Alexio I.a Komneno

Wikipedia(e)tik
Alexios I.a Komneno» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexio I.a Komneno
Alexio I.a Komneno

Alexio I.a Komneno greziar eskuizkribu batean


1081eko apirilaren 1a – 1118ko abuztuaren 15a
Aurrekoa Nizeforo Botaniates
Ondorengoa Joan II.a Komneno

Jaiotza 1056 aldean
Heriotza 1118ko abuztuaren 15a
Ezkontidea(k) Irene Dukas

Alexio I.a Komneno[1] (1056 aldean - 1118ko abuztuaren 15a) Bizantziar Inperioko enperadorea izan zen 1081-1118 bitartean, Komnenotar dinastiaren fundatzailea[2]. Normandiarren erasoari eutsi zion eta Konstantinopla mehatxatu zuten petxenegoak xehatu zituen. Nizea eta mendebaldeko Asia Txikia konkistatzeko Lehenengo Gurutzada bultzatu zuen[3].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan Komnenoren hirugarren semea zen, eta 1057-1059 bitartean enperadore izandako Isaak I.a Komnenoren iloba. Isaakek abdikatu zuenean, Alexioren aitak uko egin zion tronuari, eta 1059-1081 bitartean dinastia desberdinetako lau enperadorek agindu zuten. Romano IV.a Diogenesen agintaldian (1067-1071), armadan zerbitzatu zuen seljuktarren aurkako borrokan. Mikel VIII.a Dukas (1072-1078) eta Nizeforo Botaniates (1078-1081) enperadore zirela, Alexio eta Isaak anaiak Asia Txikia, Trazia eta Epiroko matxinoen aurka borrokatu ziren. Gero, enperadoaren aurka armak harturik, Konstantinoplan sartu eta Nizeforo kargutik eraitsi zuten. Isaak anaia zaharrenak koroari uko egin zionez, Alexio bilakatu zen enperadore 1081ean, 33 urte zituela[4].

Alexioren agintaldi luzeak (37 urte inguru) arazo asko izan zituen. Hastapenean, Roberto Guiscard eta Bohemundo Antiokiakoa normandiarren erasoak jasan behar izan zituen, Durrës eta Korfu konkistatzea lortu zutenak. Roberto 1085ean hil ondoren, bizantziarrek berreskuratu zituzten lurralde horiek. Geroago, petxenego eta bogomiloen inbasioei aurre egin behar izan zien Trazian. Asia Txikian seljuktarren boterea handitzen ari zen, eta horri ere aurre egin behar izan zion[4].

Beti ere, krisialdirik zailena Lehenengo Gurutzadako zaldunen etorrerak eragin zuen. Alexioren enbaxadoreek Mendebaldeko kristauen laguntza galdegin bazuten ere, iritsi ziren oste gaitzek asaldatu zuten. Petri Amienskoa buru zuen Behartsuen Gurutzada Asia Txikira bidali zuen, eta han turkiarrek sarraskitu zuten 1096an. Godofredo Bouillongoa buru zuen Printzeen Gurutzada-k, berriz, Kios, Rodas, Esmirna, Efeso eta ia Anatolia osoa berreskuratzea lortu zuen, 1097-1099 bitartean[4].

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexio I.a Maria Alaniakoa enperatrizaren, hots, Mikel VIII.a Dukas eta Nizeforo Botaniatesen emazte ohiaren, maitalea izan zen. Alexiok eta Mariak ez zuten beren harremana ezkutatu, eta elkarrekin bizi izan ziren Manganako jauregian.

Enperadorearen amak, Ana Dalasenak, Dukas familiarekiko lotura sendotu nahi izan zuen. Horretarako, Alexio Irene Dukasekin ezkontzarazi zuen. 9 seme alaba izan zituzten:

  • Ana, Nizeforo Brienioarekin ezkondu zena
  • Maria, Gregorio Gabras eta Nizeforo Katakalonekin ezkondu zena
  • Joan, Alexioren ondorengoa
  • Andronikos
  • Isaak
  • Eudokia, Mikel Iasitesekin ezkondu zena
  • Teodora, Konstantin Kourtikes eta Konstantin Angerekin ezkondu zena
  • Emanuel
  • Zoe

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren 179. araua: Bizantziar Inperioko pertsona-izenak, euskaltzaindia.eus
  2. Alexio I.a Komneno, Harluxet entziklopedia, euskadi.net
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
  4. a b c   Bury, John Bagnell, Alexius I, 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org, https://en.wikisource.org/wiki/1911_Encyclop%C3%A6dia_Britannica/Alexius_I.. Noiz kontsultatua: 2016-06-18 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexio I.a Komneno Aldatu lotura Wikidatan