Batasuna prozesua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Batasuna prozesua Batasuna Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta sozialista sortzeko eratu zen. Euskal Herri osoko, nazio erakundea sortzea zuen helburu, Euskal Herri aske, aurrerakoi eta solidarioa nahi eta behar duten pertsona eta sektoreen ilusioarekin batera bide berriari ekitea.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri Batasunaren baitan 1999ko udazkenetik 2000ko otsailera Eraikitzen izenpean eginiko azterketaren ondorio zuzena dugu Batasuna prozesua. Euskal Herrian irekitako prozesu politikoa zela eta, proiektu politiko abertzale eta ezkertiarra garatzeko garai eta horizonte berrietara egokitutako Herritarren Batasuna nazionala eta eraberritua behar zela erabaki zuen HBko militantziak.

Kari horietara berrantolatu zen Mahai Nazionala (espetxeratua eta ordezkatu zuenaren artean), bi agindu nagusiekin: lehena, nazio osoko Herritarren Batasuna eraberritua lortzeko prozesua zabaldu eta bultzatzea eraikuntza nazionalari eta eraldaketa sozialari ekitearren ahalik eta ezkerreko sektore abertzale gehienak batuaz eta, bigarrena, hori gauzatu bitartean egunerokotasunari erantzutea finkatutako ildo politikoaren arabera.

Gauzak horrela, Mahai Nazionalak agiri bateratzaile baten zirriborroa eskuetan, Euskal Herriko sektore, indar politiko, sindikatu, mugimendu eta gizabanako ugariengana jo zuen eztabaida prozesu sakon eta zabala garatzea proposatuz. Helburua: eraikuntza nazionalari eta eraldaketa sozialari ekiteko Euskal Herri osoko sektore abertzale ezkertiarrak bateratuko zituen erakunde berria sortzeko ahalik eta indar gehiena biltzea.

Agiri edo manifestu horrekin batera, eztabaidan aztertu beharko liratekeen edukiak eta jarraitu beharreko metodologiaren eskema aurkeztu zitzaien aipatu eragile sozialei. Harreman horietan jasotako ekarpenekin agiria biribildu eta sektore guztietan (kultura, kirola, ekologia, gazteria, feminismoa, irakaskuntza, langileria...) berrehunetik gora atxikimendu lortu ziren.

Konpromiso hori bere egin zutenen ordezkaritza zabalak aurkeztu zuen publikoki egitasmoa 2000ko maiatzaren 12an [Iruñea]n egindako prentsaurrekoan. Batasuna prozesua abian zen, beraz. Hurrengo urratsa behin behineko Talde Dinamizatzaile Nazionala eratzea izan zen eta, era berean, herri eta auzotan eztabaidaren garapena dinamizatzeaz arduratuko ziren taldeak osatu ziren.

Lehen eginbeharra Batasuna egitasmoa ezagutaraztea zen. Horretarako aurkezpen publikoak burutu ziren Euskal Herriko herri, auzo eta zenbait gune eta forotan. Guztira ia zazpi mila lagun inguruk hartu zuen parte aurkezpen hauetan. Proposatutako edukien [eskema]ri eta [metodologia]ri ekarpenak eta zuzenketak egiteko parada ere izan zuten parte-hartzaileek, baita eztabaidagune bakoitzeko talde dinamizatzailean partaide izatearena ere.

Herri eta auzoetako ordezkariez osatuta, lehen Batzar Orokorra burutu zen 2000ko ekainaren 17an Gasteizen eta bertan eztabaidarako oinarrizko bi txostenen (Eraiki nahi dugun Herritarren Batasuna eta Ildo politikoa) lanketarako behin betiko edukien gidoia eta metodologia finkatu ziren. Batzorde Eragile Nazionalaren zein Herrialdekoen osakideak berretsi ziren aipatu Batzar Orokorrean.

Fase berria irekia zegoen. Uda osoa zuen edonork oinarrizko txostenak egiteko. Horrela, 2000ko urriaren 7an Lasarten bederatzi ponentzia aurkeztu ziren: sei lehenengo txostenarentzat eta hiru bigarrengoarentzat. Hauekin batera, prozesuaren hasieran iragarri bezala, eztabaida berezituetan aztertuko ziren gaiak aurkeztu zitzaizkien batzarkideei, interesatuak bertan parte hartzera gonbitatuz. Hona aipatu gaiok: Aisialdia, Botere Judiziala, Euskara, Etorkinen errealitatea, Gazteria, Herrien arteko elkartasuna eta Nazioarteko politika, Ingurugiroa, Lurralde antolaketa, Irakaskuntza, Kirola, Komunikazioa, Kultura, Osasungintza, Politika feminista, Politika soziala eta ekonomikoa, Zientzia eta Teknologia berriak.

Bigarren Batzar Orokorraren ostean, txostenak herrietan aurkeztu (txostengileak zuzenean edo berauek grabatutako bideoaren bitartez) eta banatu ziren. Irakurri eta aztertzeko denbora igarota, abenduan eta urtarrilean zehar zenbait batzar burutu ziren herri bakoitzean txostenen mamia eztabaidatu eta aukeraketa egiteko.

Gasteizen 2001eko otsailaren 10ean eginiko hirugarren Batzar Orokorrean bozkatuenak Bateginez (Eraiki nahi dugun herritarren batasuna eta Jarduketako ildo politikoa) izenpean aurkeztutako bi txostenak izan zirela jakinarazi zen. Bazeuden, beraz, eztabaidaren euskarri izango ziren oinarrizko txostenak eta zuzenketak eta ekarpenak aurkezteko fasea martxan zegoen. Horretarako jarraitu beharreko metodologia eta epeak zehaztu ziren.

Epe hori gaindituta, hauen eztabaida eta bozketari ekin zitzaion (41 zuzenketa aurkeztu eta 100 hobekuntza inguru onartu ziren). Era berean, egituretan lanean jardungo duten kideak hautatzeko izen proposamenak jaso ziren.

Txosten proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000ko urriaren 7an Lasarte-Orian bederatzi txosten proiektu aurkeztu ziren: sei lehenengo txostenerako, eta hiru bigarrenerako.

Eraiki nahi dugun Herritarren Batasuna izeneko lehenengo txostenak hurrengo sei txosten hauek jaso zituen: Aralar, Arragoa, Bateginez, Igitaia eta Mailua, Piztu Euskal Herria eta Teilagorri.

Jarduteko ildo politikoa izeneko bigarren txostenak beste hiru txosten proiektu hauek jaso zituen: Aralar, Bateginez eta Igitaia eta Mailua.

Bederatzi txosten proiektuak Batasuna prozesuko hirugarren fasean aurkeztu ziren, eta Batzar Orokorrean bozkatu ziren. Hauek izan ziren emaitzak:

Eraiki nahi dugun Herritarren Batasuna [1]
Txosten proiektua Botoen ehunekoa Boto kopurua
Bateginez 68 3196
Piztu Euskal Herria 9 447
Aralar 7 345
Igitaia eta Mailua 1 60
Abstentzioa 11 504
Boto zuria 3 128
Boto baliogabea 1 42
Guztira 100 4722
Jarduteko ildo politikoa [1]
Txosten proiektua Botoen ehunekoa Boto kopurua
Bateginez 75 2656
Aralar 9 302
Igitaia eta Mailua 2 69
Abstentzioa 11 390
Boto zuria 3 118
Boto baliogabea 0 7
Guztira 100 3542

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]