Baregoen Guardia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Baregoen Guardiaren marrazki bat

Baregoen Guardia (grezieraz: Τάγμα των ΒαράγγωνTágma tōn Varángōn) Bizantziar Armadako elite unitate bat izan zen. X. mendetik XIV. mendera arte bere kideek Bizantziar enperadoreen babes pertsonala egiten zuten. Batez ere germaniar herrietako kideek osatzen zuten, espezifikoki eskandinaviarrak (Guardia Vikingoen aroan 200 urtetan osatu zen) eta Ingalaterrako anglosaxoiak (batez ere Normandiarren Ingalaterraren konkistaren ostean).

Lehenengo kideak Rus etniak eskaini zituen. Rusak bizantziarren zerbitzura egon ziren 874tik aurrera. Guardia ofizialki sortu zuen Basilio II.a Bulgaroktonoak 988an, Vladimir I.a Kievekoaren Kieveko Rusaren kristautzearen ondotik. Vladimirrek Kieveko gobernua eskuratu zuen gerlari baregoen laguntzarekin, eta horietako 6.000 bidali zizkion Basilio II.ari asistentzia militarreko itun bati esker. Basilio II.ak ez zituen estimu handian Bizantzioko bizkartzainak, askotan euren leialtasunak aldakorrak zirelako, eta Baregoen leialtasuna goraipatu zuen, horietako askok lehenago Bizantzioko Inperioaren esku egon baitziren. Urteak pasa ahala Suedia, Danimarka, Norvegia eta Islandiako kideak erreklutatu zituen, herri nordikoen hegemonia mantenduz antolaketa honetan, XI. mendera arte.

Hainbeste izan ziren erreklutatutako eskandinaviarrak Västergötlandeko Erdi Aroko lege batek adierazten zuela ezin zela herentziarik jaso "Grezian" zeuden bitartean (hala deitzen zuten bertan Bizantziar Inperioa). XI. mendean beste bi herrialde zeuden bizkartzain lanerako eskandinaviarrak erreklutatzen zituztenak: Kieveko Rusa (980-1060) eta Londres (1018-1066, Þingalið izeneko unitatea).

Batez ere iparraldeko jendea eta Rusak baldin baziren guardiaren osaketa lehenengo 100 urtetan zehar, anglosaxoiak gehitzne joan ziren normandiarek Ingalaterra inbaditu zutenean. Alexios Komnenosen garaian, XI. mendearen bukaeran, Bizantziar Baregoen Guardiak bikingoen eta normandiaren erasoak jasan zituzten anglo-saxoiak sartu zituen batez ere. Anglo-saxoiak eta beste herri germaniar batzuek, bikingoek bezala, leialtasun sistema zorrotza zuten. Normandiarrek Ingalaterra konkistatzerakoan euren lurrak galdu zitzuten jaun askok bere gerlariak hartu eta Bizantziora joan ziren.

Baregoen Guardiak paper garrantzitsua jokatu zuen hainbat gudutan, batez ere momentu kritikoak zeudenean. XIII. mendearen bukaeran Baregoen Guardiako kide gehienak bizantziar greziarrak ziren etnikoki, nahiz eta guardiak XIV. mendera arte iraun. 1400. urtean baziren oraindik euren burua baregotzat zutenak Konstantinoplan.