Basoko esbastika

Wikipedia, Entziklopedia askea

Basoko esbastika Alemaniako Zernikow herriko baso batean zegoen esbastika zen.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko udazkenean, Alemaniako gobernuak hiru urte lehenago batutako herrialdearen lurralde osoko airetiko argazkiak ateratzeko agindu zion aireko ejertzitoari. Eta argazkiak aztertzeaz arduratu ziren unibertsitateko ikasleek aurkikuntza bitxia egin zuten: Brandenburg eskualdeko Zernikow udalerriko pinudi batean, laritzezko esbastika erraldoia ikus zitekeen. Ia 60 metro koadroko azalera hartzen zuten 100 laritzek osatzen zuten esbastika, eta udazkeneko zenbait astetan soilik ikus zitekeen, orduan baino ez baitziren bereizten laritz horixkak inguruko pinuetatik[1]. Badirudi, lehenagotik Alemaniako Errepublika Demokratikoak esbastika honen berri izan zuela baina orduko gobernuak ez zuen ezer egin esbastika kentzeko asmoz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esbastika itzelaren jatorria ez dago garbi. Badirudi zuhaitzak Schmidt izeneko basozain batek landatu zituela. Zenbaiten ustez, inguruko enpresa-gizon batek Adolf Hitlerri bere 49. urtebetetzean egindako oparia izan zen eta, beraz, 1938an landatu zituzten laritzak. Beste bertsio batek dio ekimena Schmidtena berarena izan zela, eta Hitlerren Gazteriako kideen laguntza izan zuela oparia prestatzeko. Beste teoria batek ere tokiko enpresaburu bat du protagonista, baina oso bestelako arrazoiak ditu oinarri: 1937an enpresaburua BBC irratia entzuteagatik salatu eta kontzentrazio esparru batera eraman omen zuten; inguruko biztanleek, beldurtuta eta erregimenarekiko leialtasuna erakutsi nahirik, sinbolo biziduna altxatzea erabaki omen zuten[1].

Airetik eta urteko egun jakin batzuetan soilik ikus zitekeenez, nazien gurutzeak 60 urte baino gehiago iraun zuen. Tokia nazien jarraitzaile berrien erromesaldi edo kultu gune bihur zitekeelakoan, 1995ean Alemaniako gobernuak 100 laritzetatik 47 eraustea erabaki zuen, sinboloa desitxuratu asmoz. Baina ez zen nahikoa izan, izan ere moztu zituzten zuhaitz batzuk berpiztu eta gurutzea guztiz desitxuratzeea ez zuten lortu.

2000. urteko azaroaren 14an zenbait komunikabidek Zernikoweko basoan egindako argazkia argitaratu zuten, gainerako laritzek oraindik ere esbastika osatzen zutela erakutsiz. 2000. urteko abenduaren lehenean beste 27 laritz moztu zituzten eta, azkenean, 60 metroko ezkutuko esbastika betiko ezabatu zuten[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Nagore Irazustabarrena, «Esbastika, udazken koloretan», Argia, 2012-11-25, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]