Edukira joan

Zeramika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azulejuz egindako Dekorazio-panela. Funchal. Madeira

Zeramika (grezieratik κεραμικός keramikos, erretako substantzia) buztinez edo portzelanaz egindako gauzakiak dira (ontziak, teilak, azulejoak, adreiluak eta beste) eta haiek sortzeko artea. Askotan, arte horren bidez sortzen den materiala eta ekoitzitako piezak izendatzeko ere erabiltzen da izen hau. Silikatoz eginiko hainbat produktu industrialez gainera, beroaren bidez sorturiko estalkiei ere deitzen zaie.

Iberiarren zeramika, K.a. 399 - 350.

Buztingintza eta eltzegintza terminoak nahiko modu antzekoan erabiltzen dira, eta nahastu ohi dira. Euskaltzaindiaren hiztegian, "zeramika", "buztinez edo portzelanaz ontziak eta bestelako gauzakiak egiteko artea" da, "zeramikan erabiltzen den gaia" eta "zeramika-lanen multzoa" ere bai; eltzegintza "Eltzegilearen lanbidea; eltzeak egitea" da, "buztingintza", "buztinaz gauzakiak egitea; buztina lantzen duenaren ogibidea." Beraz, buztingintza eta eltzegintza, zehazkiago artisauaren lanbidea dira.

Buztina zeramika bihurtzea prozesu baten emaitza izan zen, eta prozesu horrek argi erakusten du gizakiak zuen ezagutza-maila, zenbat zekien suaren eraginaren ondorioz zenbait gai naturaletan izaten ziren aldaketak kontrolatzeko moduari buruz. Saiakuntzak egiteko esparru horretan, lur egosiz egindako lehenbiziko objektuak agertu aurretik, karea eta igeltsua eskuratu zituzten. Metalak eta beirakiak horren ondoren azaldutako lorpenak dira.[1]

Ming dinastiako portzelana. 1403–1424

Zeramika orea egiteko buztina beste ekai batzuekin nahastu egin ohi da, osagai plastikoak, koipegabetzaileak eta galdatzaileak. Osagai plastikoak plastikotasuna ematen diote oreari, beraz buztina bera da, baina oinarrizko buztina beste buztin mota batzuekin nahas daiteke, eta baita kaoliarekin. Koipegabetzaileak silize, area, buztin egosizko pusketatxoak, kaltzita,[2] eta beste... Galdatzaileak dira feldespatoak, mikak, gai organikoak eta beste. Egile askok galdatzaileak koipegabetzeen barruan sartzen dituzte. Koipegabetzaileak plastikotasuna kentzen diote zeramikazko oreari eta ontziari arrakalak ateratzen saihesten laguntzen dute. Galdatzaileek egosketan piezak hartzen duen tenperatura alda dezakete[3]

Zeramika egiteko prozesuan, lehenik buztina edo beste ekaiak txikitu edo ehotzen dira eta urarekin nahasten dira orea egiteko; orea estutu eta moldatu egiten da nahi den tankera emateko, gero lehortzen uzten da eta labean egosten da oso tenperatura handian. Zeramika-gaia apaindu ahal izateko, lehenengo kanpoaldetik berniza eman ohi zaio. Zeramika gaiek ezaugarri hauek dituzte: erregaitzak dira, ez dute beroa eta elektrizitatea eroateko gaitasun handirik eta erresistentzia handikoak izaten dira, hauskorrak badira ere. Silizea (SiO2) da zeramikaren oinarrizko gaia. Gaur egun, silikatoez gainera, beste ekai asko erabiltzen dira.

Zeramika motak material bukatuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraikuntzarako adreilua
Fraide itxurako pattar botila txikia - Estrasburgoko alsaziar museoa. Gresa gogortasuna behar zuten gauzakiak egiteko erabili izan da.

Bi zeramika kategoria bereiz daitezke (erabiltzen den teknikarengatik lortzen den materialaren arabera) :

  • Zeramika porotsuak :
    • Buztingintzaren produktua klasikoak edo terrakota, zaharrena, gordina eta porotsua da eta orean burdin oxidoa dagoelako kolore gorri, laranjatu edo marroia izaten du. Terrakota 850 eta 1.000 ºC artean egosten da.
    • Faiantza Ekialde Hurbilean agertu zen VIII. mendean. Moldeatu eta lehortu ondoan, piezak lehen aldiz egosten dira 800 eta 1.050 ° C artean, faiantza motaren arabera: "bizkotxoaren egostea" esaten zaio lehen egoste horri. Material hori porotsua da, eta horrek esmaltatzeko aukera ematen du. Piezak azken egosketa bat jasaten du 980ºC-tan esmaltea finkatzeko.
    • Produktu erregogorrak, buztin erregogorrez, kaolinez eta txamotaz eginak, tenperatura altuak jasateko eginak daude.
  • Zeramika beiratuak :
    • Gresa, bereziki gogorra, silize kopuru handiko buztinez osatuta dago. Lehen aldiz 800 eta 1.000 ºC artean egosten da, pieza porotsua da. Faiantzarekin bezala, erraz esmaltatzen da piezaren porositateari esker. Bigarren egosketak, 1.280 ºC-tan, lurra auto-beiraztatzea eta esmaltea finkatzea ahalbidetzen du.
    • Portzelana, Txinako zeramikaren bilakaeraren emaitza, Mendebaldean XVIII. mendetik aurrera sortua, kaolina erabiliz egiten da. Bere ezaugarri nagusiak dira gogortasun aparta eta itxura zeharrargia. 800-900 ºC-tan egosten da eta 1 250-1 400 ºC-tan azken piezan.
Wine Ewer (1785-1790) artistaren pitxarra ardoa botatzeko
Maiolika motako platera. XVII. mende amaiera edo XVIII. mendea

Indusketa arkeologikoetan aurkitutako objektuen artean, Neolito ondorengo lekuetan hedatuenetako bat zeramika da.[4]

Zeramika antzina-antzinako artea eta eskulangintza da, Historiaurreko gizakiek dagoeneko, erabiltzen zutena, modu nahiko orokortuan, Neolito garaitik aitzina. Hala ere, duela 30.000 urte, buztinarekin egindako esperimentazio baten frogak ere aurkitu dira: Dolni Vestonice (Txekiar Errepublika) izeneko leku batean buztinarekin egindako irudiak aurkitu ziren, mamut hezur zanpatuarekin nahastuta.[5] Neolito aurreko beste zeramika gauzakinak aurkitu dira Jomon aroko Japonen, Txina hegoaldean (Jiangxin dagoen Xianrendong kobazuloan) eta Errusiako Amur ibaiaren ertzetan.

Gaur egun, arkeologoen ustez, zeramika –jarraipen historikoa izan zuen gizakiaren sorkuntza gisa– munduko hainbat lekutan asmatu zuten, leku horien artean loturarik egon gabe eta data desberdinetan. Asmakizuna eremu autonomo hauetan azaldu zen: Saharako hegoaldean, Hegoamerikako iparraldean, Ekialde Urrunean –Txina eta aipatu dugun Jomon aroan– eta Ekialde Hurbilean.

Europarrei loturik dagoen asmakuntzako lekua Ekialde Hurbila da. Eskualde horretan, Kristo aurreko 8.600. urtearen inguruan azaldu zen zeramika. Alabaina, 7.000. urtera arte ez zen haren erabilera eta ekoizpena eremu geografiko horretatik orokortu.[1]

Aztarna zaharrenetarikoak (K.a. 6000. urtekoak) Irango Hotu eta Belt haitzuloetan eta Jerikon aurkitu dira. Garai hartan eltzeak eskuz egiten zituzten, labe irekietan egosi, eta eguzkitan lehortzen zituzten. Zeramikaren garapenak buztina moldatzeko tornua eta buztina egosteko labe itxia ekarri zituen. Gai beiratuak ere erabiltzen hasi ziren, gero zeramika apaindu ahal izateko. Antza, eltzegile gurpil "motela" Txinan agertu zen, K.a. 4.800-3600 urteen inguruan ibai Oriaren erdialdeko ibilbidearen ertzean, Yangshao kulturaren baitan. Eltzegile gurpila azkarra (100 txandaketa minutuko) , aldiz, Mesopotamia inguruan, Susan (Elam) eta Uruken (Mesopotamian) egiaztatua da K.a. 3.500-3.000 urte inguruan; Txinako Neolito berantiarreko Longshanen kulturan agertu bide zen K.a. 3.000-2.000 urte bitartean[6]. Egipton, Tinitarren dinastian (c. K.a. 3 150 – c.2 700 ) agertu zen. Ezagutzen den tornuzko piezarik zaharrena tornuzko bolante bat da, 75 cm-ko diametroa duen buztinezko disko bat da, Mesopotamiako Ur hirian aurkitu zena, buztingile tailer baten ondoan. Asia hego-mendebaldetik, Mediterraneora, Kretara, Greziara eta gero Europa osora hedatu zen.[7]

Antzinatean, Greziako zeramika margotuak goi-maila jo zuen Txinakoarekin batera; txinatarrek beiratzearen teknika hobetu eta portzelana asmatu zuten. Arabiarrek txinatarren aurkikuntzak zabaldu zituzten Mendebaldean Espainiatik barrena eta zeramika polikromatua landu zuten. K.o. XIII eta XIV. mendeetan Andaluzian azulejoak landu ziren gehienbat, eta Valentzian (Manises), toska.

Zeramika konposatuaz egindako industriarako piezak

Errenazimentuaren garaian, Italian hormak mosaikoz apaintzeko zeramikak ospe handia izan zuen; aipagarriak dira Faenza, Forli, Siena, Gubbio eta Pesaroko lantegiak. XVII. mendean hasi ziren Europara iristen Txinako portzelanak, Europan bertan teknika berriak eragin zituztenak. Garai hartan sortu ziren Frantzian Mennecy, Chantilly eta Vincennesko eskolak, Sèvresko portzelana egiten zutenak. Alemanian portzelana gogorra asmatu zuten, eta XVIII. mendean berehala zabaldu zen Europa osoan.

XX. mendean, artista ezagun batzuek, Picasso,[8] Gaudí, Miró eta Llorens Artigasek besteak beste, zeramikazko artelanak egin izanak berrikuntza handia ekarri dio zeramikari.

Zeramikazko edukiontzi bateko atalak
XII-XIII. mendeetako Armeniako zeramika beiratua.
Jaipurreko zeramika urdina

Akaberak edo apainketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dekorazio teknikek azal gaineko apainketa, hutsuneak uzten dituen apinketa eta erliebedun dekoratuak bereizten dituzte. Dekoratu ezberdin horiek ontzi berean konbina daitezke. Dekoraziioa gehinetan, kanpoko horman aplikatzen da, baina barrualdea ere apain daiteke.

Apainjtzeko teknikak funtzionalak ere izan daitezek. Hori zehazteak esan nahi du kontuan hartzea bai teknika, bai dekoratuaren kokapena ontzian. Adibidez, barne-hondoetan sartutako dekoratuek arraspa funtzioa izan dezakete (adibidez, Hego Amerikan, Europan eta Asian). Kanpoko paretetan erliebean dauden dekoratuak errefortzu edo helduleku elementuak izan daitezke.[9]

Hau izan daiteke sailkapen orokor bat Valentine Roux eta Marie-Agnès Courtyk 2016an idatzitako Des céramiques et des hommes eskuliburuan ematen den erabera:[9]

  • Azal gaineko apainketa
    • Pintura
  • Erliebeduna
    • Modelatze bidezko dekorazioa
    • Elementu erantsiak aplikatuz egindako dekoratzeko teknikak

Hélène Balfet, Marie-France Fauvet eta Susana Monzón, 2014an Normas para la descripción de vasijas cerámicas eskuliburuan apainketen beste sailkapena bat proposatzen dute arkeologian erabiltzeko, Valentine Roux eta Marie-Agnès Courtyk egindakoarekin desberdintasun batzuk dituena, eta, hiru sailkapen nagusi eamten dituzte: orearen azalaren tratamendua (ho sartzen dira lehuntzea, txartatzea eta marruzkatua), zeramikaren azala aldatzea (Inzisioa, eszisioa grabatua, inprimaketa, estanpatzea, arrabola bidezko inpresioa, Inpresio baskulatua, moldeatua) eta elementu bat aplikatzea (Aplicación de un estalduraren bat aplikatze (azal osoan edo zxati batean) -engobea da ezagunean-, grafitoz margotutakoa, estaldura zimurtsua, ketua, beiraztatua, apindura bat aplikatzea, pintatua, barbotinazkoa, molde bidezko elementua edo elementu modelatua (eskuez foram ematea) aplikatzea).

Heras eta Martínezen glosarioan, askotariko apainketa teknikak azaltzen dira laburki. Batzuk orokorragoak dira eta beste batzuk, berriz, zehatzagoak, aurrez aipatu diren kategoria orokorren edo azpikatoegorien barruan sailka daitezkeenak:[10]

  • Ildaskatua: oraindik biguna den ore baten gainean, hondoa kurbatua eta sakonera gutxikoa ildo edo sakonune zabalak eta etengabeak marrazten dira, ildaskak sortuz. Ildazkak atzamarrarekin edo punta zabaleko eta kamutseko ezten batekin egin daitezke.
  • Arrastatua: buztin freskoan, ebakidurazko lerroak gurutzatzen direnean.
  • Barbotinaz apaindua
  • Beiraztatua: azalari ematen zaion material eta tratamenduari esker, beiraren distira lortzen da.
  • Erliebeduna
  • Esgrafiatua: arkitekturan erabili ohi den teknika. Azala kolore edo bestelako pigmenu batez estali ondoren, ezten edo beste tresna batez, azalean ebaki ez oso sakonak egiten dira, marrak edo eremu batzuk marraztuz. helburua da pinturaren artean, egindako marretan edo perfiletan, buztinaren kolorea ageraraztea Esan behar da grabatua, esgrafiatua eta eszisioa batzuetan nahastu egiten direla.
  • Esmaltatua: zeramika piezaren azalean kristal-hautsa eta sustrato berezi bat fusionatzean lortzen da.
  • Grafitatua: grafitoz margotutako da.
  • Inprimatua: inprimatze teknikekin egindako dekorazioari, buztina biguna zegoen bitartean. Tresna mota askotakoekin egin daiteke: saski bat, azazkalak, estanpatzeko zigiluak, sokak, puntzoiak... tresna buztinaren kontra zanpatzen da behin eta arrastatu gabe, altza egiten da, tresnaren puntaren foramren kontrako irudia burtinean utziz.
  • Ebakia edo eszisio bidez apaindua (grabatua eta esgrafiatua hitzak ere erabiltzen dira)[11]: Teknika hau lortzen da marrak edo lerroak eginez eztengarriak diren erremintekin, baina zeramika egosi baino lehen. Teknikaren izena erabilitako lanabesen araberakoa da (kanabera-, ezten-, azazkal-, orrazi, ebakidura- ...).
  • Orrazia: ebakidura paraleloak sortzen dira orrazi batekin edo zenbait puntatako lanabesarekin.
  • Puntuatua: puntu-segida bat marrazten da, ordenaturik edo ez, eta noizean behin mugatuta egon daitezke pintura lerro edo banda batez edo ebakidura batez. Inpresio mota bat da.
  • Eztenatua: ezten edo puntzoi batez egindako apainketa-teknika.
  • Txartze edo leuntze apainketa teknika zeramikan
  • Txertatzea: buztineko azala bigunean, harri-koskorrak, kobrezko botoiak, maskor txikiak edo beste gai batzuk sartzen dira. Helburua estetikoa eta dekoratiboa da, kontraste kromatikoak bilatzen da ore zuriarekin edo beste margo batekin. Betetze-teknika lortzen da eskuarekin presioa eginez buztin freskoan. Egindako hutsune txikietan, gero beste materialarekin betetzeko[12][13].
  • Zigilatua: inpresioa zigiluen bidez egiten da, inpresio puntu bakoitzean forma konplexuagoak lortuz
Greziar askos hau tornuz egin zen, eta ondoren moldez egindako irudiak itsatsi zitzaizkion.

Molde bidez egiten diren piezetan, erliebezko dekorazioa moldean bertan egin daiteke, eta gero, beste tekniak batzuk aplikatu dakioke pieza bakoitzari.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Ibarra Álvarez, José Luis. (2010?). Zeramika eta arkeologia: buztin puskak, historiaren zatiak. in: Arkeologi museoaren koadernoak. Bilbo: Arkeologi museoa ISBN 978-8477524939..
  2. García, Xavier Clop. (2012-01-01). Extensión, cambios y perduración en las "formas de hacer": La producción de cerámica y el uso de desengrasantes añadidos. (kontsulta data: 2025-09-30).
  3. Martínez Fernández, María José. (1999). «La cerámica prehistórica: algunos aspectos de fabricación» Antiqvitas 10, 31-35 (1999) (kontsulta data: 2025-09-30).
  4. Jornet, Albert. (1984). «La cerámica en la Arqueometría» Boletín del Museo Arqueológico Nacional II. lib., 1: 76-84..
  5. (Ingelesez) Violatti, Cristian. (2014-09-13). «Pottery in Antiquity» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-09-23).
  6. (Ingelesez) Li Zhiyan, Virginia L. Bower and He Li (zuz., 2010), Chinese Ceramics : From the Paleolithic Period to the Qing Dynasty, Cambridge eta New York, Yale University eta Foreign Langage Press (ISBN 978-0-300-11278-8), 71 or.
  7. Armand Desbat (2003) « Les tours de potiers antiques », Actes du colloque de Niederbronn « Le tournage, des origines à l'an Mil »,, 137-154 or.
  8. (Ingelesez) «Picasso, the potter: A new look at the artist's bravado in ceramics» Los Angeles Times 2018-08-08 (kontsulta data: 2025-08-20).
  9. a b (Frantsesez) Roux, Valentine; Courty, Marie-Agnès. (2016). «Les décors» Des céramiques et des hommes : Décoder les assemblages archéologiques (Presses universitaires de Paris Nanterre): 137–146. ISBN 978-2-84016-482-1. (kontsulta data: 2025-11-14).
  10. Herás y Martínez, César M., 1992. 2019.08.19an kontsultaturik
  11. (Gaztelaniaz) externo. (2024-08-21). «Técnicas de Decoración en Cerámica» Cerámica Alfasur (kontsulta data: 2025-11-14).
  12. Caro Bellido, 2005, 145 or.
  13. Herás y Martínez, César M., 1992. 2019.08.19an kontsultaturik

Bibliografia gehigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]