Begoñako atentatua
Begoñako atentatua | |
---|---|
Mota | attempted murder (en) bonba erasoa |
Honen parte da | Francoism from 1939 to 1945 (en) |
Data | 1942ko abuztuaren 16a |
August 1942 crisis (en) → | |
Kokaleku | Begoñako basilika |
Herrialdea | Frankoren diktadura |
Pertsona hilak | 0 |
Pertsona zaurituak | 70 |
Erantzule | Juan José Domínguez Muñoz (en) |
Begoñako atentatua Bilboko auzo horretako Begoñako Andre Mariaren basilikaren parean gertatu zen, 1942ko abuztuaren 16an. Lehen frankismoan, Juan José Domínguez Muñoz falangistak esku-granada bat jaurti zuen, eta hirurogeita hamar zauritu arin eragin zituen. Ekitaldia orduan armada-ministroa zen José Enrique Varela jeneral karlistaren aurkako atentatu huts gisa interpretatu zuten.[1]
Atentatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942ko abuztuaren hasieran, Bilbon, Abandoko San Bizente elizan, Espainiako Gerra Zibilean eroritako karlisten aldeko hileta-elizkizunaren hasieran, falangisten aurkako oihuak egin zituzten. Bilboko camisa vieja batek probokaziotzat jo zuen eta José Luna Meléndez FET y de las JONSeko idazkariordeari — Ramón Serrano Suñerri gertukoa zen falangista bati — erantzun bat antolatzea eskatu zion; izan ere, abuztuaren 15ean beste ekitaldi karlista bat egitekotan ziren Bilboko Begoñako Ama Birjinaren basilikan eroritakoak oroitzeko. Ekitaldi burua, orduko armada-ministroa izango zen: José Enrique Varela hain zuzen ere.[2]
Ospakizunaren bezperan, Bilboko milizia falangisten komandanteak Burgosen egoitza zuen eskualdeko buruzagiari Begoñako ekitaldira bertaratutakoen artean eusko abertzaleak egongo zirela, uniforme karlistaz mozorrotuta, armak eramango zituztela eta istiluak eragiteko prest zeudela jakinarazi zion. Egun horretan bertan, abuztuaren hamalauan, Valladolidetik atera ziren, «argibideak jaso ondoren», Eduardo Berastegi Bizkaiko SEU taldeko burua eta Calleja abizen zuen camisa vieja bat. Donostian Juan José Domínguez Muñoz hartu zuten, Calleja bezala, Dibisio Urdineko lerroetan ekialdeko frontean borrokatu ondoren itzuli berria zena. Abuztuaren 15eko goizaldean iritsi ziren Bilbora.[2]
Eroritako karlisten omenezko meza goizeko 11:30ean hasi zen Begoñako basilikan. Ekitalditik irtetean, falangista taldeek bertaratutakoei oihuka hasi zitzaizkien eta hauek «¡Viva el rey!» ("gora erregea!"), «¡Abajo el socialismo de Estado!» ("Behera Estatu sozialismoa!") eta «¡Muera Franco!» ("Behera Franco!") oihukatuz erantzun zieten.[1] Bat-batean Juan José Domínguezek bi bonba jaurti zituen, hainbat zauritu eragin zituztenak, Varela jeneralarengana iristeko zorian egon zirenak.[2] Domínguez eta haren konplizeak atxilotu zituzten, eta Varela jeneralak berehala eman zion gertatutakoaren berri Franco jeneralari. Valentín Galarza Morante gobernazio-ministroari ere deitu zion, atxilotuak jurisdikzio militarraren esku utz zitzala exijituz, gerra-kontseilu baten menpe jartzeko. Era berean, ohar bat bidali zien zortzi kapitain-jeneralei, atentatua armadaren aurkakoa izan zela esanez.[2]
Oporretan zeuden Ramón Serrano Suñer eta José Luis Arrese ministro falangistak berehala itzuli ziren Madrilera, eta han, José Antonio Girón de Velasco ministro falangistarekin batera, atxilotuak zigortu eta exekutatzea eragozten saiatu ziren, gertakariari garrantzia kenduz. Horretarako, euren ordezkari bat bidali zuten Bilbora.[2]
Bitartean, Franco jeneralak oporretan jarraitu zuen Galizian, ezer gertatu ez balitz bezala, eta ez zen jarduten hasi abuztuaren 24ra arte, atentatua gertatu eta bederatzi egunera. Egun horretan Varela jeneralari deitu zion telefonoz, eta hark esan zion bere aurkako atentatu bat gertatu zela eta zorteak bakarrik salbatu zuela hiltzetik, eta Francok erantzun zion: «dena zuzentasun handienaren barruan egin dadila, probokazio bat izanik gauzak aldatu egiten baitira».[2] Begoñan inplikatutako zortzi falangistetatik, bi heriotza-zigorrera kondenatu zituzten, Domínguez eta Hernando Calleja. Callejaren zigorra kommutatua izango zen azkenean. Domínguez, aldiz, fusilatu egin zuten.[1]
Francisco Francok Begoñako gertakaria aprobetxatu zuen falangistak boteretik kentzeko, bere koinatu Ramón Serrano Suñer, Kanpo Arazoetako ministroa, eta baita Valentín Galarza, Gobernazio ministroa, eta José Enrique Varela jenerala, Armadako ministroa.[1] José Luna Meléndez milizia falangisten burua kargutik kendu zuten, «Generalísimo»ari leialtasun hautsezina adierazi arren. Haren ordezkoa Manuel de Mora-Figueroa izan zen.[2] Hala ere, bere agintaldia laburra izan zen, Francok alderdiaren milizia desegingo baitzuen; bere desegiteak barne oposizio txiki bat aurkitu zuen, baina Francok bere burua inposatzea lortu zuen.[3][4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Amestoy, Alfredo. (2002-9-1). «El falangista que fusiló Franco» (html) El Mundo.
- ↑ a b c d e f g Suárez Fernández, Luis. Franco. Los años decisivos: 1931-1945. Bartzelona: Editorial Ariel, 221-4 or. ISBN 84-344-1332-9..
- ↑ Bowen, Wayne H.. (2006). Spain during World War II. Columbia: University of Missouri Press, 88 or. ISBN 0-8262-6515-4..
- ↑ Montoliú, Pedro. (2005). Madrid en la posguerra, 1939-1946: Los años de la represión. Madril: Sílex ediciones, 297 or. ISBN 84-7737-159-8..