Honduras

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Hondurasko Errepublika
República de Honduras
Bandera Armarria
Goiburua: Libre, Soberana e Independiente
(“Aske, Burujabe eta Independentea”)
Ereserkia: 
Hiriburua
eta hiri handiena
Tegucigalpa
Hizkuntza ofiziala(k) gaztelania
Herritarra hondurastar[1]
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Juan Orlando Hernández
Independentzia
 -  Espainiatik 1821eko irailaren 15a 
Azalera
 -  Guztira 112,492 km2 (102.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  2016[2] zenbatespena 9.112.867 (95.)
 -  2007 errolda 7.529.403
 -  Dentsitatea 64 bizt./km2 (128.)
Dirua Lempira (HNL)
Ordu-eremua UTC (UTC-6)
Aurrezenbakia 504
Internet domeinua hn

Honduras[1] (gaztelaniaz onˈduɾas) ahoskatua), ofizialki Hondurasko Errepublika (gaztelaniaz: República de Honduras, reˈpuβlika ðe onˈduɾas), Erdialdeko Amerikako estatua da, Ozeano Barearen eta Karibe itsasoaren artean kokatua. Mendebaldean Guatemala du, hego-mendebaldean El Salvador, eta hego-ekialdean Nikaragua. Belize, lehen Britainiar Honduras deitua, mugatik 75 kilometrora dago Guatemala zeharkatuz. 112.492 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 9,1 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua eta hiri handiena Tegucigalpa da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honduras Erdialdeko Amerikako istmoaren gunerik zabalenean dago. Triangelu formakoa da, eta 112.492 kilometroko koadroko eremua hartzen du. Iparraldeko muga Karibe itsasoak egiten du, Motagua eta Coco ibaien bokalen artean.[3] Hego-ekialdean Nikaraguarekin du muga, hegoaldean Ozeano Bareko Fonsecako golkoarekin, eta mendebaldean El Salvador eta Guatemalarekin. 832 kilometroko itsasertza dauka, 669 kilometro Karibe itsasoan eta 163 kilometro Fonsecako golkoan.[4]

Karibe itsasoko Roatán, Utila eta Guanaja dira Hondurasen agindupeko uharte nagusiak; hiruek, beste uharte txikiago batzuekin batera, Islas de la Bahía departamendua osatzen dute. Fonsecako golkoan daude El Tigre, Zacate Grande eta Exposición uharteak.[3]

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso herrialde menditsua da. Hiru eskualde nagusi daude:[3]

Hondurasko mapa topografikoa
  • Barnealdeko mendiguneak. Herrialdearen %80 hartzen dute, eta bertan bizi da biztanleriaren gehiena. Lurralde malkartsua da, eta neke handikoak dira, bai garraioa, bai nekazaritza. Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuetan ohikoa den errauts bolkanikorik ez dagoenez, lurzoruak pobreak dira. Hori dela eta, meatzaritza eta abelzaintza izan ziren ekonomiaren oinarriak XX. mende hasiera arte. Mendebaldeko mendiguneetan daude gailurrik gorenak, hala nola, Pico Congolón (2.500 metro) eta Cerro de Las Minas (2.850 metro). Montaña de la Flor (2.300 metro), El Boquerón (2.485 metro) eta Pico Bonito (2.435 metro) dira ekialdeko mendiguneetako tontorrik garaienak. Mendebaldeko eta ekialdeko mendiguneen artean sakongune bat dago, Karibe eta Fonsecako golkoaren arteko igarotzea errazten duena. Sakongunea zabala da iparraldean, San Pedro Sulatik hurbil, eta estutuz doa Humuya ibaiaren goi-ibilguan. Hegoaldean berriz zabaltzen da, El Salvadorko mugaren ondoan. 300 eta 900 metro arteko garaiera duten haran ugari dago mendilerroen artean.
  • Iparraldeko kostaldea. Karibe ertzeko lautadaren mendebaldea da Hondurasko eskualderik garatuena da. Haran zabalak daude, hala nola Ulúa ibaiarena, Guatemalako mugatik gertu. Han daude Puerto Cortés, herrialdeko porturik garrantzitsuena, eta San Pedro Sula, industriagune nagusia. Iparraldeko itsasertzaren ekialdean, Nikaraguako mugaren alboan, Miskitoen kosta dago. Lautada oihantsu zabala da, eta kostaldetik hurbil padura eta mangladi ugari dago. Euriteen ostean, eskualdeko zati handiak hartzen ditu urak. Biztanleriaren dentsitatea txikia da.
  • Pazifikoko lur behereak. Fonsecako golkoaren inguruko lautada da, batez beste 25 kilometroko zabalera duena. Lurzoru alubialak dira, emankorrak. Golkoa aberatsa da arrain eta moluskuetan. Itsasertzeko mangladietan izkirak eta itsaskiak ugaltzen dira.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondurasko ibai eta aintzirak

Hondurasko ibaiek oso sare trinkoa eratzen dute. Gehienak Karibe itsasora isurtzen dira. Handiena Ulúa da, Intibucá departamenduan jaio eta Sula Harana zeharkatzen duena. Chamelecón, Aguán, Lean, Tinto edo Negro, Patuca, Plátano eta Segovia dira Karibeko isurialdeko beste ibai nagusiak; Segoviak Honduras eta Nikaraguaren arteko muga egiten du. Ozeano Bareko arroko ibai gehienak Karibekoak baino motzagoak dira. Choluteca, Goascorán eta Lempa dira aipagarrienak; azken biek El Salvador eta Hondurasen arteko muga egiten dute. Yojoa da herrialdeko aintzira bakarra.[3]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima tropikala da, bi urtarorekin: urtaro euritsua, apiriletik maiatzera, eta urtaro lehorra, azarotik apirilera. Beti ere, iparraldeko kostaldean prezipitazioak ongi banaturik izaten dira urte osoan; prezipitazio handienak Miskitoen kostan jasotzen dira, 2.400 milimetrotik gora urtean. Gainerako eskualdeetan, berriz, urtaro euritsuan egiten du urteko prezipitazioaren gehiena. Tenperaturari dagokionez, hiru lurralde bereizten dira altueraren arabera: lurralde beroa (tierra caliente) 1.000 metroko garaieratik behera; lurralde epela (tierra templada) 1.000-2.000 metro bitartean; eta lurralde hotza (tierra fría) 2.000 metrotik gora. Tierra caliente dira, bai Karibeko, bai Pazifikoko lur behereak; eskualde horietan 28°C eta 32°C artean izaten da eguneko tenperatura maximoen batezbestekoa urteko hilabete guztietan, baina Karibean urtaro euritsua beroagoa da Pazifikoan baino. Klima atseginagoa, ez horren itogarria, dute barnealdeko mendiguneetako lurralde epel eta hotzetan.[3] 1.000 metroko garaieran dagoen Tegucigalpan, esate baterako, 22,2°C-koa da urteko batez besteko tenperatura, nahiko uniformea urte osoan: 24,2°C maiatzean eta 20,0°C urtarrilean; urteko prezipitazioa 870 milimetro ingurukoa izaten da.[5]

Aldizka urakanek Karibeko itsasaldea astintzen dute. 1974ko irailean, Fifi–Orlene urakanak 8.000 lagun hil eta banana uzta osoa suntsitu zuen.[3] 1998ko azaroan, Mitch urakanak 5.657 hildako eragin zituen.[6] Horren hilgarriak izan gabe ere, 2007ko Felixek eta 2008ko Palomak kalte handiak eragin zituzten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maia zibilizazioaren parte zen Honduras Kolon aurreko garaian. 1502. urtean heldu zen Kristobal Kolon Honduras deitu zuten lurretara, eta 1522an hartu zuten espainiarrek bizitokia eremu hartan. Hasieran istiluak izan ziren konkistatzaileen artean; Hernán Cortés garaile atera zen eta haren aginduetara ekin zitzaion, 1524an, Hondurasko indigenak menderatzeari; 1537an menderatu zituzten indiarrak, bakerako elkarrizketetan espainiarrek Lempira buruzagia hil zutenean; indiarrak oso urritu ziren, gerragatik ez ezik eritasunengatik eta esklabotasunarengatik.

Honduras ez zen sekula kolonia bereizia izan. 1539a ezkero, Guatemalako Kapitaintza Nagusiaren parte zen, eta Espainiako erregeak izendatutako gobernadore baten mende egon zen gero. Garai hartako ekonomiak zilar eta urre meatzen ustiakuntza izan zuen oinarri; bien bitartean, zurien eta indiarren arteko nahasketen ondorioz, eta baita meategietan edo etxeko lanetan esklabo aritzeko ekarri ziren beltzekiko nahasketen ondorioz ere, mestizoak ugalduz joan ziren. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan kortsario eta piratek eraso franko egin zuten, eremu haiek espainiarrek maiz egiten zuten joan-etorrien erdian zeudela eta.

Honduras independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

José Cecilio del Valle, independentziaren buruetako bat

1821ean Hondurasek bat egin zuen Guatemalarekin Espainiaren aurka, eta urte bat geroago Agustín Iturbideren Mexikoko Lehen Inperioaren parte bilakatu zen. 1823an Erdialdeko Amerikako Probintzia Batuen independentzia adierazi zen eta, Hondurasek, 1838an lortu zuen berea; urte horretako azaroaren 5ean eratu zen lehendabiziko konstituzioa. 1876an, liberalek lehendakaritza lortu eta Erreforma deitu zen aro bati hasiera eman arte, Eliza Katolikoaren interesen alde egin zuen alderdi politiko kontserbadorea izan zen nagusi Hondurasen, ekonomia egoera larria, gerra zibilak eta gobernu aldaketa ugariak ezaugarritzat izan zituen garai batean.

XX. mendearen hasieran gobernua kolokan egon zen Nikaraguarekiko istiluak zirela-eta; Estatu Batuek beren ekonomia interesak zaindu nahian itsas gudarosteak bidali zituzten behin baino gehiagotan lurralde hartan beren legea jartzera. 1919an Alderdi Nazionala, militarren aldekoa, eta Liberala, militarren kontrakoa, eratu zirenez gero, bi talde horien arteko norgehiagoka izan du ezaugarritzat Hondurasko politikak. 1932an, Tiburcio Carías Andino jenerala hautatu zuten lehendakari eta bere agintaldi autoritarioaren aurkako hainbat matxinadari aurre egin behar izan zion. Carías Andinoren ondorengo gobernuek labur iraun zuten.

1957. urtean Ramón Villeda Moralesek konstituzio berri bat idatzarazi zuen. 1963an, Oswaldo López Arellanok estatu kolpea jo eta Villeda Morales kendu zuen kargutik. 1965ean konstituzio berri jarri zen indarrean. 1960ko hamarkadan hainbat istilu izan zen El Salvadoren eta Hondurasen artean, Futbolaren Gerra barne, 1980. urteko bake hitzarmenarekin amaitu zirenak. 1980ko hamarkadan, Guatemala, El Salvador eta Nikaraguako gerrek eragin handia izan zuten Hondurasen.

XX. mende amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko hauteskundeen ondoren, Alderdi Liberaleko hautagaiak, Roberto Suazo Córdobak, hartu zuen herrialdearen lehendakaritza, 1982ko urtarrilean. Lehendakari berriak onartu zituen lehenengo neurrien artean aipagarria da oinarrizko gai batzuen prezioa igotzea eta, terrorismoaren aurkako lege berri baten barruan, greba egiteko eskubidea ukatzea. Garai hartan talde paramilitarrek oztoporik gabe jarduten zuten, eta oposizio politikoaren ordezkari asko desagertu ziren. Bestalde, Hondurasko gobernuaren onespenarekin, Estatu Batuek eta Contra nikaraguarrak baseak kokatu zituzten Hondurasko lurraldean Nikaraguako Iraultzari aurre egiteko. Estatu Batuetako gudarosteak 1.200 soldadu inguru eraman zituen eta, gerran zuzenean parte hartzeaz gainera, prestakuntza militarra eskaini zuen, laguntza ekonomikoa eta logistikoa eman zion Hondurasko gudarosteari, eta azpiegitura obrak egin zituen. Contra nikaraguarrak 15.000 soldadu inguru zituen, eta horiez gainera, 30.000 nikaraguar iheslari zeuden.

1985ean, Estatu Batuetako gudarosteko 7.000 soldaduk maniobrak egin zituzten Nikaraguako mugatik gertu. 1985eko hauteskundeetan José Azcona Hoyo atera zen garaile, Alderdi Liberalekoa. Lehendakari berriak laguntza eskatu zion Washingtoni Contrak herritik atera ahal izan zitezen, eta atzerritarren inbertsioa erakartzen saiatu zen. Estatu Batuetatik iristen zen diru laguntzaren erabilerak erabat usteldu zuen Hondurasko gudarostea. Gastu publikoa murrizteko ahaleginek eta pribatizazio planak porrot egin zuten; nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean izugarria zen langabezia, %90 ingurukoa. 1989an, Rafael Callejas Alderdi Nazionaleko buruak, erraz irabazi zituen hauteskundeak, iruzur egin izanaz akusatu zuten arren. Estatu Batuen eta enpresaburuen babespean, Callejasek ekonomiaren erabateko liberalizazioa bultzatu zuen. 1990ean, Nikaraguako hauteskundeetan sandinistak galtzaile atera ondoren, Hondurasek Estatu Batuetatik jasotzen zuen laguntza gutxitzen hasi zen. Urtearen hasieran gobernuak zergak igo zituen, erregaien prezioa %50 igo zuen eta diruaren balioa gutxitu zuen. Abenduan gobernuak preso politikoei amnistia ematea onartu zuen. Terrorismoaren aurkako legea ezeztatu zen, eta alderdi politiko guztien artean hitz egiten hasi ziren.

1991ko urtarrilean, ezkerreko lau buruzagi politiko Hondurasera itzuli ziren erbestean zortzi urte igaro ondoren, eta borroka armatuaren amaiera iragarri zuten. 1991ko urrian, Fuerzas Populares Revolucionarias Lorenzo Zelaya izeneko talde armatuak uko egin zion borroka armatuari. Gudarosteko komandantea, Arnulfo Cantarera, giza eskubideak urratzeaz akusatu zuten eta kargutik kendu zuten. Haren ordez izendatu zuten jenerala, Luis Discua, aginpide militarrak bizitza politikoan esku hartzearen aldekoa zen. Hondurasko giza eskubideen batzordeak oposizio politikoko kideak hil izana leporatu zien militarrei. Hauen aginpidea gero eta handiagoa eta egoera politikoa kaskarra izateaz gainera, egoera ekonomikoa ere okertuz zihoan, are gehiago Estatu Batuen diru laguntza eten zenez geroztik.

Mitch urakanak Tegucigalpan eragindako kalteak

1993ko hauteskundeetan oposizioko hautagaia, Carlos Roberto Reina, atera zen garaile. Gobernu berriaren aurreneko erabakietako bat derrigorrezko soldadutza ezeztatzea izan zen. Dena dela, 1994ko abuztuan, eta militarren eskaerari amore emanez, gobernuak soldadutzarako deialdi bat egitea onartu zuen, gudarostean hutsik zeuden 7.000 leku betetzeko. Gobernuak, bestalde, Ikerketa Zuzendaritza Nazionala desegin zuen, atxilotuak torturatzeaz akusatuta. Banana esportazioen beherakada zela-eta, banana konpainia nagusiak, Estatu Batuen jabetzakoak, lau lantegi itxi zituen eta hiru mila langile kanporatu zituen. Gobernuak lantegiak zabaltzera eta langileak berriro hartzera behartu zuen. Azkenik, negoziazio gogorren ondoren, 1.200 langile hartu zituzten berriro. Bien bitartean, Legebiltzarrean segurtasun publikoa aginte zibilaren eskuetan uzteko prozesua hasi zen, polizia lana gudarostearen eskuetan baitzegoen artean. Polizia zerbitzu berria, Israelgo poliziak eta Estatu Batuetako FBIk entrenatuta, 1995eko urtarrilean hasi zen lanean. Urte hartan bertan gobernuko goi funtzionario batzuk espetxean sartu zituzten pasaporte ofizialen trafikoarekin zerikusia zutelakoan. 1996ko hasieran, soldatak %25 igotzearekin batera, oinarrizko produktuen prezioa %30 igo zen. Soldatak igotzeko manifestazio asko egin ziren, sektore publikoan batez ere.

1997ko urrian poliziak ez zuen utzi 400 bat lagunek espainiar konkistatzaileei aurre egin zien indiar buruzagi Lempiraren estatua bat jar zezaten Tegucigalpan; leku hartan bertan Kristobal Kolonen estatua bat lurrera eraitsi eta puskatu zuten. Azaroko hauteskundeetan Alderdi Liberalak botoen % 53 eskuratu zituen. Lehendakari berria, Carlos Flores, batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko prest agertu zen. 1998ko irailean Mitch urakanak sekulako triskantza egin zuen Erdialdeko Amerikan: kalte material izugarriak sortzeaz gainera, 24.000 pertsona hil ziren. Hondurasen 1.300.000 pertsona etxebizitzarik gabe gelditu ziren, 6.000 pertsona hil ziren eta beste 8.000 desagertu.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an, Ricardo Maduro, Hondurasko Banku Zentralaren lehendakari ohia, iritsi zen gobernura. Politika ekonomiko neoliberala bultzatu zuen, eta Hondurasi kanpo zorraren zati handia barkatzea lortu zuen. 2005eko hauteskundeak Manuel Zelaya liberalak irabazi zituen. Ezkerreko politika egin zuen, AEBetatik urrundu zen, eta petrolio prospekzioak egiteko hitzarmen bat sinatu zuen Hugo Chávezekin.[7] 2009ko ekainaren 28an, konstituzioa aldatzeko herri galdeketa egin behar zen; baiezkoa ateraz gero, Zelayak aukera izanen zuen presidentetzara berriz aurkezteko. Baina armadak estatu kolpea jo eta Zelaya Costa Ricara egotzi zuen; legebiltzarrak Roberto Micheletti izendatu zuen presidente.[8] Zelaya karguan berriz jartzeko eskatu zuten Amerikako Estatuen Erakundeak eta gobernu askok.[9]

Giro nahasi horretan egin ziren 2009ko presidentetzarako hauteskundeak. Alderdi Nazionaleko Porfirio Lobok irabazi zituen, botoen %55,9 lortuta.[10] 2011ko ekainean, Amerikako Estatuen Erakundeak onartu zuen Honduras erakundera itzultzea.[11] 2013ko hauteskundeak ere Alderdi Nazionaleko hautagaiak irabazi zituen, Juan Orlando Hernándezek. 2016ko martxoan, Berta Cáceres ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzailea hil zuten bere etxean.[12]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko konstituzioaren arabera, Honduras errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburu eta gobernuburua. Botere betearazlea gobernuaren esku dago, eta botere legegilea Hondurasko Kongresu Nazionalaren (gaztelaniaz: Congreso Nacional de Honduras) esku. Honek 128 kide ditu, ororen bozkatzez hautatzen direnak lau urteko agintaldirako.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea 18 departamendutan banaturik dago:

Hondurasko departamenduak
Nicaragua El Salvador Guatemala Belize Islas de la Bahía Gracias a Dios Colón (Hondurasko departamendua) Atlántida (Hondurasko departamendua) Olancho Yoro (Hondurasko departamendua) Cortés (Hondurasko departamendua) Santa Bárbara (Hondurasko departamendua) Copán (Hondurasko departamendua) Ocotepeque (Hondurasko departamendua) Lempira (Hondurasko departamendua) Intibucá (Hondurasko departamendua) La Paz (Hondurasko departamendua) Valle (Hondurasko departamendua) Francisco Morazán (Hondurasko departamendua) El Paraíso Comayagua (Hondurasko departamendua)Honduras, administrative divisions - Nmbrs - colored.svg
Irudi honen inguruan
N.º1 Departamendua Bizt. (2010/2011) Eremua (km²) Hiriburua
1 Islas de la Bahía 47 158 236 Roatán
2 Cortés 2.120.291 3.923 San Pedro Sula
3 Atlántida 572.551 4.372 La Ceiba
4 Colón 293.540 8.249 Trujillo
5 Gracias a Dios 88.314 16.997 Puerto Lempira
6 Copán 362.226 3.242 Santa Rosa de Copán
7 Santa Bárbara 402.367 5.024 Santa Bárbara
8 Yoro 552.100 7.781 Yoro
9 Olancho 509.564 23.905 Juticalpa
10 Ocotepeque 132.453 1.630 Nueva Ocotepeque
11 Lempira 315.565 4.228 Gracias
12 Intibucá 232.509 3.123 La Esperanza
13 Comayagua 442.251 5.124 Comayagua
14 Francisco Morazán 1.691.056 8.619 Tegucigalpa
15 El Paraíso 427.232 7.489 Yuscarán
16 La Paz 196.322 2.525 La Paz
17 Valle 171.613 1.665 Nacaome
18 Choluteca 605.504 4.360 Choluteca
2010eko errolda. Iturria: INE[13]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016an Hondurasek 9.112.867 biztanle zituen,[2] 81 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %33 dira, 15-24 urte bitartekoak %21, 25-54 urte bitartekoak %36,6, 55-64 urte bitartekoak %5,1 eta 65 urtetik gorakoak %4,3[4]. Bizi itxaropena 71,2 urtekoa da, 69,5 urtekoa gizonezkoena eta 72,9 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). Alfabetatze maila %89 da; 1.000 jaioberritatik 17 hiltzen dira urtea bete aurretik.[4]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen %90 mestizoak dira, %7 inguru indiarrak, %2 beltzak eta %1 zuriak.[4] Garai batean bizi ziren indiarretatik, beraz, gutxi geratzen dira: lenkak dira talderik handiena; hispaniar kultura beretu dute eta Sierra de la Paz mendietan, Intibucán eta Lenpiran bizi dira. Gaztelaniaz mintzatzen dira, baina beren kultura ezaugarri batzuk gorde dituzte, hala nola jantziak, dantzak (guanascoa), edaria (chicha) eta abar. Pipileak gutxi dira eta Ocotepequen bizi dira gehienak. Chorotegak talde txikitan banatuta bizi dira El Paraíso departamenduko zenbait herritan. Xicaqueak Yoron eta Francisco Morazánen bizi dira, Hondurasko egungo kultura molde nagusia erabat beretuta. Beren bizimoldea eta kultura osorik gorde duten bakarrak La Montaña de la Flor-ekoak dira. Payak Olanchon eta Colónen bizi dira, eta duela gutxi arte gorde dute beren kultura. Sumoak talde txikietan banatuta daude, desagertzeko zorian, Guanpu eta Patuca ibaien elkargunean, Olanchon, eta Wampusirperen hegoaldean, Patuca ibaiaren ertzean, Gracias a Dios departamenduan. Miskitoak ere Gracias a Dios departamenduan bizi dira; beren hizkuntza eta ohiturak gorde dituzte. Garifunak, ihes egindako esklaboen eta indiarren ondorengoak, Karibeko kostan eta uharteetan bizi dira. Beren ohiturak eta hizkuntza, garifuna, gorde dute.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelania da hizkuntza ofiziala, eta biztanleriaren %98 da hitz egiteko gai. Islas de la Bahía departamenduan ingeles kreolera mintzatzen da. Hizkuntza indigena garrantzitsuenak hauek dira:[14]

  • Garifuna: ia 100.000 hiztun.
  • Miskitoera: 29.000 hiztun.
  • Mayangnera: 1.000 baino gutxiago.
  • Payaera: 1.000 hiztun baino gutxiago.
  • Tol hizkuntza: 500 hiztun.
  • Ch’orti’ hizkuntza: 50 hiztun baino gutxiago.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko zenbatespenaren arabera, %46 katolikoak dira, %41 protestanteak, %1 ateoak eta %9 erlijio gabeak.[4]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafeak garrantzi handia du Hondurasko ekonomian

Hondurasko ekonomiak oinarrizko edo egiturazko arazo asko ditu, hala nola gai bakarreko nekazaritza bultzatzeak dakarren morrontza, oinarrizko gaien esportazioen mende egotea, eta industrializazio urria. Nekazaritzak langileen %39,2 enplegatzen ditu, eta bananaren produkziora eta esportaziora bideratuta dago neurri handi batean. Bananaz gainera, kafea, tabakoa eta kokoa ere esportatzeko lantzen dira, eta arroza, azukre kanabera, artoa, palmondoa, garia, basartoa, frutak, barazkiak eta babarrunak bertan kontsumitzeko. Lurrik emankorrenak iparraldeko lur apalak eta erdialdeko goi ibarrak dira. Ozeano Barearen aldeko lur apaletako sumendi eta alubioi lurretan sesamo haziak, kotoia eta laboreak lantzen dira.

Mea baliabideak badira, baina meatzaritza ez dago oso aurreratua: antimonioa, burdina, harrikatza, merkurioa, kobrea, karea, zinka, marmola, gatza, beruna, urrea eta zilarra ateratzen da. Industriari dagokionez, erdiko mailako enpresa asko dago, teknologiaz ez oso aurreratuak eta baliabide urrikoak. Zementu, burdina eta altzairu lantegiak, janari industria, ehundegiak, zura eta paper fabrikak dira nagusiak. Turismoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Copángo hondakinak (maien inperioko hiri nagusietako bat), Yojoa aintzira (arrantzarako eta ontziz ibiltzeko egokia), eta iparraldeko itsasertzeko eta uharteetako hondartzak dira turisten erakargarri nagusiak.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondurasko mendebaldean izandako maien zibilizazioaren hondakinak Copán hiriko Museo Regional de Arqueología Maya-n ikus daitezke, eta baita eraikuntza askoren aztarnak ere han hurbilean. Margolaritza eta literaturak Espainiako kulturaren eragin handia jaso du. Carlos Garay ikuspegi margolaria eta Antonio Velásquez izan dira XX. mendeko margolaririk bikainenak. Idazleen artean, aipatzekoak dira Rafael Helliodoro Valle eta Clementina Suárez poetak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b c World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  3. a b c d e f   Honduras: Geography, countrystudies.us, http://countrystudies.us/honduras/32.htm. Noiz kontsultatua: 2017-12-5 .
  4. a b c d e   The World Factbook: Honduras, cia.gov, https://www.cia.gov/library/publications/resources/the-world-factbook/geos/ho.html. Noiz kontsultatua: 2017-12-5 .
  5.   Weather Information for Tegucigalpa, worldweather.org, http://www.worldweather.org/133/c00283.htm. Noiz kontsultatua: 2017-12-7 .
  6.   Olano, Ion, Erdialdeko Amerika, bi urakanen artean, paperekoa.berria.eus, http://paperekoa.berria.eus/papera_inprimatu.php?htmla=BERRIA&urtea=y2007&hilabetea=m09&eguna=d20070905&orria=p00018006. Noiz kontsultatua: 2017-12-7 .
  7. Manuel Zelaya Rosales, cidob.org
  8. Greba orokorrerako deia egin dute Zelayaren jarraitzaileek, berria.eus
  9. Golpe en Honduras: rechazo mundial, bbc.com
  10. Porfirio Lobo da Hondurasko presidente berria, berria.eus
  11.   Honduras AEEra itzuli da, ia bi urte igaro eta gero, berria.eus, https://www.berria.eus/paperekoa/5201497/019/005/2011-06-02/honduras_aeera_itzuli_da_ia_bi_urte_igaro_eta_gero.htm. Noiz kontsultatua: 2017-12-10 .
  12.   Urkola Agirrezabala, Ane (2016-03-04), «Berta Cáceres, botereari aurre egiteagatik hil duten ekintzailea», Argia (argia.eus), http://www.argia.eus/albistea/berta-caceres-botereari-aurre-egiteagatik-hil-duten-ekintzailea/inprimatuCC-BY-SA lizentzia .
  13.   Honduras: metropolitan areas, ine.gob.hn, http://web.archive.org/web/http://www.ine.gob.hn/drupal/node/35. Noiz kontsultatua: 2017-12-5 .
  14.   Honduras, ethnologue.com, http://www.ethnologue.com/sites/default/files/Ethnologue-17-Honduras.pdf. Noiz kontsultatua: 2017-12-10 .
  15.   Censos: XVII Población y VI de Vivienda 2013, redatam.org, http://www.redatam.org/binhnd/RpWebEngine.exe/Portal. Noiz kontsultatua: 2017-12-8 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Honduras Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)