Bi anai

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Bi anai
Datuak
Egilea Bernardo Atxaga
Argitaratze-data 1985, lehen argitalpena
Generoa Eleberria
Argitaratzailea Erein
Herrialdea Euskal Herria
Bilduma Narratiba
ISBN 8475689159

Bi anai Bernardo Atxagak idatzitako eleberri laburra da, 1985ean lehen aldiz argitaratutakoa. Hainbat animaliak (antzarak, sugeak,...) narratutako bilbean bi anaiei buruzko istorioa kontatzen digu idazleak, sinbologia handiko prosa poetikoa baliatuz eta errealismo fantastikoz. Liburuaren akzioa Atxagarengan ohikoak izan ziren basauri batean (Obabakoak liburuaren kasuan bezalaxe) lekututa dago (bere beste liburu batzuen ziutateei kontrajarrita). 2011 urtean eleberrian oinarritutako Bi anai filma estreinatu zen, Imanol Rayok zuzenduta.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narrazioa Obaba izeneko fikziozko toki batean garatzen da, XX. mendearen erdialdeko Euskal Herriko herri tradizionala, naturaz inguratutakoa, irudikatzen duena: Bi anai filmaren errodajea Artikutza auzoan (irudian) eta bere natura inguruetan egin zen. Erreka garrantzi handiko elementu gidaria da kontakizunean, basoa eta auzoa lotuz.
Leihoak eremu bereiziak lotzen ditu eleberrian: txoriak bere gelako leihoa zeharkatuz laguntzen dio Paulori lo egiten eta Danielek Teresa ikusteko begiratzen du jostundegiko leihotik.
Teresak Danieli bere titiak ikutzen uzteak Teresarekiko sexu-obsesioa piztuko du berarengan. Deus ex machina motako gertakari horrek Daniel eta Pauloren amaiera tragikoa ekarriko du.
Obabako neska eta mutilek irrika handiz prestatzen zuten bizikleta gaineko zinta-jokoan (irudian) gertatutakoak ekarriko du Paulo eta Daniel herritik alde egitea.

Lehen kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori batek basoa utzi eta Obabako Pauloren etxera joateko agindua jasotzen du, barruko Mintzoak aginduta. Txoriak narratzaile papera hartzen du hemendik aurrera: Pauloren etxean lanturuak aditzen ditu, izandako heriotz baten zantzu moduan interpretatzen duena. Herrian heriotzaren seinale gehiago nabaritzen ditu. Azkenean, Paulo hilzorian dagoen bere aitaren ondoan dagoela ikusten da txoriaren begietatik. Aurretik ama ere hil egin zaiela eta, Daniel anaia zaharraren kontu izateko erregutzen dio eta Paulok baiezkoa ematen dio.

Bigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulo mahai baten azpian ezkutaturik dagoen Danielen bila doa. Daniel adimen urrikoa da eta ez da jabetzen aita hiltzen ari zaiola, baina aitarekin zerbait arraro gertatzen ari dela somatu du eta horregatik ezkutatu da. Danielek pixa egin du gainean eta Paulok errieta piska bat egiten dio, baina hala ere, Paulo berarekin jolasten hasten da maitasunez, biak elkarrekin lo geratu arte.

Hirugarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txoria narratzaile betiere, bi anaiak lo daudelarik, aita hil egiten da. Herriko apaiza dago anaien etxean eta leihotik aran arboladia ikustean, txikitako oroitzapen malenkoniatsua datorkio gogora, nola San Juan egunean hara joaten ziren aranak lapurtzera eta nekazariaren kexuz orduko apaizak horrelakorik ez egiteko esan zien samurki. Bi anaiak lo bistan dituela, beste gertaera bat oroitzen du, nola Pauloren aita Danielen adimen urritasunaz kezkaturik zegoen, ume bat bezalakoa izan arren gogo sexuala erakusten zuela (hazia isurtzen zuela eta abar), nola Paulo eta Daniel trena ikustera joaten ziren, eskolan Danieli iseka egiten ziotela. Pentsamendu horietan murgildurik apaizak lo hartzen du.

Laugarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katagorri multzo batek Mintzoaren deia jasotzen du Danielen bila joateko, kanta ttikia duen gaztea dela adieraziz. Katagorriak Danielen lagunak bilakatuko dira kontakizunean zehar. Azkenean kantaren doinuari jarraiki aurkitu egiten dute eta Paulok eta Danielek ikusi egiten dituzte. Udan zehar, Daniel beraiekin jolastuko da eta urrak, intxaurrak eta ura emango dizkie. Egun batean, ordea, Danielen kanta ahulago entzun eta bere bila abiatzen dira; azkenean neska talde baten esperoan aurkitzen dute. Neska horietako batek, Teresa izenekoa, pastela erregalatzen dio eta hurrengo egunetan ere hala egingo du, harik eta egun batean Danielek besoak luzatuz bularrak ukitzen dizkion arte, dardarizo batek bultzaturik. Horrela zirri egiteagatik, Paulo eta Danielen lehengusina den Carmen izena duen beste neska batek Daniel jo eta negarrez uzten du. Teresak bakean uzteko eskatzen dio, bere adimen urritasuna dela eta. Carmenek jarrera hori Paulorekin gustatuta dagoelako duela aurpegiratzen dio. Carmenek alde egin eta Teresa Daniel kontsolatu ezinean dagoela, bere bularrak ukitzea eskaintzen dio isiltzearen truke. Danielek kattagoriak zaintzeari uzten dio, Teresarekin duen sexu gogoa dela eta.

Bostgarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita lurperatu ondoren, Paulo bere ohiko bizimodura itzultzen da, bere aitarena zen zerrategian lan eginez. Gauez, ordea, lo hartu ezinik egoten da, kexati eta amarekin eta aitarekin gogoratuz. Amaren hitzak gogoratzen ditu une horietan, nola esaten zion Danielekin kontuz ibiltzeko eta bereziki bere osabarekin, etxea eta zerrategia bereganatu nahi dituelako. Aitaren hitzak ere gogoratzen ditu, ordea, nola Daniel zaintzeko erregutzen dion. Txori laguntzaileak naturako ipuin eta irudi metaforikoez osatzen du narrazioa. Paulori lo hartzen ere laguntzen dio, bere inguruan jostari ibiliz eta horrela entretenituz. Arratsalde batean, Daniel kattagorriekin jolastu ordez, beste norabait joan dela nabaritzen du Paulo anaiak. Itzultzen denean, Danielek ez dio non egon den esan nahi eta Paulo berarekin joaterik ere ez du nahi. Gau batean, intziriak entzunda, Danielen ohera gerturatzen da eta, masturbatu ondoren, isuri egin duela nabaritzen du. Orduan, amak esaten ziona gogoratzen du, nola Daniel sexu-gogo bizia izaten duen. Pentsamendu horietan murgildurik gelako armairuan apoiatzen da; orduan Daniel joka hasten zaio eta lurrera botatzen du. Ondoren, armairutik tarta bat ateratzen du, berea dela oihu eginez.

Seigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txoriak Paulo Danielen zelatan aurkitzen du bide bazterrean, zelai batean ume talde batekin batera dagoen Daniel herriko neskak euren tartekin noiz etorriko zai. Paulok Carmen bere lehengusina topatzen du eta Danieli tartak erregalatzen dizkiona bera den galdetzen dio. Carmenek ezetz esaten dio eta berarekin hika-mikan hasten da, Carmenek Paulori harrokeria aurpegiratuz, beti bakarrik ibili eta lagunik nahi ez izateagatik. Paulok aitaren hitzak gogoratzen ditu, nola Carmenen aitak euren etxera sartu nahi zuen, dirua eta etxea bera bereganatzeko. Txoria Carmenen pentsamenduetan sartzen da eta Danieli tartak oparitzen dizkiona Teresa dela ikusten du, Paulorekin maiteminduta dagoen neska hain zuzen. Paulo burutik kendu ezinik, bera joaten den leku guztietara joaten da Teresa ere ahal duen guztietan, baina Paulo ez da ohartzen bere presentziaz eta maitasunaz. Txoriak pentsamendu horiek jasotzen dituela, Teresa herriko plazara heltzen dira, non Carmenekin topo egiten duen.

Zazpigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paulorekin izandako sesioan Danieli tartak berak erregalatzen dizkiola esan al dion galdetzen dio. Carmenek ezetz erantzuten dio, baina Teresa Danielek Paulori dena kontatuko dion beldurrez geratzen da bere baitan, azkenean bere buruari Paulorekin beti egonezinean egoteari utzi eta Paulorekin gauzak modua izango dela aitortzen badio ere. Beste alde batetik, herriko neskak jostundegian ari diren bitartean Daniel denbora guztian haiei begira dagoela eta, Daniel jostundegira sartzea erabakitzen dute bi neskek Paulorekin harremanetan hasteko modurik egokiena delakoan. Aurretik, ordea, Carmenek Teresa konfiantza eskuratzen du zurikeriaz, Teresak bere sentimenduak adieraz diezazkion. Geroxeago, ordea, erretoreak zurikeria leporatu zion pasartea datorkio gogora Carmeni, berarengan kontzientzia txarra sorraraziz.

Zortzigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mintzoak ibaian adi egoteko agindua ematen dio txoriari. Horrela, Carmenen burutazioak etortzen zaizkio: nola jaiotzatik duen aurpegiko mantxa zabala dela eta, aspaldian ez den pozik bizi; nola Paulorekin bizitzera joateko itxaropenak zapuztu ziren, Pauloren amak garbi utzi baitzuen hil baino lehen ez zirela etxe horretara sartu behar. Bere itxaropenak zapuztearen mendeku gisa, Paulori nola edo hala sofrimendua eragingo diola bere buruari aginduz. Mendekua burutzeko, Daniel eta Teresa baliatuko ditu.

Bederatzigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kattagorriak hilik agertzen dira ganbaran, Danielen eta besteen utzikeriaz. Daniel egun osoa pasatzen du etxetik kanpo Teresaren peskizan eta Paulo gauez lo hartu ezinik jarraitzen du. Egun batean, Obabako erretoreak bisita egiten dio Paulori, Danielen jokabideaz kezkaturik. Herrian esames ugari sorrarazten ari den Teresarekiko obsesioa azaldu eta Pauloren gogo horien kontu izateko eskatzen dio. Teresaren amak Daniel etxean lotuta eduki beharko litzatekeela esan duela ere kontatzen dio. Paulok onartu egiten du erretorearen eskaria. Biharamunean, herriko jostundegira abiatzen da eta neskak herriko jaietako jolas batean erabiliko diren koloretako zintak prestatzen ikusten ditu bertako leihotik. Zinta bakoitzari eraztun bat jarri eta eraztunak kanpoan utziz kaxa batean sartuta, herriko mutilek bizikletaz eta eskuan eztena harturik, eraztunetik tiraka eginez zinta hartu behar dute zoriz; neska bakoitzari zinta bat dagokio eta horrela, bere zinta hartu duen mutilari neskak eskaintza edo gonbitea egin behar dio, neska eta mutilen arteko harremanak bideratzeko jolas moduan. Daniel nahiz Teresa eta Carmen jostundegian daude. Paulok etxera joateko esaten dio Danieli behin eta berriz baina Daniel uko egiten dio bortizki. Azkenean, Teresak lagunduta joatea onartzen du. Txoria iturri batetik ura edaten hasten da baina distira batek itsutu egiten du. Mintzoaren esana gogoratzen du: distira baten mendean geratzen denean, galdu egingo duela bere burua.

Hamargarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uda amaiera da. Txoriak Obabako plazako iturritik jostundegitik talde bat ateratzen ikusten du, Paulo eta Danielen etxerako bidean: Daniel eta Teresa (eskuei anitz eragiten dien neska, txoriaren hitzetan) alde batetik, eta Carmen (neska zatarra, txoriaren esanetan) eta Paulo (begizuloduna, txoriaren esanetan betiere). Carmen eta Paulo Danieli buruz ari dira hizketan: Daniel denbora guztian Teresaren atzetik dabilela eta arazoa konpondu ezinik, Carmenek Danielek zinta-jokoan parte har dezala proposatzen dio, Teresaren zinta bereganatu eta horrela asebete geratzeko. Horretarako, bizikletaz irakatsi behar dio. Danielena konpontzeko edozertarako prest dagoen Paulok onartu egiten du. Carmenek bera eta bere familiari egindako mesprezuak gogorarazteko aprobetxatzen du unea. Danielen etxetik bueltan, Carmenek bere plana proposatzen dio Teresari eta honek onartu egiten du, Carmenek horrela Daniel gainetik kendu eta maite duen Paulorenagako bidea zabalduko duela adierazi eta gero. Teresaren baiezkoa lortzeko, Paulok neska ederra dela esan diola aipatzen du, gezurra izan arren. Gero, eraztunari kolore eman beharra ere aipatzen dute, Paulok, eta Danielek gero, jakin dezaten jokoan zein den hartu beharreko zinta. Azkenean, Teresak Carmeni jokoan bere zinta jarri behar al duen galdetzen dio. Carmenek ezezkoa ematen dio, bere aurpegiko mantxarekin uzkurtuta, mutiletan ibili nahi ez duela aitzakitzat.

Hamaikagarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoerari buelta eman ezinik, bi anaiak trenak harrapatuta hil eta antzara bihurtzen dira, hegoalderantz abiatzen den saldo baten baitan. Eleberriko elementu fantastikoak animaliekin loturik daude beti. Eleberrian agertzen diren animaliak txoriak, kattagorriak, sugea eta antzarak dira.

Festa bezperan, zinta jokoaren arduradunari eman aurretik Paulori erakutsi nahi diola aitzaikitzat harturik, Carmenek zinta eraman eta hasieran zeukanaren ordez eraztun askoz ere txikiagoa jartzen dio, Danielek zinta eskuratzea zailagoa izan dezan. Azpikeria honen ondoren, Paulorenagan doa eta Danielek tira egin beharreko eraztuna beltza dela aipatzen dio. Paulok plana berresten du eta Carmeni zinta jarri behar al duen galdetzen dio. Carmenek bere zinta inork ez lukeela nahi eta benetan maite duen mutila beragana (Paulo, hain zuzen, aipatzen ez badu ere) inoiz ez dela etorri esanez erantzuten dio. Carmenen azpikeriaren arrazoiak agerian geratzen dira: Paulorekiko jeloskortasuna, Teresa dela eta. Biharamunean, zinta-jokoa ospatzen da: mutilak txandaka joaten dira eraztunak hartzen baina Danielen txanda denean, Daniel baldarki inguratu eta eraztuna hartzeko ahaleginetan erori egiten da bizikletatik, jendearen parre artean. Behin eta berriz saiatu arren, guztietan huts egiten du. Azkenean, beste mutil batek hartzen du eraztun beltza eta dagokion zinta. Danielek, bere onetik aterata, mutila jipoitu eta odoletan uzten du, jendeak mendean hartzea lortu arte.

Hamabigarren kapitulua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzara saldo bateko lehen antzarak sugea akabatzeko Mintzoaren agindua jasotzen du Obabatik pasatzean. Agindua bete eta bide batez, Paulo eta Danielen desagerpenaren berri jasotzen du herriko jendearen hizketak entzunda. Zinta-jokoaren ondoren, erretoreak Daniel etxean lotuta edukitzera behartu zuela aipatzen da horren arrazoi gisa. Herrian talde bat antolatzen da bi anaiak mendi eta basoetan bilatzeko. Teresa, ordea, ziur dago trenbidera joan direla eta hala adierazten dio Carmeni. Carmen susmo horren berri ematera joaten da besteengana. Antzarak hori entzunda, trenbiderantz abiatzen da eta bi anaiak ikusten ditu tunel baten parean zutik eta elkarri eskua emanda. Trenak harrapatu eta hil egiten ditu. Hilda, bi anaiak antzara bihurtzen dira eta antzara nagusiari jarraitzen diote zeruan.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.