Karlismo

Wikipedia(e)tik
Karlista» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Borgoinako gurutzea, karlismoaren bandera.

Karlismoa Espainian XIX. mendean sortutako mugimendu politiko legitimista antiliberal bat da, espainiar tronuan Borboien dinastiaren lerro alternatibo bat defendatzen zuena, Karlos Maria Isidroren aldekoa hasieran. Bere sorreran, Antzinako Erregimenera itzultzea aldarrikatzen zuen. Euskal Herrian, Nafarroa Garaian bereziki, indar handia izan zuen.

XX. mendearen bigarren erdian, karlismoa bitan zatitu zen, alde batek —Karlista Alderdiak— sozialismo autogestionarioaren alde eginez (Euskal Herriko Karlista Alderdia, EKA, Euskal Herrian), eta beste batek tradizionalismo kontserbadorea defendatuz eta Comunión Tradicionalista Carlista (CTC) alderdia sortuz.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlismoa ehun eta berrogeita hamar urtetik gora iraundako mugimendu politikoa da eta, aldarrikapen dinastikoaren azpian, ñabardura desberdineko aldaera politikoak aterpetu ziren. Muturreko katolizismoa, absolutismoaren zaletasuna eta tradizionalismoa aipatu izan dira haren ezaugarri nagusitzat. Hala ere, eskuindar joerako formen ondoan, askok errepublikar balioak eta herri altxamenduaren ezaugarriak identifikatu dituzte. Bestalde, karlismoak Hego Euskal Herrian aurkitu zuen bere indargune nagusia eta, beraz, euskal lurraldeko ezaugarri bereziak izan zituen bertan.

Karl Marxek honela definitu zuen karlismoa: "Karlismoa mugimendu libre eta herrikoia da, tradizio liberalenen eta erregionalisten aldekoa (...) eta liberal deitutakoek, berriz, militarren, kapitalisten, aristokrazia latifundistaren eta interes-talde sekularren babesa dute".[1] Euskal Herriko altxamendu karlistaz zehazkiago, Victor Hugok ondorengoa adierazi zuen: "Eskubideen herriak, foruen nazioak, oihu egin zuen: 'Gora Errege garbia'. Euskal askatasun zaharrak bat egin zuen Espainia eta Indietako monarkia zaharrarekin, espiritu iraultzailearen kontra (...)".[2] Oro har, bat dator ikuspegi horrekin Jose Mari Esparza eta, Manuel Tuñón de Lara historialariaren hitzak gogora ekarriz, kontzientzia nazionala piztearen lehenengo adierazpidetzat jotzen du.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tomas Zumalakarregi jeneral karlista
Karlismoaren kontrako karikatura (1870)

Espainia krisi politiko eta ekonomiko larrian zen Penintsulako Gerraren garaitik. Estatuaren diruzaintza porrot eginda zegoen, eta diru-sarrerak eskuratzeko bitartekorik gabe. Fernando VII.a errege berrezarriak Erregimen Zaharrari eutsi nahi zion, absolutismoan oinarrituta eta euskal lurraldeetako (Provincias Exentas edo Provincias Vascongadas deituak) erregimen politikoa mantenduz. Kontra zituen liberalak, baina horietako asko erbestean ziren 1823tik, Ingalaterran eta Frantzian.

Fernando VII.aren erreforma ekonomikoko ahaleginek huts egin zuten eta, bere burua zahar ikusita, erbesteratu liberalei barkamena eman eta itzuli egin ziren (tartean zela Juan Álvarez Mendizabal, 1834an), baita haietako batzuk gobernuan onartu ere. Berrespen Pragmatikoa (Pragmática Sanción) sinatu zuen 1830ean, erregetzan oinordekoa bere alaba Isabel II.a izan zedin, eta ez Karlos anaia.

1833an, Isabel II.a erregina aukeratu zuten eta, ume bat izaki, Fernando VII.aren laugarren emazte Maria Kristina Borboikoa erreginaorde; bada, bere alde izan zituen liberalak ('kristinatarrak'/cristinos). Karlos infantearen alde, berriz, erregezaleak (absolutistak) izan ziren.[4] 1833ko urrian, gainera, Javier de Burgos ministro liberalak estatuko lurralde-administrazioak berdindu zituen bere erabakiz, baita Hego Euskal Herrian haserrea areagotu ere.

Karlistaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soldadu karlistak Nafarroan beraien animaliekin, hirugarren Karlistaldian (1872)
Sakontzeko, irakurri: «Karlistaldiak»

Karlistaldiak edo karlista gerrak XIX. mendeko hiru garaitan Espainian gertatutako gerra zibilak izan ziren. Europako historian errege-nahien arteko azken gerrak izan ziren. 1833 eta 1876 artean karlistek —Karlos infantea (Karlos V.a izango zena) eta bere oinordekoen jarraitzaileak— zenbait aldiz "Jainkoa, Aberria eta Erregea" lelopean matxinatu eta balio tradizionalak (legitimismo eta katolizismoa) aldarrikatu zituzten liberalismo hasieran eta gero errepublikazaletasunaren aurka.

Karlistaldien erdigunea Hego Euskal Herria izan zen, karlismoaren aldarrikapen dinastikoei euskal lurraldeetako bereizgarriak gehitu zitzaizkiolako: foruen auzia.[5] Karlismoaren baitan ideia desberdinak elkartzearen ondorioz, karlistek joera eta interes desberdinak agertu zituzten gerrek aurrera egin ahala. Hiriburuetan izan ezik, herritar gehienek Karlos erregegaien alde egin zuten. Bigarren Karlistaldia deitu izan dena Katalunian nabarmendu zen (Euskal Herrian hutsala), baina Euskal Herrian bereziki Hirugarrena nabarmendu zen. Azken karlistaldi honetan, sinbolismo handiko Jurramendiko (Lizarrerria) bataila izan zen (1873ko maiatzaren 9an), karlistek beren ikur nagusietako bat bilakatutakoa, gudu garrantzitsua izan baitzen.[6]

Hauteskundeetako karlismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876ko porrotak auzitan jarri zuen berriz karlismoak boterea eskuratzeko zuen estrategia. Canovas del Castillok foruak desegin (1876) eta liberal kontserbadoreen eta liberal progresisten txandakako gobernu-sistema ezarri zuen Espainian, turnismoa deitu izan dena. Karlistak hauteskundeetan parte hartzen hasi ziren, eta arrakasta izaten hasi zen. Aukera politiko karlistek bere egin zuten foruak berrezartzeko aldarrikapena.

Hala ere, mugimenduak joera desberdinak biltzen zituen eta, 1888an, integristak banandu ziren mugimendutik. Karlismoaren inguruan, La Tradición Navarra eta El Pensamiento Navarro egunkariak plazaratu ziren (1893 eta 1897). 1919an, Juan Vázquez de Mella espainiar teorialariaren zaleak banandu egin ziren karlismotik, baita zenbait intelektual eraman berarekin ere (Víctor Pradera), nahiz eta karlismoaren gehiengoak ez zion jarraitu.[7] Mellaren zaleak mauristekin hasi ziren lankidetzan, eta Miguel Primo de Riveraren gertukoak izan ziren. Hain zuzen, gertutasun horrek ahuldu egin zituen karlistak, diktadurak (1923-1930) ezin hobe bateratzen baitzituen aukera monarkiko eta katolikoak.[8]

Aldiz, Espainiako II. Errepublikaren etorrerak karlismo flakatua indarrez biziberritu zuen, Errepublika 'laizista eta lotsagabea' karlisten izateko arrazoi bihurtuta. Gero eta gehiagok bat egin zuten karlistekin eta, 1932ko urtarrilean, karlismoaren hiru joerek bat egin zuten indar handiz, Comunión Tradicionalista alderdian.[9] Errepublikaren aldian antolakuntzarako eta propagandarako egundoko kemena erakutsi zuen eta, ordu arte inoiz presentzia nabarmenik ez izandako lurraldeetara hedatu ez ezik (Andaluzia mendebaldea), ohiko gotorlekuetan, Nafarroan bereziki, nagusitza lortu zuten.[10] 1932tik, Errepublika indarkeriaz hondoratzeko asmoa umotu zuten.

Espainiako Gerra Zibila eta diktadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlista gazteak Donostiako Kursaal aurrean (1936)

Nafarroa Garaia izan zen karlisten indargune nagusia. 1936an, Comunión Tradicionalistak euskal lurralde horretan 60 zirkulu karlista zituen, batzordeak 217 herritan, 6.360 errekete [paramilitar] 9 tertziotan antolatuta, baita 5.000 emakume biltzen zituen emakumeen batza ere (Margaritas).[11] 1936ko uztailean, Raimundo García García eta Rodeznoko kondearen bitartekaritzaz, Ignacio Baleztenak nafar karlisten atxikimendua eman zion Mola jeneralaren estatu kolpe militarrari, Nafarroan nagusitza eskuratzearen truke.[12]

Hala ere, gerrak aurrera egin ahala, tentsioak agertu ziren falangistekin eta militarrekin, eta erregimen kolpista berriak xurgatu egin zuen karlismoa, bere mugimenduan integratuz: Falange Española Tradicionalista y de las JONS (FET y de las JONS) (1937). Autonomiaren galera horrekin, tentsioak areagotu egin ziren 40ko hamarkadan, baita istiluak gertatu ere (Iruñea, Bilbo, etab.). Karlistek, diktaduraren erregimen barruan arituz ere, askotariko jarrerak hartu zituzten orduan: kolaboratzaile otzanak, isiltasun kritikoa edo kontrako jarrera irekiagoak.

50eko hamarkadatik aurrera, karlismoaren joera demokrata, sozialista eta federalista bat umotu zen, Karlos Hugo Borboi-Parmakoa buruzagi hartuta eta Alderdi Karlista (1970) osatuz; aldiz, aurrez aurre izan zituen dotrina tradizionalista jarraitzearen alde egin zuten hainbat joera.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Jurramendiko hilketak»

1976an, Jurramendi aldarrikapen eta ospakizun eguna ospatzen ari zirela, Francoren jarraitzaileak, italiar neofaxistak lagun zituztela, ezkerreko karlisten aurka tiroka hasi ziren, 2 pertsona hil eta hainbat jende zaurituz. Gertaera horrek mugimenduaren gainbehera eta ia desagerpena iragarri zuen. Franco diktadorea hil ondoren, 1976tik aurrera, Alderdi Karlistaren hauteskundeetako emaitzak txarrak izan ziren. Hurrengo hauteskundeetan berretsi egin ziren emaitzok, barruko zatiketak areagotuta. 1981ean, karlisten hedabide ezagunena, Iruñeko El Pensamiento Navarro egunkaria desegin egin zen. Euskal Herrian, Euskal Herriko Karlista Alderdiak jarraitu du, indar oso gutxirekin.

2010eko martxoan Karlismoaren Museoa delakoa zabaldu zuten Lizarran, ekimen instituzionala dena. Urte bereko abuztuaren 18an Carlos Hugo Borboikoa azken erregenahi karlista zendu zen.

Sinboloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Oriamendiko Martxa» eta «Jaungoikoa, aberria, erregea»

Oriamendiko Martxa karlismoaren ereserkia da. Izena 1837an izen bereko mendian egindako gudutik datorkio. Kondairak dio karlistek, liberalak menderatu eta gero, haien kanpamenduan Britainiar Legio Laguntzailearen musikagile batek egindako eta donostiar liberal batek moldatutako partitura topatu zutela, eta karlistek berek hitzak emango zizkiotela. Jatorrizko hitzak gipuzkeraz zeuden[13].

Goiburua, berriz, Jaungoikoa, aberria, erregea dute, 1814an Vienako Batzarrean aldarrikatutako "Tronua eta Aldarea" goiburuaren baliokidea dena.

Karlista ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Esparza Zabalegi, Jose Mari (2016), Nuestro pueblo despertará, Txalaparta, 54. orrialdeak, ISBN 978.84-16350-44-5 .
  2. Esparza Zabalegi, Jose Mari (2016). 55. or.
  3. (Gaztelaniaz)  Esparza, Jose Mari (2017-02-23), «Carlismo y música celestial», GARA (Baigorri SA), http://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2017-02-24/hemeroteca_articles/carlismo-y-musica-celestial. Noiz kontsultatua: 2017-02-26 .
  4. Horrela deitzen zitzaien hasieran karlistei, eta Karlistaldiari 'gerra zibila' edo 'foruen gerra' deitu zitzaion garai horretan.
  5. Horren arabera, Euskal Herrian bi karlistaldi bereizi izan dira: Lehenengoa, 1833-1839 (1841), eta Bigarrena, 1872-1876.
  6. Urtero, egun horretan, gertaera hura oroituz karlistek mendiaren gailurreko baselizara erromesaldia egiten dute.
  7.   Dronda, Javier (2013), Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936), Tafalla: Txalaparta, 99. orrialdea, ISBN 978-84-15313-31-1 .
  8. Dronda, Javier (2013), 99. or.
  9. Dronda, Javier (2013), 99. or.
  10. Dronda, Javier (2013), 99. or.
  11. Dronda, Javier (2013), 99. or.
  12. Aldiz, Espainiako karlismoaren batzorde nagusiak ez zuen oniritzia eman.
  13. (Gaztelaniaz) Ainhoa Arozamena Ayala: «Marcha de Oriamendi», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gabriel Alférez: Historia del Carlismo, Madril, 1995
  • Pere Anguera: El carlisme a Catalunya 1827-1936, Bartzelona, 1999
  • Xosé Ramón Barreiro: El carlismo gallego, Compostelako Donejakue, 1976
  • Jordi Canal: El Carlismo, Madril, 2000
  • Josep Carles Clemente: Bases documentales del carlismo y de las guerras civiles de los siglos XIX y XX, Madril, 1985
  • Josep Carles Clemente: El Carlismo. Historia de una disidencia social (1833-1976), Bartzelona, 1990
  • Josep Carles Clemente: Historia general del carlismo, Madril, 1992
  • José Extramiana: Historia de las guerras carlistas, Donostia, 1978-1979
  • Melchor Ferrer: Historia del tradicionalismo español, Sevilla, 30 liburukia, 1941-1979
  • Román Oyarzun: Historia del carlismo, Madril, 1939
  • Antonio Pirala: Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista, Madril, 1984
  • Joseph Zabalo: Le carlisme. La contre-révolution en Espagne, Miarritze, 1993

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlismo Aldatu lotura Wikidatan

Alderdi politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlista erregegaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]