Edukira joan

Bangladeshko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bangladeshko historiak aro eta izen desberdinen historia aztertzea dakar: Bengalako golkoan dagoen nazioa da Bangladesh eta bere izenaren parte batek (Bangla) Bengala eskualdeari egiten dio erreferentzia, bengaleraz mintzo den herri edo nazioari.

Baina Indian historikoki Bengala izan zen, nagusiki hindu eta musulman ziren eskualdeetan banatua egon zen, eta Indiaren partizioa iristean, Bengala ere zatitut zen: Mendebaldeko Bengala hinduista Indiako Batasunean sartu zen, eta Ekialdeko Bengala nagusiki musulmana Pakistan estatu musulmanean intehratru zen: Ekialdeko Pakistan izan zen lurraldearen izena 1947 eta 1971 bitartean Pakistanen parte izan zelarik. Eta 1972tik, independentziarekin, Bangladesh dena ezagutzen dugu.

Indiaren parte izandako aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bengala entitate politiko batean bihurtu zen VII. mendean, garai honetan, Shashankak, Bengalako lehen errege independenteak gobernatu zuelarik. Honen erregealdia 606an hasi zen. Malla dinastia Bengalan agertu zen VII. mendean. Pala eta Chandra dinastiak budistak ez bezala, Malla dinastiakoak hinduistak ziren. Bengalan errege izan ziren garaian tenplu eta monumentu erlijioso ikusgarriak eraiki zituzten.

Sena dinastiapean, 1095etik 1260 arte iraun zuena, bengalera hizkuntza garrantzitsua izaten hasi zen India iparraldean, eta hinduismoa, budismoaren lekukoa hartzen hasi zen erlijio nagusi bezala.

Indiaren inbasioa Turkiatik heldutako armaden aldetik, XIII. mende hasieran gertatu zen. Inbaditzaileek (Ikhtiar Uddin Muhammad Bin Bakhtiyar Khilji buruzagi zutela), Palastarren erregea zen Lakshman garaitu zuten, Nabadwip bere hiriburuan, 1203 edo 1204an. Deva familiak, Bengala gobernatu zuen azkeneko dinastia hindua, denbora laburrez gobernatu zuen eskualdearen ekialdeko zatia, eta tronutik bota zituzten XIV. mendearen erdialdean.

Musulmandar garaiaren hasiera aldean, antzinako erresuma "Bangala"ko sultanerri bihurtu zen, aldika gobernatua Delhiko sultanerritik.

Britainiarrek 18. mendean hasi ziren ezartzen bengala, asmo komertzialekin hasieran, baina erabateko kontrol politikoa lortu zuten 19. mendean. 1905ean britainiarrek, Bengala bi probintziatan banatu zuten: mendebaldekoa, gehiengo hindua zuena (gaur egungo Bihar eta Orissa estatuak hartzen zituena), eta ekialdekoa gehiengo musulmanduna, zeinak gaurko Bangladeshez gain, gaur egungo Indiako Assam estatua hartzen zuena.

India utzi baino lehen, hondamendi bat ere eragin zuten britainiarrek Bengalan, gerrako (Bigarren Mundu Gerran) politikaren ondorioz, 1943an gosete handi batean 3 milioi bengaliar hil zirelarik.

Pakistanen parte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bengalako ekialadea Indiatik banandu eta Pakistan estatu musulmanaren parte bihurtu zen 1947an. Pakistanen bi zatietan erlijio bera nagusi zen arren, ezberdintasuna handia zen etniei, hizkuntzari, ohiturei eta lurraldeari dagokienez.

Independentziaren aldeko borroka, Awami Ligak zuzendu zuen, eta 1971n gerra piztu zen. Indiako armadak independentisten alde esku hartu zuen, eta Pakistan bidali.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1971ko abenduan, Pakistanen kontrako gerra odoltsua amaitu ondoren, Bangladeshko Errepublika osatu zen. Sheikh Mujibur Rahman bilakatu zen estatuburu. Gobernu berri hark hainbat hitzarmen izenpetu zituen Sobietar Batasunarekin eta Indiarekin, eta 1974an bakea hitzartu zuen Pakistanekin. Ekonomiaren egoera, bestalde, eramangaitza zen, eta 1975en Biltzar Legegileak erabaki zuen ahalmen guztiak lehen ministroari ematea. Hala, Bangladesh errepublika presidentzialista bihurtu zen. Baina urte hartako abuztuan estatu kolpea izan zen, eta lehendakaritza osatzen zuten kideak eta Awami Ligakoak hil zituzten. Estatu kolpe hartan Khondaker Mostaq Ahmadek hartu zuen aginpidea; hala ere, Ahmadek berehala eman behar izan zuen dimisioa, nahasmendu egoerak hartara beharturik. Azkenean, armadako komandante nagusi Ziaur Rahmanek hartu zuen presidente kargua.

1981ean izandako matxinada batean Ziaur Rahman hil zuten, eta behin behineko presidente Abdus Sattar izan zen, harik eta 1983ko abenduan Ershad jeneralak agintea hartu zuen arte. 1988ko eta 1989ko uholde izugarriek sortutako protesta giroak boteretik aldendu zuen Muhammad Ershad, eta 1991. urtean egin ziren lehen hauteskunde libreak; Bangladeshko Alderdi Nazionalista (BNP) izan zen garaile, eta Khaleda Zia, Rahman lehendakari ohiaren alarguna, bihurtu zen lehen ministro. Arazo larriei aurre egin behar izan zien alderdi honek, besteren artean 1991ko uholdeei. Bestalde, gehiengo musulmanaren eta gutxiengo hinduaren arteko harreman zailalak, independentzia lortu zenez geroztik maiz borrokaldi gogorretan lehertu izan zirenak, 1993an azaleratu ziren, fatwa batek Taslima Nasrin idazleak Lodja (“Lotsa”) liburuan agerturiko iritziak kondenatu zituenean; liburuan Bangladeshen hinduek pairatzen zuten esetsaldia salatzen zen, giza saldo batek, Ayodhya indiar hirian, hinduen lur sakratuan eraikitako meskita bat suntsitu zuenetik.

1994. urtean krisi politiko larri bat sortu zen, hurrengo bi urteetan ere grebekin-eta jarraitu zuena, eta ondorio latzak izan zituen gobernuarentzat eta lehen ministroarentzat. Oposizioko alderdi nagusiek boikota egin zieten 1996ko otsaileko hauteskundeei. Emaitzen manipulazioa agerikoa izan baitzen, hala Khaleda Ziak bere postua galdu eta behin-behinean Habibur Rahman, Epaitegi Goreneko lehendakari ohia, izendatu zuten gobernuburu. 1996ko ekainean errepikatu ziren hauteskundeak, eta Awami Ligak irabazi zituen; haren liderra, Sheikh Hasina, Habibur Rahman “nazioaren aita”-ren alaba, izendatu zuten lehen ministro.

Egoera ekonomikoa hobetzeko ahalegin handiak egin zituen Awami Ligak, atzerritar inbertsioak erakartzeko bideak bilatuz, eta kapitalen sarrerak eta irteetak erraztuz; hala adibidez, negoziazioak egin zituen atzerritar enpresekin petrolio eta gas ikerketarako, gasaren banaketa hobetzeko, eta gas naturaleko hodiak eta argindar zentralak eraikitzeko. Gainerako ekonomia erreformak atzeratu egin ziren, burokraziak eta beste interes taldeek jarritako oztopoengatik. 1998an, uholde larriak izan ziren, 20 milioi lagunen bizitza arriskuan jarri zutenak. Ale ekoizpena 4 milioi tona jaitsi zen, eta gobernuak hirukoiztu egin behar izan zituen ohiko ale inportazioak; horren ondorioz, biziki desorekatu zen Bangladeshko ordainketa balantza. Uholdeen ondorioz, halaber, areagotu egin zen kanpoko laguntzarekiko mendekotasuna.

2001tik 2006ra Khaleda Zia izan zen berriz Bangladeshko lehen ministroa. Ekonomia hazkunde oparoa izan zen urte horietan, baina Jamaat-ul-Mujahideen (JMB) talde islamistak zenbait eraso egin zituen 2004tik aurrera. Ehunka lagun atxilotuak izan ziren eta JMBko bi buruzagiak, Shaykh Abdur Rahman eta Bangla Bhai, hilarazi zituzten 2007ko martxoan. 2006an, armadak hertsaturik, Iajuddin Ahmed presidenteak larrialdi egoera deklaratu eta Fakhruddin Ahmed behin-behineko lehen ministro izendatu zuen. 2008ko hauteskundeen ostean, Sheikh Hasina itzuli zen lehen ministro kargura. 2009ko otsailaren 25ean eta 26an, matxinada egin zuten Bangladeshko BDR Mugaldeko Guardia Bereziko ehunka soldaduk. 74 pertsona hil ziren istilu horietan.

2013ko maiatzean 1.000 pertsonatik gora, gehienak emakumeak, hil ziren Dhakako fabrika eraikin bat erori zenean. Ezbehar horrek agerian utzi zuen Bangladeshko ehungintza sektoreko langileen errealitate gordina: eskubiderik eza, miseria gorria eta lan baldintza kaskarrak. Abuztuan Jamaat-e-Islami, Bangladeshko alderdi islamista nagusia, legez kanpokotzat jo zuen auzitegi batek. Awami Ligak, lehen ministro Sheikh Hasinaren alderdiak, gehiengo osoarekin irabazi zituen 2014ko urtarrileko parlamenturako hauteskundeak. Bangladeshko Alderdi Nazionalistak (BNP), oposizioko alderdi nagusiak, boikotera deitua zuen; horregatik, parte hartzea oso txikia izan zen.

2016an herrialdeko buruzagi islamista nagusia urkatu zuten, 1971ko independentzia gerran gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita. 2014-2016an, 40 pertsona inguru hil zituzten muturreko talde islamistek matxeteekin egindako erasoetan; biktima gehienak gutxiengo erlijioetako sinestunak, sunitak ez ziren islamaren beste adarretako kideak, LGTBI mugimenduko ekintzaileak, pentsalari laikoak eta atzerritarrak izan ziren. 2016ko uztailean, berriz, gutxienez 22 lagun hil zituzten Dhaka hiriko jatetxe baten kontrako erasoan; Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa.

2017 eta 2018an, Myanmarko 700.000 rohingya baino gehiago errefuxiatu ziren Bangladeshen, haien kontrako garbiketa etnikotik ihesi. 2018ko urrian, Tarique Rahman Bangladeshko Alderdi Nazionalistako (BNP) buruzagiari bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, ustez Sheikh Hasinaren kontrako 2004ko atentatua sustatzeagatik. Beste bi ministro ohi heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Bi hilabete geroago egin ziren legebiltzarrerako hauteskundeak, eta 298 aulkitatik, 288 eskuratu zituen Sheikh Hasina lehen ministroa buru zuen Koalizio Handiak; BNPk iruzurra salatu zuen. Human Rights Watch erakundeak ere kezka agertu zuen hauteskundeen sinesgarritasunari buruz. Genero ikuspegian, mugarri bat ezarri zuen 2020ko urriaren 12an bortxatzaileei heriotza zigorra ezartzeko legeak.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]