiko baketsua da, eskualde batzuetako arazoak gorabehera.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Indonesiaren banaketa administratiboa»

Indonesia 34 probintziatan (indonesieraz: provinsi) banaturik dago, eta probintzia horiek erregeordetza (indonesieraz: kabupaten) eta hiritan (indonesieraz: kota). Bi horiek barrutitan (kecamatan) banatzen dira, eta hauek desa eta kelurahan edo herrietan. Probintzia bakoitzak bere gobernadorea eta bere kontseilu legegilea ditu. Aceh, Jakarta, Yogyakarta, Mendebaldeko Papua eta Papuak estatus berezia dute.

Probintziak honako hauek dira:

Sumatra

Java

Sondako Uharte Txikiak

Kalimantan

Sulawesi

Moluka uharteak

Papua

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean Indonesiak 237.641.326 biztanle zituen[3]. Biztanleriaren banaketak gorabehera handiak ditu, nahiz eta azken hamarkadetan kanpotarrak erakartzeko politika aplikatu den uhartediko ekialdeko uharte biztanle gabeetan. Javan, lurralde osoaren %7an, biztanleen %57 bizi dira[2], eta arroz soroetan munduko landaldeko dentsitaterik handiena dago, zenbaitetan 1000 biztanle kilometro koadrotik gorakoa (750 batez beste); aldiz, Irian Jayan, lurraldearen %22 hartzen duelarik, biztanleen %1,5 bizi da, eta dentsitatea 8,6 biztanle kilometro koadroko da[2].

Aspalditik aplikatu badira ere famila plagintza ofizialak, biztanleria gorantz doa (%0,92 2015ean), eta biztanleen %43k 25 urtetik behera dute. Hiriak asko handitu dira (badira milioi bat biztanletik gorako 11 hiri), baina 2015ean biztanleen %46,3 landaldean bizi ziren. Bizi itxaropena, 2015eko estimazioen arabera, 72,4 urtekoa da[5].

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnia eta hizkuntza aniztasun handia dago Indonesian, 300 talde etniko eta 700 bat hizkuntza baitaude[17]. 2010eko datuen arabera, javatar etniakoak %40,1 dira, sondatarrak %15,5, malaysiarrak %3,7, batakak %3,6 eta maduratarrak %3. Ekialdeko uharteetan melanesiarrak bizi dira. Txinatarrak, bestalde, 3.500.000 inguru dira[5].

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiako uharteetan 700 mintzaira baino gehiago erabiltzen dira[5]. Gehienak austronesiarrak badira ere, papuar familiako batzuk ere mintzatzen dira. Indonesiera (Bahasa Indonesia) da hizkuntza ofiziala, malaysieraren aldaera bat, aspalditik uhartediko lingua franca izan dena. Indonesiera merkataritzan, administrazioan, hezkuntzan eta hedabideetan erabiltzen da batez ere, baina bigarren hizkuntza da indonesiar gehienentzat. Javera da hiztun gehien dituen tokiko hizkuntza: 84 milioi[18].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indonesiako konstituzioak sei erlijio onartzen ditu: islam, protestantismoa, katolizismoa, hinduismoa, budismoa eta konfuzianismoa. Biztanleen %87,2 musulmanak dira, gehienak sunitak; izan ere, Indonesia da munduko herrialde musulmanik jendeztatuena. Kristauak %10 inguru dira (%7 protestanteak eta %2,9 katolikoak) eta hinduistak %1,7[5].

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakartako finantza gunea.

Etorkizun handiko herrialdetzat hartzen da Indonesia, eta esan daiteke dragoi berria dela Ozeano Bareko eskualdean: hazkundea handia da, kanpoko desorekak gutxiagotu dira, atzerrira zabaldu da. Hego-ekialdeko Asiako ekonomiarik indartsuena da, eta G-20 taldeko kidea da[4]. Barne produktu gordina 668.656 milioi eurokoa izan zen 2014ean, eta Per capita errenta, berriz, 2.652 eurokoa. Kontuan izan behar da 1999an 644 eurokoa zela[20]. Munduko 30. esportatzailerik handiena da; 2015ean Japonia (%12), AEB %10,8, Txina %10, Singapur %8,4, eta India %7,8 izan zituen merkaturik garrantzitsuenak[5]. Herrialdearen arazo nagusia lurralde oso zabal eta oso zatikatu baten gobernua eta kudeaketa da, trukeen oreka ahula baita oraindik, eta nabarmenak garapenaren desberdintasunak. 1967az gero Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteko (ASEAN) kide da .

Olio-palmondo saila Bogoren, Java.

Nekazaritzak biztanle aktiboen 38,9 enplegatzen zuen 2012an[5]. Arroza da oinarrizko elikagai eta laborea, eta iraultza berde delakoaren abantailak baliatu ditu (bi eta hiru uzta urtean). Javako uharteak, ikaragarri jendeztatua izanik ere, bere beharrak asetzen ditu, eta esportatu ere egiten du, urte oparoetan. Gai asko lantzen da: kafea, tea, azukre kanabera, tabakoa, kopra, kakahueteak, esentziazko olioak, espeziak. Munduko palma olio ekoizlerik eta kontsumitzailerik handiena da; izan ere, munduko palma olio ia erdia Borneon ekoizten da, eta oihanaren %40 suntsitu dute horretarako[21].

Basoa lehen mailako baliabide iturria da, eta munduko lehenbizietakoa da Indonesia zur tropikalen esportazioan. Petrolio eta gas naturalaren ekoizpena ere gorantz ari da (Sumatran, Javako itsasoan eta Borneoko hego-ekialdean), eta dibisa asko ekartzen dio herrialdeari; orobat da garrantzitsua meatzaritza: eztainua, kobrea, nikela, bauxita, manganesoa eta zilarra erauzten dira. Industria garapena, estatuaren kontrolaren mende egon ondoren luzaroan, pribatizazioaren bidetik abiatu zen 1988tik aurrera, eta atzerritar kapitaletara zabaldu zen (japoniar eta amerikar kapitaletara batez ere), langileen kostua apala baita. Industria sektoreak ugaltzen ari dira (nekazaritza-elikagaiena, kimikagintza, aluminiogintza, ehungintza, zur eta papergintza), eta langileen %13,2 enplegatzen ditu. Zerbitzuetan, berriz, %47,9 aritzen da (2012)[5].

1997-1998ko finantza krisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko amaiera - 1998ko hasieran, rupiak berebiziko beheraldia izan zuen, eta 1998an %13,7 murriztu zen NPG, bankuek finantza arazo handiak izan baitzituzten, eta mailegu asko utzi zuten ordaindu gabe. Hasieran, Indonesiako gobernuak zalantza egin zuen beteko ote zituen Nazioarteko Diru Funtsarekin itundu zituen baldintzak 42 mila milioi dolarreko laguntza sorta bat eskuratzeko; zalantza horiek inbertsoreen konfiantza falta areagotu zuten, eta kapital askok alde egin zuen. Aldi berean, istilu handiak izan ziren, jatorri txinatarreko negozioburuen kontra gehienak, eta horrek areago hondatu zuen egoera. Horren guztiaren ondorioz, Suharto presidenteak dimisioa eman zuen 1998ko maiatzaren 21ean. Haren ondorengoak, B. J. Habibiek, NDFarekiko lankidetza hobetu zuen. Diru hornigaiak hilabete gutxitan segurtatu ziren, eta urrirako, inflazioa –urteko %70ra iritsia zena–, asko jaitsi zen. Gobernuak orobat iragarri zuen 1998aren bukaeran bankuak berriz kapitalizatzeko programa bat, baina 1999aren hasieran plagintza horrek arazoak izan zituen, funts publikoekiko mendekotasuna zela-eta.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b c   Population Projection by Province, 2010-2035, bps.go.id, http://www.bps.go.id/linkTabelStatis/view/id/1274. Noiz kontsultatua: 2016-8-27 .
  3. a b c   Population of Indonesia by Province 1971, 1980, 1990, 1995, 2000 and 2010, bps.go.id, http://www.bps.go.id/linkTabelStatis/view/id/1267. Noiz kontsultatua: 2016-8-27 .
  4. a b   What is the G-20, g20.org, https://web.archive.org/web/20110504233459/http://www.g20.org/about_what_is_g20.aspx. Noiz kontsultatua: 2016-8-31 .
  5. a b c d e f g h i   Indonesia, CIA World Factbook, cia.gov, https://www.cia.gov/library/publications/the-world-factbook/geos/id.html. Noiz kontsultatua: 2016-8-19 .
  6.   Witton, Patrick (2003), Indonesia, Lonely Planet, ISBN 1-74059-154-2 .
  7.   Climate of Indonesia, weatheronline.co.uk, http://www.weatheronline.co.uk/reports/climate/Indonesia.htm. Noiz kontsultatua: 2016-8-19 .
  8.   Galarraga Aiestaran, Ana, Sumendiak, hegazkinak eta dinosauroak, Gara egunkaria, zientzia.eus, http://zientzia.eus/artikuluak/sumendiak-hegazkinak-eta-dinosauroak/. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  9.   The Human Toll, UN Office of the Special Envoy for Tsunami Recovery. United Nations, tsunamispecialenvoy.org, https://web.archive.org/web/20070519133441/http://www.tsunamispecialenvoy.org/country/humantoll.asp. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  10.   Finding showing human ancestor older than previously thought offers new insights into evolution, terradaily.com, http://www.terradaily.com/reports/Finding_showing_human_ancestor_older_than_previously_thought_offers_new_insights_into_evolution_999.html. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  11. a b c d e   Szczepanski, Kallie, Indonesia, asianhistory.about.com, http://asianhistory.about.com/od/indonesia/p/indonesiaprof.htm. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  12.   Borobudur, Ratu Boko eta Prambanan, borobudurpark.com, http://borobudurpark.com/. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  13.   Cœdès, George, The Indianized states of Southeast Asia, books.google.co.id, https://books.google.co.id/books?id=iDyJBFTdiwoC&printsec=frontcover&hl=id&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  14.   Kortabarria Olabarria, Beñardo, Lurrikarak sumendiak ikertzeko, Deia-ren D2 atala, zientzia.eus, http://zientzia.eus/artikuluak/lurrikarak-sumendiak-ikertzeko/. Noiz kontsultatua: 2016-8-22 .
  15.   Oppenheimer, Joshua, Suharto’s Purge, Indonesia’s Silence, nytimes.com, http://www.nytimes.com/2015/09/30/opinion/suhartos-purge-indonesias-silence.html?_r=1. Noiz kontsultatua: 2016-8-23 .
  16.   Aceh rebels sign peace agreement, BBC News, news.bbc.co.uk, http://news.bbc.co.uk/2/hi/asia-pacific/4151980.stm. Noiz kontsultatua: 2016-8-23 .
  17.   Sugiharto, Setiono, Indigenous language policy as a national cultural strategy, thejakartapost.com, http://www.thejakartapost.com/news/2013/10/28/indigenous-language-policy-a-national-cultural-strategy.html. Noiz kontsultatua: 2016-8-29 .
  18.   Indonesia: languages, ethnologue.com, http://www.ethnologue.com/country/ID/languages. Noiz kontsultatua: 2016-8-31 .
  19.   Statistics Indonesia, bps.go.id, https://www.bps.go.id/Subjek/view/id/12. Noiz kontsultatua: 2016-08-27 .
  20.   El PIB subió un 5,0% en Indonesia, Expansion, datosmacro.com, http://www.datosmacro.com/pib/indonesia. Noiz kontsultatua: 2016-8-31 .
  21.   Tubia, Iker, Palma olioaren arrasto beltza, berria.eus, http://www.berria.eus/paperekoa/1810/038/001/2015-06-25/palma_olioaren_arrasto_beltza.htm. Noiz kontsultatua: 2016-8-31 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Indonesia Aldatu lotura Wikidatan
Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia.PNG

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia.png

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east.svg

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia.PNG

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia.png

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan