Neisseria gonorrhoeae

Wikipedia, Entziklopedia askea
Neisseria gonorrhoeae
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaBetaproteobacteria
OrdenaNeisseriales
FamiliaNeisseriaceae
GeneroaNeisseria
Espeziea Neisseria gonorrhoeae
[[|]]
Datu orokorrak
GaixotasunaGonorrea eta proctitis (en) Itzuli
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Neisseria gonorrhoeae, gonokoko ere deitua, Neisseria generoko bakterio patogenoa da, gonorrea eragiten duena.

Albert Neisser sendagile alemanak mikrobio hau isolatu zuen estreinakoz 1879an.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neisseria gonorrhoeae koko itxurako bakterio Gram negatiboa da, gehienetan koko-bikoteak osatzen dituena (diplokokoak). Aerobioa edo anaerobio fakultatiboa da, eta katalasa eta oxidasa positiboa. Eskakizun nutritibo zorrotzak ditu, eta laborategian hazteko hazkuntza-inguru bereziak erabiltzen dira (eta baita CO2ko atmosfera berezia ere): txokolate-agarra eta Thayer-Martin agarra dira erabilienak.

Bere birulentzia areagotzen duten finbriak ditu: finbria horiei esker traktu urogenitaleko mukosen zelulei atxikitzen da [1]. Bestalde, bakterio hau oso sentikorra da lehortearen aurrean, eta bizkarroi-bizitzara moldatua da; horregatik, kontaktu zuzenaren bidez besterik ez da pertsonen artean transmititzen.

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «gonorrea»

Neisseria gonorrhoeae gonorrea eragiten du, sexu-transmisiozko gaixotasun ohikoenetakoa. Gaitza sexu-harremanen bidez transmititzen da. Aipatu den bezala, mikrobio eragilea oso sentikorra da, eta ezin du gizakiarengandik kanpo bizi: gonorrearen kutsapen-bidea, beraz, pertsonen arteko kontaktu zuzena eta intimoa da beti.

Bakterioak endotoxina moduan jarduten duten zelula hormaren lipoproteinak ditu, ostalariaren ehunen zelulak kaltetzen dituztenak eta aparteko birulentzia ematen diotenak.

Gaitza traktu urogenitaleko eta inguruko ehunak eta organoak kaltetu ahal ditu: genitalak, prostata, umetokia, Fallopioren tronpak... Septizemia gertatzen denean, bakterioak gorputzeko beste organo batzuk ere erasaten ditu.

Neisseria gonorrhoeaek aniztasun antigeniko handia dauka: finbrien eta zelula hormaren lipoproteinen mota asko daude. Aniztasun handi horrek immunitate naturala murrizten du (pertsona batek gonorrea harrapa dezake behin baino gehiagotan) eta txerto baten eraginkortasuna zailtzen du [2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basaras Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 178-180 orr.
  2. Ingraham, J; Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vl. 2, ed. Reverte: 597

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]