Galartzako bainuetxea

Koordenatuak: 43°08′04″N 2°32′07″W / 43.13453513°N 2.53540541°W / 43.13453513; -2.53540541
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Elorrioko bainuetxeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Galartza (argipena)».
Galartzako bainuetxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaElorrio
Koordenatuak43°08′04″N 2°32′07″W / 43.13453513°N 2.53540541°W / 43.13453513; -2.53540541
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza
Arkitektura
Estiloaneoklasizismoa

Galartzako bainuetxea Elorrion zegoen, Durangaldean (Bizkaia). Beste bi izenekin ere ezaguna zen: Isasi-Olabezarreko bainuetxea edo Bainu zaharrak. XVIII. mende amaieran Galartzako iturburuko ura terapeutikotzat jotzen zen, ustez onak ziren-eta osatzeko zenbait gaixotasun: katarro kronikoak, erreumak, herpesak, erupzioak, baginitisa eta sifilia.

Garai batetik aurrera, jendeak “Bainu zaharrak” deitu zion bainuetxe horri, Elorrion bertan beste bainuetxe bat eraiki zenetik batez ere, Beleringo bainuetxea, zeini jendeak esaten zion “Bainu berriak”.

Domingo Isasik lehen etxetxoa eraiki zuenetik Isasi-Olabezarreko sufre-ur iturburuaren ondoan, bertan jendeak bainuak har zitzan, Galartzako bainuetxeak zenbait eraberritze izan zituen, harik eta 1840an hiru solairuko eraikin luze bat egin zuen arte, estilo neoklasikokoa. 1877an berau zen Bizkaiko bainuetxeen artean jende gehien hartzen zuena.[1]

XIX. mende bukaeran gainbeheran hasi zen, eta 1907an Aita Agustinoek erosi zuten. Gaur egun Lourdesko Ama ikastetxea dago Galartzako bainuetxea zegoen lekuan, eta bertan ikus daiteke oraindik orduko eraikina.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean Elorriok egoera egokia zuen erakartzeko inguruko eta urrutiko dirudun asko: kokapena, biztanleria, klima, paisajea, eta endemiarik ez. Are gehiago, burdin-ur iturriak eta bost sufre-ur iturburu: Santa Katalinakoa, Udalatx pean; Gurutze berria izenekoa, bailarako mendebalean; Teletxe edo Tolotokoa, Galartzako iturburutik 300 bat metrora; eta, amaitzeko, bi bainuetxeen oinarria izango diren biak, Isasi-Olabezar edo Galartzakoa eta Beleringoa.

Bainuetxeekin Elorriok Belle Epoque nolabaitekoa bizi izan zuen, batez ere XIX. mendeko azken herenean. Bainuen garaian ehunka bainulari iritsiko ziren diligentzietan lehenik eta trenez gero, gehienak dirudunak, eta hori diru-iturri garrantzitsu bihurtu zen herriarentzat.

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mende amaieran Galartzako iturburuko ura terapeutikotzat jotzen zen, ustez ona zen-eta osatzeko gaixotasun hauek: katarro kronikoak, erreumak, herpesak, erupzioak, baginitisa eta sifilisa. Hori ikusita, Domingo Isasik, berau iturburua zegoen inguruko lurren jabea, etxetxo bat eraiki zuen, bertan jendeak bainu terapeutikoak har zitzan. Geroago, barrakoiak jaso ziren hantxe bertan, helburu berarekin. 1840an, berriz, eraberritze handia egin zitzaion inguruari, eta gaur egun ezagutzen den forma hartu zuen.

XIX. mende bukaeran gainbeheran hasi zen bainuetxea. 1905ean trena Elorriora ailegatzeak ez zuen gainbehera gelditu, eta 1907an Aita Agustinoek bainuetxea erosi, eta seminario bihurtu zuten, 1972a arte. Gaur egun Lourdesko Ama ikastetxea dago Galartzako bainuetxea zegoen lekuan.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1840an lan handiak egin ziren iturburuaren ondoan, eta haien emaitza izan zen eraikin paralelogramo bat, bebarrua zeukana, eta bi solairu gehiago. Hurrengo hamarraldietan eraberritze gehiago egin ziren eraikinean, beronek 180 bezero jasotzeko ahalmena izan arte. Ondorioz, 1877an Galartzakoa zen Bizkaiko bainuetxeen artean jende gehien hartzen zuena.

Bezeroen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1880ko denboraldian leku hauetatik etorri ziren Bainuetxe zaharreko eta berriko bezeroak: Bizkaia: 373; Madril: 301; Gipuzkoa: 52; Araba: 17. Gainerakoak, hemendik: Santander, Toledo, Valladolid, Zaragoza, Andaluzia, Logroño, Paris, Londres… Guztira: 795 bezero. Horietatik Bainuetxe berrikoak (Belerin): 202; Bainuetxe zaharrekoak (Galarza): 593.

1889ko denboraldian hau izan zen bainuetxe bietako bezeroen jatorria. Madril: 317; Bizkaia: 315; Gipuzkoa: 85; Araba: 39… Guztira, 846 bainulari. Horietatik, Bainuetxe berrikoak (Belerin): 291; Bainuetxe zaharrekoak (Galarza): 555.[2]

Iñigo Agirre irakasleak laburbiltzen duenez, 1881-1907 epean 7.440 bezero etorri ziren Elorriora bainu terapeutikoak hartzera, aintzat hartzeko kopurua.[3]

Ostatuak eta garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bainuetxearen hastapenetan, bainulariek herriko etxe partikularretan hartzen zuten ostatu. Horri esker, herritarrek aparteko diru sarrerak lortzen zituzten. Laster baina, ikusita bezeroen emaria hazi egiten zela, eta bainuetxeak ez zirela gauza bezero guztiei ostatu emateko, ostatuak agertu ziren herrian, bainulariak hartzeko. Horra hor zenbaiten izenak: Las Delicias, La Unión, Buenavista, Chamberí, Mallabi, Kitolis, eta El Vergarés. Geroago ireki ziren La Paz, Arroita eta Arrati.

Elorrioko dirudunek, berriz, Berriozabal, Urkizu, Ybargoitia, Urkijo, Gonzalez eta Modet familiek, besteak beste, euren jauregietan igaroten zuten uda.

Bainu-denboraldiak lau hilabete irauten zuen Elorrion, ekainaren 1etik irailaren 30a arte. Epe horretan, hiru diligentzia irteten ziren egunero Bilbotik Elorriora, lehenengoa goizeko 07:00etan abiatuta. Bidean gurutzatzen ziren beste horrenbeste diligentziarekin, alderantzizko bidea egiten zutenak. Bidaiak lau bat ordu irauten zuen.[4]

1905ean, trena Elorriora iritsi zenean, diligentziak desagertu egin ziren, eta Bizkaiko bainulari asko trenez ailegatuko ziren Elorriora, nahiz eta ordurako bainuetxeen gainbehera hasita egon.

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mende hasieran areagotu egingo da Elorrioko bainuetxeen gainbehera. Galartzakoak 1907a arte iraun zuen bainuetxe moduan, urte hartan Aita Agustinoek hura erosi eta seminario bihurtu baitzuten.

Seminarioa 1972an itxi zen. Gaur egun Lourdesko Ama ikastetxea dago Galartzako bainuetxea zegoen lekuan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki nagusia: Elorrio-Galartza-bainuetxea-1900.jpg

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.
  • Ajuria, R. Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G. ISBN 84-8181-227-7
  • Basterretxea Kerexeta, I. Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala. Bilbao. (2006)
  • Molinuevo, M.; Romano, M. Elorrio. Bizkaiko hiribilduetan zehar bilduma. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo. (2008)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basterretxea, Igor. (2006). Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala, 75 or..
  2. Ajuria, Ricardo. (2006). Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G., 17 or. ISBN 84-8181-227-7..
  3. Agirre Kerexeta, Iñigo. (1992). Elorrio. Bizkaiko herrien monografiak. Bizkaiko Foru Aldundia, 104 or. ISBN 84-7752-070-4..
  4. Agirre, Iñigo. (1992). Elorrio. Bizkaiko herrien monografiak. Bizkaiko Foru Aldundia, 103 or. ISBN 84-7752-070-4..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]