Edukira joan

Benarriz gorrizta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Benarriz gorrizta
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaLocustellidae
GeneroaLocustella
Espeziea Locustella luscinioides
Savi, 1824
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,08 g
Zabalera20 cm
Kumaldiaren tamaina4,5
Errute denbora10 egun
Locustella luscinioides
Locustella luscinioides

Benarriz gorrizta[1] (Locustella luscinioides) Locustellidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europa eta mendebaldeko Asiako eskualde epeletan bizi dena[2].

Benarriz nabarra eta ibai-benarriza baino handiagoa da eta lurralde epelagoetan bizi da. Kanabera artean egiten du habia baina gainontzeko benarriz motak baino gehiago ibiltzen da landareek estali gabeko tokietan.[3]

Lezkari arruntaren oso antzekoa edo bere lumajetik marra eta orbanak kendu eta ondoko koloreak utzi zaion Benarriz nabar bat. Gainera aurreko espeziea baino zertxobait handiagoa da; 14 cm-ra iristen da tamainaz, hau da, txolarre bat bezalakoa gutxi-gorabehera.

Kolore gutxiko jantzia, arre-gorrixka uniformea du gainean eta zuri-krema kolorea azpian tindu gorrixka apur batekin alboetan. Bekain argia, zuri-horixka kolorekoa eta ez oso markatua da bere kolorearen uniformetasunaren barruan nabarmen daitekeen ezaugarri bakarra. Mokoa, goiko baraila arre ilunarekin eta beheko baraila argiarekin. Hankak argiak. Buztana amaieran biribildua beste lezkari eta benarrizetan bezala.

Arra eta emea berdinak dira, lehen lumajetik kumeak ere bai.

Abestia benarriz nabarraren antzekoa du, burrunba monokorde luze bat, kadentzia azkarragokoa, ozenagoa eta tonu baxuagokoa, baina ez du hainbeste irauten. Normalean, nota isolatu batzuekin hasten da, “pit… pit… pit…” moduko bat, azeleratu egiten dena, dezente irauten duen “terrrrr…” monotono batekin lotu arte.[4]

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean ez dago zailtasunik arrak behatzeko estaltze-garaian, denbora luzeak pasatzen baitituzte pausatuta agerian, lezka baten puntan kantatzen, baina bere bizitzaren gainerakoa, emeena bezala, padurako landaredi trinkoan murgilduta igarotzen du.

Bere migrazio-mugimenduetan izan ezik, gauez egiten dituenak, oso gutxitan ateratzen da aterpe horretatik. Batzuetan bere lurraldearen gainean hegan egiten du labur, gero lezkadira murgiltzen da berriro eta bistatik desagertzen da.

Ekialdeko Afrikan pasatzen du negua eta apiril inguruan itzultzen da. Gure inguruan martxoaren amaieran hazten da pasatzen eta hurrengo hilabetean zehar nabarmenagoa izaten da. Benarriz nabarrak bezala, migrazioan hartzen dituen atseden aldietan kantatu egiten du.

Lezkadi, sastaka, ihi edo beste padurako landaredi batzuen artean egiten du habia. Eroritako lezka sorta baten gainean, ihi sorta baten gainean, edo uretatik ateratzen den beste euskarriren baten besterik gabe. Habia zakarra eta handi samarra da, uretako landareen hosto eta zurtoinez egina.

Orban ilunak dituzten 3 eta 6 arrautza bitartean jartzen ditu, zuri-grisaxkak. Emeak egiten du hamabost eguneko inkubazioa eta beste bi aste elikatzen, bertan arrak ere kolaboratzen du eta nahikoa dira txitak habiatik irteteko. Handik gutxira, gurasoek jada bigarren hazkuntza bati ekiten diote.

Elikadura animalia jatorrikoa da soilik: intsektuak eta haien larbak, armiarmak, zizareak eta beste ornogabe txiki batzuk.

Goiz migratzen dute. Gure kostaldeko paduretan zehar pasabidea nabaritzen da, edo hegazti sakabanatuen etorrera, abuztuaren hasieran edo lehenago.

Banaketa, habitata eta egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ugalketa-eremua klima epel eta mediterraneoan zehar hedatzen da, Europan. Asian eta Afrikako iparraldeko eremu txiki batean, Aljerian. Bere banaketa Iberiarra ez da oso ezaguna. Hegoaldeko herena eta Levanteko kostaldea okupatzen ditu behintzat. Sakabanatuta, ziurrenik, beste zenbait eskualdeko punturen batzuk ere bai.

Esklusiboki, azaleko ur geza edo gazietan hazten den landarediaren artean padura-eremuetan eta urmaeletan bizi da. Bere habitata lezkadietan, aintziretako, paduretako eta beste ur geldiko batzuen ertzeko ihi guneetan aurkitzen da.

Euskal Herrian Bidasoako itsasadarreko lezkadietan baino ez da baieztatu bere ugalketa, baina urtaroan aurreratuta sarritan entzun izan da, agian urtero ez, baina litekeena da kostaldeko beste padura batzuetan ere bikote batzuek haztea.

Gainerako lurraldeetan ez dugu erregistro fidagarririk ezagutzen, baina Nafarroako Pitillas eta Las Cañas aintziretan aipatzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Benarriz gorrizta» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. BirdLife International (2004). Locustella luscinioides. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  3. Lur entziklopedietatik hartua.
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi,. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A. ISBN:, 257 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.