Bengoetxe baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bengoetxe
Bengoetxe
Fatxada nagusia
Kokalekua
Lurraldea  Bizkaia
Eskualdea Txorierri
Udalerria Loiu
Auzoa Zabaloetxe
Orientazioa Ekialdea
Garaiera 12 m
Bengoetxe baserria hemen kokatua: Bizkaia
Bengoetxe baserria
Bengoetxe baserria
Bengoetxe baserria (Bizkaia)
Ezaugarriak
Garaia 1525 eta 1550 bitartean
Estiloa gotiko-pizkundetar
Oinplanoa angeluzuzena
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 1999ko ekainaren 22a

Bengoetxe Loiuko Zabaloetxe auzoan dagoen baserria da, egun "Aspaldiko" jatetxea dena.

1999ko ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano angeluzuzena daukan eraikina da, bi isurkitako estalkiarekin; azken hau fatxada nagusiarekin elkarzutean, non beheko eta goiko oinak ageri baitira, erdiko gorputzean ganbara txiki bat (sapaia) duela.

Fatxada nagusiko eta eskuinaldeko behe-oinak harlangaitzez moldaturik daude, eraikinaren gainontzeko aldeetan teilaturaino iristen delarik. Fatxada nagusian goiko oina zurezko bilbaduraren gainean ezarritako oholeriak ixten du, eta alboko eskuinaldekoan zurezko armazoiak eta fabrikak. Estaldura zeramikazko teila konkortuek gauzatzen dute.

Fatxada nagusia, ekialdera begira, hiru zatitan banatuta dago. Erdiko gorputza lurretik estalkiraino doazen osoko zutoinek enmarkatzen dute. Erdiko gorputz hau habetzar sendo baten gainean oinarritzen da, habeak azpian egun erdi itxita dagoen karrerapea itxuratzen duelarik. Lehen oinaren itxitura seriean mihiztatutako haritz-oholez burutzen da; gainean sei hutsuneko sekuentzia bat ageri da, galeria gisa, erdi-puntuko errematearekin, eta apaindura geometrikoak eta kordoi-moldurak dituzten habe horizontalekin. Galeriaren gainetik ganbara dago, hegalkin eran jarria, hiru jabaloiek eutsia, hauek kanpokoaldeko ertzetan dekorazio koskaduna dutelarik.

Eraikinaren egitura haritzezko zutikotzarrek osatzen dute; hauek lurreko harroinetatik estalkiraino altxatzen dira eta solairuaren solibei eta estalkiaren armazoiari eusten diote.

Bengoetxe XVI. mendeko baserrien tipologian sartzen da. Tankera honetako oso adibide gutxi geratzen zaigu; batez ere, hain ondo kontserbatuta eta jatorrizko hainbeste elementurekin.

1525 eta 1550 bitartean dataturiko eraikuntza hau baserri gotiko-errenazentistaren hiru mota oinarrizkoetariko bati dagokio. Mota honek aurreko alde simetrikoa izan ohi du, hiru gorputzetan antolatua; fatxada horren beheko oina harlangaitzez itxita egoten da, eta goiko oin guztia zurezko bilbadura eta oholen bitartez. Oin hau, gehienetan, lerrokadura-planoari aurreratu egiten zaio, inoiz erdiko gorputzean "sapaitarako" gune bat atontzen delarik, bilbadura-planoa bera baino aurreratuxeago; bizilekua beheko oinean kokatzen da eskuarki, eta sarrera ere bai: hau aldamen batean edota, kasu honetan bezala, erdian jarritako atean egon daiteke.

XVI. mendeko baserrietan ohizkoa den legez, Bengoetxek lurretik estalkiraino doazen osoko zutoinez egindako zur-egitura ikaragarria dauka; egitura hau harlangaitzezko itxituratik aparte ezarria dago; honetaz gain, eraikuntza-ezaugarri bikainak azpimarratu behar dira zurajean; garai bereko beste baserri batzuetakoak aski onak izanik ere, honetakoak hobeak dira oraindik; gorago deskribatu den bezala, ezaugarri hauek fatxada nagusiko erdialdean ageri dira batik bat.

Bere antzinatasun, tipologia aldetiko adierazgarritasun eta kontserbazio-egoerarengatik, euskal arkitektura herritarraren aparteko adibidea dugu baserri hau, historia eta etnografiari dagokienez interes handikoa, eta aipaturiko aldian eraikuntza eta arotzia mailetan zegoen teknikaz argibideak eskaintzen dizkigun benetako dokumentu materiala.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa