Edukira joan

Beleringo bainuetxea

Koordenatuak: 43°07′40″N 2°32′23″W / 43.1276655°N 2.53971384°W / 43.1276655; -2.53971384
Wikipedia, Entziklopedia askea
Beleringo bainuetxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaElorrio
Koordenatuak43°07′40″N 2°32′23″W / 43.1276655°N 2.53971384°W / 43.1276655; -2.53971384
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1826
Erabilerabalneario (Latin-Amerika)a

Beleringo bainuetxea Elorrion (Durangaldean, Bizkaia) zegoen bainuetxe bat zen. Bainu Berriak ere deitzen zitzaion. 1826an eraiki zen Juan Ramon Urkizuren lurretan, Kurutzeaga inguruan, aprobetxatuta Beleringo iturburua inguruan zegoela, bertan bainu terapeutikoak eskaintzeko, era hartako lehenbizikoak Bizkaian. Bertako bainuak estimatuak ziren, ustez onak ziren-eta osatzeko bronkioetako gaitzak, katarroak, artritismoa eta gernu-aparatukoak.[1]

Garai batetik aurrera, jendeak “Bainu berriak” deitu zion bainuetxe honi, herrian bazeuden-eta lehendik beste batzuk, “Bainu zaharrak”, alegia, Galartzako bainuetxea gaur egungo Lourdesko Ama ikastetxean. Hala ere, 1877a arte Beleringo bainuetxeak ez zuen edukiko eraikin dotorerik, lorategiz, ortuz eta galsoroz inguratuta. XIX. mende bukaeran gainbeheran hasi zen, eta 1936a arte iraun zuen.

Gaur egun Betsaide Fundizioak izeneko enpresa dago Beleringo bainuetxea zegoen lekuan, eta bertan ikus daiteke oraindik orduko eraikinaren zati bat, gaur egungo bulegoek hartzen dutena.

XIX. mendean Elorriok egoera egokia zuen erakartzeko inguruko eta urrutiko dirudun asko: kokapena, biztanleria, klima, paisajea, eta endemiarik ez. Are gehiago, burdin-ur iturriak eta bost sufre-ur iturburu: Santa Katalinakoa, Udalatx pean; Gurutze berria izenekoa, bailarako mendebalean; Teletxe edo Tolotokoa, Galarzako iturburutik 300 bat metrora; eta, amaitzeko, bi bainuetxeen oinarria izango diren biak, Isasi-Olabezar edo Galarzakoa eta Beleringoa.[2]

Bainuetxeekin Elorriok Belle Epoque nolabaitekoa bizi izan zuen, batez ere XIX. mendeko azken herenean. Bainuen garaian ehunka bainulari iritsiko ziren diligentzietan lehenik eta trenez gero, gehienak dirudunak, eta hori diru-iturri garrantzitsu bihurtu zen herriarentzat.

1822 eta 1826 artean harremanak izan ziren Juan Ramon Urkizu, Beleringo iturburua dagoen lurren jabea, eta Elorrioko Udalaren artean, berau baitzen Kurutzeagako lurren jabea, lur haietan bainuetxe bat eraikitzeko, bertara Beleringo urak eramanda.

1826an salmenta-agiri batean agertu zen Beleringo bainuetxea, eta bertan Juan Ramon Urkizuk saldu egin zien herriko lau laguni Beleringo bainuetxea, en la cantidad de dos mil setenta y seis reales de vellon.

1862an lau laguneko elkarte bat zen Beleringo bainuetxeko jabea, Bilbon bizi zirenak denborarik gehiena. 1868an, berriz, Sebastian Epalza zen bainuetxeko jabea.

Jakina da 1861ean Beleringo bainuetxeak solairu bakarra zeukala. Hala ere, zenbait eraberritzeren ostean, 1877an bi solairu zeuzkan 80 lagunentzako lekuarekin, eta 70 metroko galeria bat atzeko aldean.

1879rako hiru solairuko eraikin bat eta bebarrua zeuzkan. Galeria berria erantsi zitzaion, gehitu egin ziren bainuontziak, hamabi edukitzeraino, bideratu egin ziren urak iturriraino… 1885ean erre egin zen. Handi hiru urtera, 1888an, berriro ireki zen, erabat berriztuta.

Bezeroen jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1880ko denboraldian leku hauetatik etorri ziren Bainuetxe zaharreko eta berriko bezeroak: Bizkaia: 373; Madril: 301; Gipuzkoa: 52; Araba: 17. Gainerakoak, hemendik: Santander, Toledo, Valladolid, Zaragoza, Andaluzia, Logroño, Paris, Londres… Guztira: 795 bezero. Horietatik Bainuetxe berrikoak (Belerin): 202; Bainuetxe zaharrekoak (Galarza): 593.

1889ko denboraldian hau izan zen bainuetxe bietako bezeroen jatorria. Madril: 317; Bizkaia: 315; Gipuzkoa: 85; Araba: 39… Guztira, 846 bainulari. Horietatik, Bainuetxe berrikoak (Belerin): 291; Bainuetxe zaharrekoak (Galarza): 555.[3]

Iñigo Agirre irakasleak laburbiltzen duenez, 1881-1907 epean 7.440 bezero etorri ziren Elorriora bainu terapeutikoak hartzera, aintzat hartzeko kopurua.[4]

Ostatuak eta garraiobideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bainuetxearen hastapenetan, bainulariek herriko etxe partikularretan hartzen zuten ostatu. Horri esker, herritarrek aparteko diru sarrerak lortzen zituzten. Laster baina, ikusita bezeroen emaria hazi egiten zela, eta bainuetxeak ez zirela gauza bezero guztiei ostatu emateko, ostatuak agertu ziren herrian, bainulariak hartzeko. Horra hor zenbaiten izenak: Las Delicias, La Unión, Buenavista, Chamberí, Mallabi, Kitolis, eta El Vergarés. Geroago ireki ziren La Paz, Arroita eta Arrati.

Elorrioko dirudunek, berriz, Berriozabal, Urkizu, Ybargoitia, Urkijo, Gonzalez eta Modet familiek, besteak beste, euren jauregietan igaroten zuten uda.

Bainu-denboraldiak lau hilabete irauten zuen Elorrion, ekainaren 1etik irailaren 30a arte. Epe horretan, hiru diligentzia irteten ziren egunero Bilbotik Elorriora, lehenengoa goizeko 07:00etan abiatuta. Bidean gurutzatzen ziren beste horrenbeste diligentziarekin, alderantzizko bidea egiten zutenak. Bidaiak lau bat ordu irauten zuen.[5]

1905ean, trena Elorriora iritsi zenean, diligentziak desagertu egin ziren, eta Bizkaiko bainulari asko trenez ailegatuko ziren Elorriora, nahiz eta ordurako bainuetxeen gainbehera hasita egon.

XX. mende hasieran areagotu egingo da Elorrioko bainuetxeen gainbehera. Beleringoak 1936a arte iraun zuen. Hain zuzen ere, bainuetxe honi buruzko azken erreferentzia 1936koa da, eta bertan milizianoek “gonbidatu zuten [bainuetxea] hustutzera” bi orduko epean.

Gaur egun, berriz, Betsaide S.A.L. enpresa dago orduko bainuetxearen lekuan, garai bateko Belerin S.A.

  • Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.
  • Ajuria, R. Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G. ISBN 84-8181-227-7
  • Basterretxea Kerexeta, I. Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala. Bilbao. (2006)
  • Molinuevo, M.; Romano, M. Elorrio. Bizkaiko hiribilduetan zehar bilduma. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo. (2008)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Agirre Kerexeta, Iñigo. (1992). Elorrio. Bizkaiko herrien monografiak. Bizkaiko Foru Aldundia, 102 or. ISBN 84-7752-070-4..
  2. Basterretxea Kerexeta, Igor. (2006). Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala, 75 or..
  3. Ajuria, Ricardo. (2006). Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G., 17 or. ISBN 84-8181-227-7..
  4. Agirre Kerexeta, Iñigo. (1992). Elorrio. Bizkaiko herrien monografiak. Bizkaiko Foru Aldundia, 104 or. ISBN 84-7752-070-4..
  5. Agirre, Iñigo. (1992). Elorrio. Bizkaiko herrien monografiak. Bizkaiko Foru Aldundia, 103 or. ISBN 84-7752-070-4..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]