Begoña Sopelana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Begoña Sopelana
Bizitza
Jaiotza Iurreta1944ko ekainaren 23a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Iurreta1999ko irailaren 12a (55 urte)
Jarduerak
Jarduerak irakaslea eta soziologoa

Begoña Sopelana Basauri (Iurreta, Bizkaia, 1944ko ekainaren 23a - ib.1999ko irailaren 12a) bizkaitar maistra eta soziologoa. Euskal kooperantea. Emakume aitzindaria [1]lankidetzan. 20 urte eman zituen koperante El Salvadorren.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iurretan jaio eta lehen eskolatzea herrian egin ondoren, 15 urte zituela, Magisteritza ikasten hasi zen. 1962an diplomatura eskuratu zuen arren, 1968ra arte administrari lanak egin zituen. Irakaskuntzan jarduteko grinak ordea, hezkuntza proiektu batean parte hartzera bultzatu zuen.

Kooperante lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968an egin zuen lehen bidaia El Salvadorrera zenbait boluntariorekin, hezkuntza proiektu batean parte hartzera. Eskolak eman zituen moja ikastetxe batean eta A.M.A. mediku kontsultategian ere aritu zen lanean. Bi urtez boluntariotzan jardun ondoren, Iurretara itzuli eta soziologia ikasketak egin zituen.

El Salvadorreko esperientzia hark ordea, eragin sakona utzi zion, eta 1977an jesuitek bultzatutako "Fe y Alegria" erakundean eman zuen izena, biztanle marjinatuentzako eskolak antolatzeko asmoz. Garai hartan Begoñak, 1980ean erail zuten Monseñor Romerorekin egin zuen lan.

Romerok eskatuta Begoña Boliviara joan zen, Andeetako paraje hartan martxan zeuden herri irrati eskolak ikusi eta, El Salvadorren bideragarri izan zitezkeen aztertzera. Handik itzultzean ostera, giro nahasia aurkitu zuen, gerra giroa. 1978. eta 1979. urteetan hasi zen, etengabe, elizetan zeuden gerrako errefuxiatuei laguntzen. Horretan jarraitu zuen 1984. urtera arte. Hezkuntza zuen xede, umeena ez ezik, baita nagusira ere. Helburuen artean bertako maisu-maistrak prestatzea baitzen.

1987an gerra oste gogorrean Las Vueltas herria eraikitzen jardun zuen herritarrekin batera, hutsetik hasita. Sei urte eman zituen Las Vueltasen. Irakurtzen eta idazten irakatsi zien hango biztanleei. Sasoi hartan Begorekin idazten eta irakurtzen ikasi zuten gazteak gerora irakasleak izatera heldu ziren. Berak irakatsitakoari jarraipena emanez. Era berean, emakumeen jabekuntza eta lan komunitarioa bultzatu zituen.

Itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993an Iurretara itzuli zen. Osasun arazoak zituen, halere, El Salvador eta Honduras herrialdeekiko haria ez zuen inoiz eten. Hirugarren Mundua eta Pakea GKE, Gobernuz kanpoko erakundearen bidez azkeneraino mantendu zuen lotura.

Argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • De la locura a la esperanza - Hondamenetik esperantzara [3]liburua aurkeztu zuen 1993an Gakoa argitaletxeak gerra hurbiletik bizi izan zuen Begoña Sopelanaren eskutik.

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2012ko azaroaren 14an, El Salvadorreko Las Vueltas, analfabetismo gabeko herria aldarrikatu zuten. Adierazpen horri "Begoña Sopelana" izena jarri zioten.[4] [5]
  • 2015ean monumentua inauguratu zuten Begoña Sopelana kooperante iurretarraren omenez, El Salvador-eko Las Vueltas herrian.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]